Azken hiru hamarkadetako handiena

Azken hiru hamarkadetako handiena

Ibai Maruri Bilbao

Urriaren 23a, San Severino jaietako egun handia Balmasedan. Dena prest dago 50. Putxeren Nazioarteko Lehiaketarako. Baina udalak muturreko erabakia hartu behar izan du: jaia bertan behera geratu da, haize oso zakarrak eta inguruko basoetan isiotutako suak eragindako arriskuagatik. Ia ezinezkoa da arnasa hartzea, eta sua kontrol barik hedatzen ari da haizeak indartuta. Herrigunea ez dago arriskuan, baina hamazazpi lagun euren etxeetatik atera behar izan dituzte. Hiru baserri erre ditu suak; ez zen inor bizi. Beste etxe batzuetan kalteak eragin ditu. Sute arriskuagatik alerta ezarria zuen Eusko Jaurlaritzak, eta asmatu zuen Enkarterrin. Aste osoan egon da arrisku hori, eta hurrengoan ere egongo da. Azken hiru hamarkadetako suterik handiena izan da Bizkaian.

Kostatuta ahaztuko dute Balmaseda, Zalla eta Gordexola aldean domeka, astelehen eta martitzen artean bizitakoa. Domeka goizean piztutako sua biharamunean lortu zuten kontrolatzea, Artziniegara (Araba) eta, batez ere, Valle de Menara (Burgos, Gaztela eta Leon, Espainia) ere hedatu ondoren. Eguaztenean itzali zuten, baina kontrol lanetan dabiltza oraindik. 441 hektarea erre ditu Bizkaian. Beste eskualde batzuetan ere sumatu zuten hasieran Balmasedako kea eta erre usaina; Plentzian, berbarako.

Ohi baino handiagoa

1989ko abenduko sute izugarrietan, 29.000 hektarea erre ziren Bizkaian: 17.176, basoa ziren. Kopuru aldetik, adierazgarria da haren eta oraingoaren arteko aldea —azken bi suterik handienak—. Baina, orduko hartan, Bizkai osoan hedatu zen sua; orain, leku bakarrean izan dela nabarmendu du Carlos Uriagereka diputazioko Baso Zerbitzuko buruak. Esan du harrezkero Bizkaiak estatistika onak izan dituela, salbuespenak salbuespen. 2002an, 680,65 hektarea erre ziren, hainbat sutetan. 2015eko abendu bukaeran, gau bakar batean, berrehun hektarea, Berangon. 2019ko martxoan, 110 hektarea, Muskizen. Gainontzekoan, azken hiru hamarkadetan urtean berrehun hektareatik behera erre dira. Ez da sute handirik egon. Beraz, Enkarterriko honek urte onen segida apurtuko du.

Orain arte, 2022a ondo joan da Bizkaian, inguruko lurraldeetan ez bezala. Irailera arte, 47,47 hektarea baino ez dira erre, 22 sutetan. Eremurik handiena, gainera, irailean bertan Zallako La Herrera inguruan: hogei hektarea baso. Hain zuzen, han kostatu zaie gehien egunotan sua itzaltzen. Aspaldiko partez, beraz, eskura dituen baliabide guztiak mugitu behar izan ditu aldundiak. Astelehen goizaldean, kasurako, ehun bat langile ibili ziren beharrean: Basalaneko beharginak, basozainak, diputazioko Baso Zerbitzuko langileak eta foru suhiltzaileak. Arabako, Burgosko eta Bilboko suhiltzaileen laguntza ere izan zuten, eta, astelehenetik aurrera, baita Espainiako Gobernuarena ere.

Balmasedako sutea

Uriagerekaren esanetan, sute guztietan sua hedatzen laguntzen duen faktore bat egoten da: leku malkartsua dela, sikatutako landaredia ugari egon dela, haize gogorrak jo duela… “Oraingo honetan, zalantza barik, haizea izan da oztopo nagusia. Batez beste, orduko 120 kilometroko abiaduran jo izan du”, zehaztu du. Domekan, haizeak eragotzi zien aireko baliabideak erabiltzea, lana zailago eginez. Soilik lurretik egin behar izan diote aurre suari. Astelehenean, ostera, haizea nabarmen lasaitu zen, eta Espainiako Gobernuaren canadair motako bi hegazkin eta helikoptero sua itzaltzen ibili ziren inguruan, Aire Armadako militarrek gidatuta.

Elixabete Etxanobe Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatua eta Amaia Antxustegi Iraunkortasuna eta Ingurune Naturaleko diputatua Balmasedako, Zallako eta Gordexolako alkateekin elkartu dira, kalteen inguruko lehen balorazioa egiteko. Egunak beharko dituzte zer erre den eta zer galdu den zehatz jakiteko; batez ere, Zalla eta Balmasedako udalen eta foru aldundiaren jabetzako basoak erre dira. Ingurua 2024rako lehengoratu nahi du diputazioak. Zona horretan bizilekua zuten, besteak beste, galzorian dagoen sai zuriak eta bisoi europarrak.

Ez dago argi zerk isiotu zuen. Ikerketa zabalik dago, baina Ertaintzako Ingurumen Atalak, diputazioko Baso Zerbitzuko teknikariek eta argindar konpainiak uste dute argindar lineara eroritako adar batek eragin zezakeela, eta hori da orain hipotesi nagusia. Izan ere, domekan arazo itzelak sortu zituen haizeak Bizkaian: 307 gertaera zenbatu zituzten SOS Deietan. Arbolak erori ziren, aldamioak askatu, edukiontziak hegaz atera eta aireportuan 22 hegaldik arazoak izan zituzten.