Gertukoak oroitzeko gunea

Gertukoak oroitzeko gunea

Natalia Salazar Orbe

Hainbat sendi ibili dira asteon hilerrietako kaleetan gora eta behera, esku artean lore sorta, eta ontzi zein bestelako apaingarri koloretsuak zeramatzatela. Domu Santu egunaren bezpera egun horiek baliatu ditu Abadiñoko Udalak herrian egin duten Errautsen Lorategia aurkezteko. Hilerrian bertan hildakoen errautsak botatzeko gunea da. Mikel Garaizabal alkateak esan duenez, “oroimenerako sortutako gunea da, errautsek lurrarekin bat egingo duten ingurune eder eta zaindua”.

Gertukoak oroitzeko altzairuzko egitura bat osatu dute, eta gainaldean errekarri zuriak jarri dizkiote. Ia bost metro luze, 1,4 metro zabal eta 1,2 metro garai da Errautsen Lorategia. 32.000 euroko inbertsioa egin du udalak zerbitzu hori eskaintzeko.

Garaizabalek azaldu du era horretako guneren bat beharrezkoa zela: “Hainbat herrik arazo bera daukagu. Nitxoetan sartzen dira gorpuak, eta, handik urte batzuetara, familia askok arazoa dute, gorpu berriak sartzeko leku horiek aprobetxatu behar direlako. Beraz, lehendik zeuden gorpuak atera egin behar dira”. Hamabost edo hogei urteren bueltan egin beharreko operazioa da, alkatearen esanetan. “Gero familiei galdetzen zaie zer egin nahi duten gorpu horiekin: hezurtegira bota, etxera eraman edo zer”.

Hilerrian urteak daramatzaten gorpuentzako beste atsedenleku bat eskaintzeaz gain, aurrerantzean hiltzen direnentzako eta errausten dituzten gorpuentzako ere balioko du eremuak. “Nahi duenarentzako izango da, baina garrantzitsua iruditzen zitzaigun 15-20 urteren ostean nitxoetatik atera behar ziren gorpuen errautsak bertara botatzeko aukera ematea”.

Errausteak, gora

Batetik, nitxoetarako leku falta zuten; bestetik, “gero eta familia gehiagok” erabakitzen dute “senideen gorpuak erraustea”. Irtenbideren bat behar zuten herrian, eta Gasteizen ezagutu zuten sistema Abadiñora eramatea erabaki zuten. Altzairuzko azpiegituraren aldamenean, harri zurien gainerantz ura botatzeko aspertsoreak ditu egiturak. “Asmoa da errautsak botatzea harri artera. Agertzen diren senide eta lagunak atzerantz bota eta aspertsoreak martxan jarri behar dira. Ura ateratzean behe laino moduko bat aterako da. Horrek eragiten du harrietan geratu diren errautsak goitik behera filtratzea”.

Errauts guztiak azpiegitura jartzeko egin zuten zulo batera filtratuko dira. Hormigoiz zarratu zuten zulo hori, eta lurra bota bertara. “Errautsak lurrez betetako putzura doaz. Bertan geratzen dira denak”, esan du Garaizabalek. “Edukiera handia du, eta nahi beste errauts bota daiteke”.

Sistema horren bidez ingurumenean errautsek sor ditzaketen kalteak ere eragozten direla azaldu du alkateak. “Errautsak ezin dira bota edozein lekutara”, ekarri du gogora.

Errautsen Lorategiaren atzealdean granitozko harlauza bat jarri dute. “Bertan idatzi ahalko dira errautsak bota diren pertsonaren izen-abizenak. Hor geratuko dira oroimenerako”. Alkateak pauso garrantzitsua deritzo horri ere: “Ikusten genuen hilerrian hamabost edo hogei urte daramatzaten gorpuek ez zeukatela euren aitorpenik beste inon. Errautsak bertara bota eta granitozko harlauzan izenak jarriz gero, hor geratuko dira, betiko. Nahiz eta hil zirenetik urte asko pasatu, errautsak hor egongo dira, eta izen-abizenak ere jasota geratuko dira”. Edonoren esku jarri nahi dute aukera hori, “ez bakarrik gorpuak panteoietan dituztenentzako”.

Aurreikusi dute Errautsen Lorategia urtarrilerako egongo dela erabilgarri. Osoko bilkurak zerbitzuaren tarifak zehaztu eta onartu behar ditu zerbitzua martxan jartzeko. Garaizabalek iragarri du hileon edo datorren hilean egingo dutela hori. Orain arte herritarren harrera ona sumatu dutela dio.