Ahanzturatik salbatu dute

Ahanzturatik salbatu dute

Olatz Enzunza Mallona

Isilik eta lurpean egon dira orain arte Pedro Asua Zubiaur galdakoztarraren gorpuzkiak. 1938ko otsailaren 7an fusilatu zuten, 21 urte zituela, epaitegi militar frankista batek heriotza zigorra ezarri ondoren. Ordutik, Jakako hilerrian (Aragoi, Espainia) egon da lurperatuta, baina senideek egindako ikerketa lanei esker, haren gorpuzkiak aurkitu dituztela esateko “zantzu handiak” daudela aurreratu du Galdakaoko Udalak. Aspaldi hasi ziren Asuaren senideak eta Galdakaoko Udala gorpuzkiak berreskuratzeko lanetan, baina joan den asteburua Jakan igaro ondoren, azkenean, desobiratu dituzte haren gorpuzkiak izan daitezkeenak. DNA probaren zain daude orain, eta Aranzadi zientzia elkartea arduratuko da emaitzen berri emateaz.

Josu Larreak, Pedro Asuaren iloba txikiak, 2005ean izan zuen lehenengoz bere osabaren gertaeren berri. Familiak bazekien Asua fusilatu egin zutela, baina askoz gehiagorik ez. Ordutik, bilaketa lanetan ibili da, Paco Etxebarria auzi medikuaren laguntzaz. 1936ko gerra hasi zenean, borondatezko soldadu bilakatu zen Asua, Espainiako Errepublikaren bandoan, eta 1937ko ekainean atxilotu zuten, tropa frankistek Bilbo hartu zutenean. Handik, Jakara eraman zuten bortxazko lanak egitera, eta hilabete gutxi geroago exekutatu zuten, auzitegi militar batek epaitu eta gero. Galdakaoko Udala 2019an hasi zen galdakoztarraren gorpuzkiak herrira bueltatzeko lanetan.

Joan den urteko azaroan jarri zen lehenengoz Asuaren familia Jakako Udalarekin harremanetan: haren gorpuzkiak aurkitu, eta lurpetik ateratzeko tramiteak egiteko eskatu zuten. Ostean, bilera bat egin zuten abenduan, eta ordezkari guztiak elkarlanerako prest agertu ziren; besteak beste, Galdakaoko eta Jakako udalak, Asuaren senideak eta Aranzadi zientzia elkartea.

Desobiratze lanak

Desobiratze lanak pasa den asteko ostegunean abiatu zituzten Jakako hilerrian. Aranzadiko lantalde bat aritu zen desobiratze lanetan, Lourdes Herrastiren zuzendaritzapean; baina, horiez gainera, bestelako ordezkari batzuk ere agertu ziren hilobira; haien artean, Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea, Ander Aperribai historialaria, Jakako udal ordezkariak eta Josu Larrea Asuaren iloba gazteena.

“Zantzu guztien arabera”, Asuarenak izan daitezkeen gorpuzkiak aurkitu dituztela aurreratu du Galdakaoko Udalak. Hala ere, ziurtasuna areagotzeko, lagina jaso du Aranzadik. DNA proba bizirik dagoen senitartekorik gertukoenaren laginarekin alderatuko dute: Begoña Larrea Asuaren ilobarekin, hain zuzen.

Hilerriko erregistroko datuak eta Jakako Circulo Republicano taldeko hainbat kideren lanak abiapuntutzat hartuta aurkitu dute gorpuzkia, eta ohartu dira Asuarenez gainera beste gorpuzki batzuk ere badaudela. Erregistro liburuaren arabera, Asuaren aldamenean beste gizonezko baten gorpuzkiak daude, eta, haren jarraian, baita beste birenak ere. “Azken bi horiek bata bestearen gainean zeuden, jaurtiak izan ziren seinale”, jakinarazi du Galdakaoko Udalak.

Pedro Asuaren desobiratzea

Emaitzen esperoan

Oraingoz, DNA probaren emaitzen zain geratu dira familia eta Galdakaoko Udala, eta, proba horrek ez badu senidetasuna baztertzen, Galdakaoko hilerrira eraman ahal izango dituzte gorpuzkiak: “Posible baldin bada, gune berezitu batera”. Gainera, Galdakaoko Udalak kolunbarioa eta Memoria Gunea eraikitzeko gogoa ere erakutsi du azkenaldian. Memoria Gunea Galdakaoko Elexalde auzoan sortzea da asmoa, hilerriaren inguruan.

Oro har, egindako lana “emankorra” izan dela azaldu du Galdakaoko Udalak: “Zirkulua itxiko delakoan gaude”. Baina, era berean, gertaera hori “abiapuntu bat” ere izango dela uste du: “Gainontzeko fusilatuen senideei ate bat zabaldu zaiela iruditzen zaigu”. Izan ere, Jakan desobiratze bat egin den lehenengo aldia izan da, eta bidea ireki diezaieke hilerriko hobi komunetan lurperatuta dauden gainontzeko fusilatuen senideei. Datuen arabera, laurehun pertsonatik gora daude Jakako hobi komunetan lurperatuta.