Adinekoen zaintzaileentzako exoeskeletoak probatuko dituzte

Adinekoen zaintzaileentzako exoeskeletoak probatuko dituzte

Natalia Salazar Orbe

Gerrialdeko min zehaztugabea oso ohikoa da, eta bereziki fisikoki esfortzu handiak eskatzen dituzten lanbideetan dihardutenengan gertatzen da. Besteak beste, pisu handiak lekualdatu behar dituztenengan. Mendekotasun egoeran dauden pertsonak artatzen dituzten profesionalen lan arriskurik garrantzitsuenetako batzuk izan ohi dira gehiegizko esfortzu horiek. Bereziki, adinekoen egoitzetako laguntzaile soziosanitarioengan gertatzen da. Hala azaldu du Bizkaiko Foru Aldundiak. Objektu geldoen ordez pertsonak mugiarazi behar dituztenentzako arrisku hori txikitzea zailagoa den jakitun, garabi, ohe artikulatu eta antzekoez harago jo dute, eta zaintzaile horientzako exoeskeleto sistema bat probatuko dutela iragarri du aldundiko Gizarte Ekintza Sailak.

Hain zuzen, Bizkaiko Foru Aldundia eta EHU lehenengoz ari dira ikertzen exoeskeletoen eraginkortasuna, mugitzeko arazoak dituzten adinekoak artatzen dituzten laguntzaileen artean muskuluetako lesioak eragozteko. Lesio horiek langile mota horren %40ri erasaten dietela azaldu dute. Proiektuan Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeko (GUFE) Lan Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak eta egoitzetako adinekoekin lan egiten ibilbide luzea egin duen EHUko Ageing On ikerketa taldeak dihardute. Ikerketan Leioako adinekoen foru egoitzako 27 profesionalek hartuko dute parte.

Hamabi hilabeteko proba

Joan den barikuaz geroztik dago martxan proiektua. Exoeskeleto eredurik egokienak aukeratu zituzten, eta Leioako egoitzako langileak horiek probatzen hasiak dira. Hamabi hilabeteko proba egingo dute, eta, horretarako, egoitzako langileak bi taldetan banatu dituzte. Talde bateko langileek exoeskeletoa erabiliko dute, eta beste taldekoek, berriz, ez. Urtebeteko proba epea igarotzen denean, adituek aztertu egingo dituzte aurrez definituta dauden parametroak eta ebatziko dute exoeskeletoak erabili dituzten langileen datuak erabili ez dituztenenak baino hobeak diren. Parametro horiek maila fisikoa zein psiko-afektiboa hartuko dituzte kontuan.

Emaitzak onak badira, era horretako ekipamenduak beste egoitza batzuetara zabaltzeko asmoa ere badute. Horrez gain, etxez etxe lanean diharduten profesionalei eta etxean mugitzeko arazoak dituzten senideak dituztenei ere zabaldu nahi diete aukera.

Joan den astelehenean aurkeztu zuten proiektua, Bilbon. Bertan izan ziren Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatua; Maialen Aiestaran EHUko Ageing On ikerketa taldeko kidea, eta talde bereko Fisiologia katedradun Jon Irazusta. Gorka Moreno EHUko Bizkaiko campuseko errektoreordea ere han izan zen.

Zaintza hobetzea helburu

Murillok azaldu zuenez, iraupen luzeko zainketak hobetzea zaintza lan horiek egiten dituztenak zaintzea ere bada, eta, horretarako, teknologia aplikatu dute: “Zaintzen dutenak zaindu behar dira: egoitzetan lan egiten duten profesionalak. Sektore honetan inoiz aplikatu ez den teknologia garatzen ari gara: testatzen, probatzen eta baliozkotzen, hobeto zaintzeko. Aurrerapen zientifiko eta teknologiko guztiak iraupen luzeko zainketetan txertatzearen aldekoa da gure apustua”.

Irazustaren esanetan, exoeskeletoen helburua da gerrialdeko lesioak eragoztea. Horretarako, mugitzeko arazoak dituzten adinekoak artatzeko egin beharreko esfortzu fisikoa murrizten du: “Mugimendu bat egiteko erabili beharreko energia %45 murriztea ahalbidetuko du”, esan du. “Adinekoentzako egoitzetan lan egiten duten osasun laguntzaileen mina lanorduetan prebenitzeko egiten den exoeskeletoen erabilerari buruzko lehen ikerketa da hau”. Orain artean beste arlo batzuetan aztertuak zirela esan du Irazustak, hala nola “industria alorrean, abeltegietan eta aireportuetan”.

Mila euro inguru balio dute exoeskeletoek. Eskalada egiteko arnesen antzekoak dira, eta motxila baten antzera jarri behar dira. Gerrira lotzen dira banda baten bidez, eta beste birekin, ipurmasailetara. “Atzeko bi banda elastikoak tenkatu egiten dira erabiltzen duenak gorputza makurtzen duenean. Jaso beharrekoa altxatzean, bandetan bildutako energia askatu egiten da, eta gutxitu egiten du gerrialdeko karga; eta, luzera begira, jarduera hori egunero egiteak dakarren nekea ere bai”, azaldu du Aiestaranek aurkezpenean, funtzionamenduaren berri ematean.