“Ikurrina kendu zutenean irten, eta jarri zutenean itzuli nintzen Lekeitiora”

“Ikurrina kendu zutenean irten, eta jarri zutenean itzuli nintzen Lekeitiora”

Olatz Enzunza Mallona

Alfred Hitchcock zinemagile ezagunaren egun berean jaio zen Benito Ansola Erkiaga (Lekeitio, 1928), eta barre artean dio horregatik datorkiola zinemazaletasuna berari ere. 75 urte bete zituen arte herriko parroko izan da, baina haren bizitza ez da horretara mugatu: zinema irakasle aritu da urte luzez. Lekeitioko Euskal Zine Bilera jaialdiaren sortzaileetako bat izan zen, eta, oraindik ere, horri lotuta dago. Joan den astean egin zuten 45. aldia, eta, jaialdiak garai bateko “kutsu herrikoia galdu” duen arren, pozik dago daukan arrakastarekin.

Aittitta makurra filma estreinatu zenuen joan den astean Lekeitioko Euskal Zine Bilera jaialdian. 94 urte dituzu. Nola da posible? Ez duzu erretiroa hartzeko asmorik?

Nahi eta nahi ez, erretiratu beharko naiz laster… Aspaldiko kondaira bat da Aittitta makurra. Bizitzaz eta heriotzaz hitz egiten du, eta, gutxi gorabehera, banuen ideia bat filma nola osatuko litzatekeen. Lekeitioko bi mutiko niregana etorri ziren gomendio eske, eta elkarlanean osatu genuen ikus-entzunezkoa. Aktore gisa ere agertzen naiz: protagonista nagusi egiten den unea azaleratzen dut.

Nondik datorkizu zinemazaletasuna?

1936ko gerraren garaian, frankistak Lekeition sartu orduko, gure familiak Bilbora alde egin behar izan zuen. Iturburu kalean bizi ginen, eta, halako egunetako batean, aita preso hartu zuten. 10 urte inguru izango nituen orduan, eta egunero joaten nintzen Elkano kaleraino aitari jateko zerbait eramatera. Bidean hainbat zinema areto ikusten nituen: Salon Bizkaia, Ideales zinema, Coliseo Albia, Campos Eliseos, Trueba… Areto kanpoaldean kartelak egoten ziren jarrita, eta guretzat, beste entretenimendurik ez zegoenez, denbora pasatzeko aukera zen zinemara joatea. Western pelikulak ziren nagusi, eta hortik datorkit, nolabait, afizioa.

Lekeitioko Euskal Zine Bilera jaialdian estreinatu da filma. Eta, hain zuzen, zu izan zinen jaialdi horren sortzaileetako bat. Zer esan nahi du zuretzat filma jaialdi horretan estreinatzeak?

Euskal Zine Bilera sortu baino urtebete lehenago, Zestoan [Gipuzkoa] euskal zinemaren topaketak egiten hasi ziren. Hortik hartu genuen ideia. Lekeitiora etorri nintzenean, nire ikasle ohi batzuek esan zidaten ea zergatik ez genuen euskarazko zinemaren inguruko zerbait egiten, eta hala abiatu ginen.

Egun, euskara hutsean egiten den Euskal Herriko zinema jaialdi bakarra da Euskal Zine Bilera. Nola oroitzen dituzu hasierako urte horiek?

Zestoako topaketak 1991n amaitu ziren, eta, ordutik, euskarazko filmen jaialdi bakarra da Lekeitiokoa. Hasieran, zinemazaletasuna indartzeko asmoz antolatzen genuen jaialdia. Zerbait berria zen. Izan ere, kostaldeko jende askok zituen Super 8 kamerak, baina euren etxeetako ekitaldi garrantzitsuak grabatzeko baino ez zuten baliatzen aukera. Ilusioa piztu nahi genuen herrian, eta hori guztia euskaraz egitea zen baldintza.

Tartean, zu ere hasi zinen filmak egiten.

