Burdin Aroko egunerokoaz

Arratzun dago Arrolagune, Arrolako ‘oppidum’-aren interpretazio zentroa. Burdin Aroko Urdaibaiko bertako bizilagunen bizimodua ezagutzeko aukera ematen du.

Natalia Salazar Orbe

Duela 2.300 urte inguru Urdaibain bizi zirenen ohiturak, heriotzari lotutako errituak eta haien egunerokoa ezagutzen laguntzeko interpretazio zentroa da Arrolagune; hain zuzen, Arrolako oppidum-aren interpretazio zentroa da, eta Arratzun dago. Zentroak hainbat baliabide ditu Burdin Aroko eguneroko hartara gerturatzeko. Besteak beste, hobi baten eta benetako neurrian egindako etxebizitza baten erreplikak dituzte. Horrez gain, paneletako informazioaren bidez, garai hartan murgildu ahalko dira bisitariak.

Arrolaguneren ideia 2013an sortu zen. Urte hartan, Arrolako oppiduma, herrixka indigena bat Urdaibain erakusketa hartu zuen Bilboko Arkeologi Museoak. Erakusketa bukatu zenean, Arratzuko Udalak interesa agertu zuen, eta Bilboko erakusketarako sortu ziren materialak herrira eraman zituzten. Gaur egun, Arratzuko kultur etxean ikus daitezke Bilbotik eraman zituzten material haiek guztiak. Oppidum-a ere herrian bertan egonik, kokapen egokitzat jo zuten Arratzukoa, haren interpretazio zentroa ere badela kontuan hartuta. Nueva Europa S. L.-k diseinatu eta sortu zuen erakusketa, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ondare Historikoa zerbitzuak aginduta.

Arrolari lotuta

Arrolako oppidum-a 534 metroko garaieran dago, eta Arrola mendiaren gain osoa hartzen du. Burdinazko bigarren Aroko herrixka gotortu bat da. K.a. IV. mendetik —erromatarrak iritsi baino hainbat mende lehenago— K.o. I. mendera arte okupatuta egon zen. Nueva Europa enpresakoek bisita gidatuak antolatzen dituzte, eta, azaldu dutenez, kastro horretan “komunitate oso bat” bizi zen, “euren ondasun eta ganaduekin. Gizarte indigena bat izan zen, hierarkizatua, eta defentsarekin oso kezkatuta zegoen”.

Zortzi hektareako gunea babesten duen hesi handi batek inguratzen zuen gotortutako herrixka. Bestalde, kanpoaldean babeserako beste bost hektareako esparru bat ere bazuen.

Arrolagunen garai hartarako bidaia proposatzen diote bisitariari. Arrolako oppidum-a goreneko mailan zegoenean bertako bizimodua eta inguruak zer-nolakoak ziren ulertzea nahi dute erakusketaren bidez.

ARRATZU TURISMO GIDA

Arrolagunen sartu bezain laster ikus daitezkeen panelek kastroen nondik norakoak azaltzen dizkiete bisitariei: zer-nola eta zergatik sortu zituzten, zein ingurutan ziren ohikoak eta zer-nola aldatu zen garai hartako populazio eredua. Lehen azalpen horien ostean, Arrolako oppidum-a ulertzeko ibilbidea egingo du bisitariak. Bide horretan sartzen direnek indusketa eta ikerketa lanen lehen faseak ikusi ahalko dituzte. Besteak beste, eraikuntzen egituren konplexutasuna ikusi ahalko dute: oppidum-ak zituen “defentsarako azpiegitura izugarriak” eta haiei buruzko informazioa aurkituko dituzte. Eta, errepliken bidez, mendeetan atzera bidaiatuko dute.

Bertan aurkitu daitezkeen edukien zorroztasun historikoa nabarmendu dute Nueva Europako kideek, eta erakusketak dibulgaziorako duen helburua azpimarratu. Bestalde, esan dute ilustrazioen eta bestelako elementuen “edertasuna eta errealismoa” urteetako indusketa arkeologikoen eta ikerketa lan handiaren ondorio direla.

Domeketan bisita daiteke Arrolagune. Eta zentroaz arduratzen denak bisita gidatuak eskaintzen dizkie bisitariei. Arrola —oinez— eta Arrolagune, biak batera ikusteko aukera eskaintzen duten bisitak ere badaude. Azaroaren 13an egingo dute era horretako hurrengoa.