Harrerarako aterpea behar dute

Harrerarako aterpea behar dute

Natalia Salazar Orbe

Atxondo Harrera Herria plataformako kideak kanpatuta daude herriko udaletxearen azpiko arkupeetan. Joan den urriaren 6an udalak jakinarazi zien ezingo zutela gehiago erabili ordura arte zerabilten Axpeko aterpetxea. Migratzaileei harrera eman eta inklusioa bermatzeaz gain, beharra duten familiei, Elikagaien Bankuarekin elkarlanean, elikagaiak banatzeko zerabilten, hain justu, aterpetxea. Migratzaileetako batzuen etxea ere bazen. Konponbide baten zain, udaletxe azpian kanpatuta daude orain. Atxondoko Udalak erabakia arrazoitu du, esanez eraikinak ez dituela betetzen bizigarritasun baldintzak.

Atxondo Harrera Herria plataformak ez zuen begi onez hartu udalaren erabakia. Taldeko kide Garazi Magunagoitiak azaldu duenez, “zerbait topatu arte beste alternatiba bat emateko” eskatu zioten udalari: “Bestela, kalean geldituko ginen, eta duinagoa iruditzen zitzaigun han geratzea, kalean baino”. Euren jardunarekin jarraitzeko beste aukeraren bat behar dutela diote. Gainera, euren laguntza jaso duten migratzaileak herrian errotuta daudela adierazi dute; besteak beste, eskola graduatua eskuratzeko ikasten ari dira.

Bilera Jaurlaritzarekin

Udalak prentsa ohar bidez iragarri zuen asteon Eusko Jaurlaritzako Immigrazio Zuzendaritzarekin batzartuko zirela, aterpetxean bizi ziren migratzaileak “birkokatzeko” helburuarekin. Hala ere, Bizkaiko Hitza-ri aurreratu zion herrian bertan ez dutela proiektuari jarraipena emateko lekurik; beraz, “Atxondotik kanpo” topatu beharko dute beste lekuren bat.

Udalak esan du 500.000 euroko inbertsioa egin behar dela eraikinean azpiegitura egungo beharretara egokitzeko. Magunagoitiak zalantzak azaldu ditu: “Gure zalantza eta Hamadako Izarrak elkartearena [Saharako haurrak udan Euskal Herrira ekartzeko lan egiten duen elkartea] da udan bertan egon direla ume sahararrekin, eta etxea hain txarto egon bada, zelan utzi diguten egoten bertan”. Plataformako beste kideetako Leire Azkargortak zehaztu du udalari eraikinaren inguruko txostenari buruzko informazioa eskatu ziotela urriaren 17an egin zuten batzarrean: “Ez zekiten noizko egongo zen prest. Bi egun geroago, ordea, bazekiten 500.000 euroko obra bat behar duela etxeak. Txostenari buruzko informazioa eskatu genien, beste bilera bat egin nahi genuela adierazi genien, eta erantzunaren zain gaude oraindik ere”.

Udalak esan du aterpetxea itxita eta hutsik zegoela irailetik. Eraikinean zeuden arazoengatik kexa ugari jaso ostean, “ikuskapena eta ondorengo txostena” egin zituzten. Eta ikuskapenak “gomendatzen zuen eraikina itxita mantentzea”. Egoera hori konpontzen saiatu direla esan du, eta horren ondorio dela “Jaurlaritzaren konpromisoa lortzea”.

Plataformakoek presente egon nahi dute udalak Eusko Jaurlaritzarekin egingo duen batzarrean. Aterpetxeko egoiliar izan direnen iritzia ere entzuteko eskatu dietela azaldu du Azkargortak: “Gaiari buruz eurekin berba egin beharko dutela esan genien. Ez dira merkantzia bat”. Gainera, harrera proiektua “bizirik” mantendu nahi dutela esan du: “Zer gertatzen da kalean dauden beste pertsonekin? Harreran orain zazpi mutil daude, baina bertatik jada hogei pasatu dira. Batzuek lortu dute asilo politikoa, beste batzuek beraien bidaia jarraitu dute Atxondon atsedena hartu ondoren”. Magunagoitiak dio orain arteko lanarekin jarraitu ezin izateak kezkatzen dituela: “Udalarekin lanketa bat egin eta beste aukera bat lortzeko aukerarik ere ez emaztea da gure beldurra”.

Kezka eta beldur horren guztiaren aurrean, herritarren babesarekin eskertuta daude Atxondo Harrera Herrikoak. “Herria oso ondo erantzuten ari da”, adierazi du Magunagoitiak. Besteak beste, udaletxe azpiko arkupean kanpatuta dauden migratzaileei jatekoa eraman diete egunotan.