Jendea filmak egitera animatu nahi nuen, eta, hori lortzeko, ni neu hasi nintzen egiten. Nire lehen pelikula Huescako [Espainia] herritxo batean grabatu nuen. Hecho herrian. Urtero egiten nuen pelikularen bat. Ez ziren Hollywoodera bidaltzeko modukoak, baina trebatzeko aukera polita zen.

Nolako bilakaera izan du jaialdiak hasieratik gaur egunera?

Hasieran justu samar ibili ginen, baina, urterik urtera, gero eta ezagunago egiten joan da, eta orain oso jaialdi arrakastatsua da. Hala ere, gaur egungo jaialdiak eta guk egiten genuenak ez dute inolako zerikusirik. Lehen zeukan kutsu herrikoi hori galdu egin du, eta, ondorioz, indarra hartzen joan da pixkanaka.

Gaur egun, Lekeitioko Udalak antolatzen du jaialdia. Zu 30 urtez aritu zara antolaketa lanetan. Nolako lana zen?

Gogorra. Antolaketak lan asko eskatzen du. Udan izan ezik, barikuero biltzen ginen jaialdia antolatzeko: gutunak bidali behar ziren, programazioa osatu, diru laguntzak lortu… Beraz, 30 urte betetzearekin batera, erretiroa hartzeko ordua zela iruditu zitzaigun.

Baina, gerora, ez zen hala izan.

Hainbat elkarrizketa egin ondoren, alkateak deitu ninduen. Nekatuta nengoela esan nion, eta, aurrera jarraitzea nahi baldin bazuen, bi baldintza bete beharko zituela esan nion: idazkari bat lortzea eta diru kontuak eramateko pertsona bat izatea. Gaur egun, gutxi egiten dut.

Garai batean, zinema eskolak ematen ere aritu zinen Markina-Xemeinen. Nolatan sortu zitzaizun aukera hori?

Zinema oso gustuko dudanez, eskolako zuzendariak esan zidan ea zergatik ez nituen zinemagintzari buruzko klaseak ematen. Horri buruz informatzen hasi nintzen, eta hiru udaz joan nintzen Donostiara zinemagintzari buruzko ikastaro batzuetara. Bertan ikasi nuen zinema zer den, eta haren atzetik zegoen guztia. Zinema eskolak ematen genituen lehenengotarikoak izango ginen, ziurrenik. Ikasleek John Ford deitzen ninduten. Ez haren antza dudalako, baizik eta eskoletan askotan aipatzen nuelako haren izena.

Zineforuma ere egiten zenuen han. Jendeak orduan bazuen zinemazaletasunik?

Bai, jendeak bazuen interesa, eta pozik etortzen zen. Filma aurkezten genuen lehenengo, elkarrekin ikusten genuen ondoren, eta, azkenik, bakoitzak bere iritzia botatzen zuen. Zineklub batean egiten den bezalaxe. Gerora, Markina-Xemeinen ez ezik, beste leku batzuetan ere antolatzen hasi ginen. Besteak beste, Mutrikun [Gipuzkoa], Lekeition, Gernika-Lumon…

Forumean ikusteko filmak nondik lortzen zenituen?

Bilbora joaten nintzen pelikulen bila. Hainbat estudiotan izaten nintzen, eta bertatik lortzen genituen filmak.

Zein eratako filmak ziren?

Denetarik zegoen. Gehienak, klasikoak ziren, eta asko eta asko oraindik ere ematen dituzte telebistan. Pelikula onak ziren.

Benito Ansola

Lekeitioko Euskal Zine Bilera jaialdian, 1981ean. Benito Ansola, 1981eko Euskal Zine Bilera jaialdian, sari bat ematen. Beste batzuekin batera, jaialdiaren sortzaileetako bat izan zen Ansola. / Euskal Zine Bilera

Aktore gisa ere ibili zara; Mikelen heriotza filmean parte hartu zenuen, esaterako. Nolako esperientzia izan zen?

