LABek zazpi greba egun deitu ditu Bizkaiko zahar etxeetan

LABek zazpi greba egun deitu ditu Bizkaiko zahar etxeetan

Olatz Enzunza Mallona

“Egoitzetako egoera itogarria da, eta egungo ratioak jasanezinak dira”. Hala laburbildu du Bizkaiko zahar etxeetako egungo errealitatea LAB sindikatuak. Azkenaldian, langileen egoerak “okerrera” egin duela salatu dute: “Gure adinekoek logela partekatu behar dute, eta, beraz, intimitatea galdu; ez zaie eguneroko dutxa ziurtatzen, ez zaie gosaria edo afaria ordu onargarrietan ematen, fardel aldaketak edo jarrera aldaketak berandu egiten dira batzuetan…”. Oro har, “nazkatuta” daude zahar egoitzetako langileak, eta, egoera salatzeko, LABek zazpi greba egun deitu ditu hemendik eta abendura bitarte.

Zehazki, Bizkaiko Foru Aldundia eta zahar egoitzetako patronala jarri ditu jomugan: “Patronalak eta aldundiak uko egin diote negoziatzeari, eta sektoreko hitzarmenaren mahaia blokeatu dute”. Egoerari aurre egiteko, hainbat eskakizun egin dizkiete sindikatuko langileek. Besteak beste, erretiroen alde egitea, ordezkapenak lehen egunetik egitea eta lan osasunari buruzko neurriak hartzea. Baita langile publikoen lan baldintza berberak izatea ere: “Gure lan berbera egiten duen langile publiko batek baino %50 gutxiago kobratzen dugu. Gainera, azken bi urte hauetan erosahalmena galdu dugunez: hilean 300 euro inguru pobreagoak gara”.

Greba deialdi horien bitartez, “borroka ziklo berri bat” zabalduko dela adierazi du LAB sindikatuak, eta, hori gauzatzeko, helburu jakin batzuk zehaztu dituzte: besteak beste, Bizkaiko egoitzetako langileak aktibatzea, antolatzea eta ekarpenak egitea; aldundiaren eta patronalaren aurkako presioa eta salaketa areagotzea; eta zerbitzua publifikatzea.

Bide horretan, batasun sindikalaren alde egin du, eta gaineratu aliantza sindikalak eta mugimendu sozialak “ezinbestekoak” direla: “Ez diogu inolako biderik ixten sektoreko langileen kolektiboa indartsuago bilakatuko duen edozein agertokiri”.

ELA ere kexu da

ELA sindikatuak hilaren 4an, 5ean eta 6an jo zuen grebara, lan itunaren negoziazioa desblokea zedila eskatzeko. Orain urtebete egin zuten lan hitzarmen berria negoziatzeko azken bilera patronalekin, baina, sindikatu haren arabera, “blokeatuta” dago Bizkaiko zahar etxeetako lan gatazka: “Soldatak izoztuta dauzkagu duela bi urtetik, eta, soilik KPIa kontuan hartuta,%16 galdu dugu erosahalmenean. Langile gutxiago dago, ez da ordezkapenik egiten, azken urtean ez gaituzte negoziazio mahaira deitu… Soilik borrokak lor dezake egoera hau desblokeatzea”, dio ELAk. Langileek bi urte inguru daramatzate lan ituna berritu gabe, eta azken hilabeteetan hainbat greba egun egin dituzte.

ELAk ere eskaera jakinak egin dizkio aldundiari. Besteak beste, erosahalmena bermatzea, berdintasun planak eta kontziliazio neurriak bideratzea, ordezkapenak lehen egunetik egitea, lanaldi osoko behargin gehiago jartzea eta enplegua egonkortzea. Hala ere, LABen antzera, ratioak jaistea eta langile gehiago kontratatzea dira gaur-gaurkoz ELAren eskaera nagusietako. “Benetako urratsak egin behar dira pribatizatu gabeko egoitzetako langileekin parekatu ahal izateko”, jakinarazi du. Izan ere, 150 zahar etxe baino gehiago daude egun Bizkaian, baina soilik hamabi dira guztiz publikoak, udalek edo diputazioak zuzenean kudeatutakoak.