Lekeitioko mutil bat etorri zitzaidan, elizan grabatu nahi zutela eskatuz. Zinemazalea naizenez, baiezkoa eman nien birritan pentsatu gabe eta gainerako abadeei galdetu gabe. Erraztasun asko eman nizkien. Grabaketa egunean jendez lepo zegoen eliza. Aktore donostiar bat zen abade rola egiten zuena, eta nik abade laguntzailearena egin nuen. Baten batek protesta egin zuen, ea nola onartu nuen halako film batean parte hartzea, baina tira.

Eta dokumental bitako protagonista ere bazara: El tesoro de Benito eta joan den astean estreinatu zen Benitoren bizitza maitasunaren indarrez lanetakoak. Zer esan nahi du zuretzat zuri buruzko lanak egiteak?

Mikel Zarate abadeari buruzko dokumental batean parte hartu nuen, eta orduan ezagutu nuen Josi Sierra. Hark niri buruzko dokumental bat egiteko proposamena egin zidan, eta nik baiezkoa eman nion. Hasieran pentsatu nuen nire bizimoduari buruzko lana izango zela, baina nik egindako filmei buruz hitz egiten dugu El tesoro de Benito dokumentalean. Bestea, berriz, desberdina da. Nire bizitzaren zentzua du hizpide, eta nire inguruko lagunak eta senideak agertzen dira hizketan. Asko gustatu zait. Baina Sierra oso baikorra da, eta hirugarren atal bat egiteko asmoa ere badu, El Padrino filmak bezala…

Hala ere, ofizioz abadea zara. Zein izan da zure ibilbidea?

13 urterekin sartu nintzen seminarioan, Bergaran [Gipuzkoa]. Handik Gasteizera joan nintzen, Humanitateak ikastera. Horren ondoren, hiru urte Filosofia, eta, gero, lau urte Teologia. 1953an egin nintzen abade. Etxebarrira bidali ninduten, eta, han urte eta erdi eman eta gero, Markina-Xemeingo Barinaga auzora bidali ninduten. 1968-1969ko urteetan Ekuadorrera joan nintzen, misioetara, eta, hona itzulitakoan, zazpi urte egin nituen Markina-Xemeinen. Handik Lekeitiora bidali ninduten. Xelebrea da: ikurrina kendu zutenean irten ginen Lekeitiotik, eta ikurrina jarri zutenean itzuli nintzen.

Betidanik izan duzu argi abade izan nahi zenuela?

Bai, txiki-txikitatik. Pentsa, etxean, nire arrebekin eta euren lagunekin, meza ematen nuen, prozesioak egiten genituen… 13 urterekin joan nintzen seminariora. Urte guztia igarotzen genuen bertan.

Egun, nola ikusten duzu Eliza? Haren etorkizunak kezkatzen zaitu?

Kristautasunak iraun, iraungo du, baina beste modu batera. Eliza asko aldatu behar da. Karl Rahner teologoarekin bat egiten dut etorkizunaren inguruan hausnartzean. Honako hau esaten zuen: “Etorkizuneko kristaua mistikoa izango da, edo ez da izango”. Kristau izatea bizi egin behar da, esperimentatu. Jainkoarekin hartu-emana izan behar duzu, baina baita inguruko jendearekin ere: lagundu, maitatu, entzun… Zoriontsuak izan behar gara. Horixe da Jainkoak nahi duena.

Abade eta zinemagintza ere uztartu izan dituzu. Barinagan parroko egon zinenean, esaterako, zinema bat sortu zenuen.

Bai. Abade etxean egongela txiki bat zegoen, eta hamasei milimetroko makina bat erosi genuen filmak ikusi ahal izateko. Laurogei bat eserleku jartzen genituen, eta, negu partean, domeka guztietan ematen genuen pelikula bat. Jendea oso pozik etortzen zen.

Eta, gaur egun, zinemazalea zara oraindik ere?

Bai, bai. Egun Bilboko egoitza batean bizi banaiz ere, nire ilobek txoko bat prestatu didate, eta bertan ikusten ditut pelikulak.