Merindadeko parlamentua

Lehenago ere merindadeko herritarren bilgune zen, baina XVI. mendean hasi ziren elkartzen Durangaldeko hamabi elizateak Abadiñoko Gerediagako foru zelaian.

Ibai Maruri Bilbao

Batzar Nagusiek Gernika-Lumon egiten dituzte osoko bilkurak, arbolapean, Antiguako Amaren zin elizan. Baina, urtean bitan, Avellanedan (Sopuerta) eta Gerediagan (Abadiño) elkartzen dira, garai batean Enkarterriko eta Durangaldeko merindadeko ordezkariak elkartzen ziren batzar etxeetan. Gerediagan hilaren 26an egingo dute foru aldundiaren kontrol saioa.

1875ean foruak indargabetu zituztenetik, bertan behera utzita zeuden tokiok, hondatuta. 2003an berritu zituzten San Salbatore eta San Klemente baseliza eta haren aurreko foru zelaia, Gerediagan. Orduan hasi ziren Bizkaiko Batzar Nagusiak ermitan biltzen. Baina, berez, toki hartan merindadeko batzarrak egiten zituzten, Gerediaga elkarteko historialari Imanol Toberak azaldu duenez.

Ermitaren aurreko foru zelaia zen batzar lekua: hamabi harriz osatutako zirkulu bat da, eta erdian beste bat du. Erdikoan esertzen den Bizkaiko jaun edo andrearen ordezkari zen merioa, eta bueltan, hamabi elizateetako ordezkariak: Abadiño, Berriz, Mallabia, Iurreta, Mañaria, Garai, Zaldibar, Arrazola, Axpe, Apatamonasterio, Izurtza eta San Agustin Etxebarriakoa. Azken hori 1630. urtean Elorriok anexionatu zuen arte. “Elorrio eta Durango ez ziren batzarretara joaten, ez zirelako elizate, hiribildu baino. Beste jurisdikzio bat zuten. Hamalau herrien batzarra egiten zen noizean behin, eta haietara bai joaten ziren hiribilduak ere”.

Zelaian, panel informatibo batzuetan, Imanol Larrinaga irudigileak egindako irudiak daude, eta haien bidez ezagutu daiteke batzarren funtzionamendua, ordezkarien janzkera zelakoa zen, kronologia… Datu garrantzitsu bat falta da: noiz hasi ziren bilkurak egiten Gerediagan. “Ez dakigu. Elizateetan eta haien artean horrelako bilkurak egitea normala zen. Baina ez dugu topatu horiek noiz hasi ziren jasotzen duen agiririk”. Toberak azaldu duenez, 1053. urtean, San Agustin Etxebarriakoaren sorrerari lotuta, aipatzen dira Durangoko konde batzuk: Munio Sanchez eta Leguntia Etxebarria. “Pentsa dezakegu Durangaldea ordurako bateratuta zegoela”. Merindadearen lehen aipamen idatzia XIII. mendeko Nafarroako testu batean ageri da, baina ez dakite agiri hori benetakoa den.

Gerediaga

Zergak eta mugak

Durangaldeko merindadeak jurisdikzio berezia zuen. Bizkaiko Batzar Nagusietan ere ordezkaritza zuten arren, merindadeko gaiez eztabaidatzeko eta erabakitzeko leku berezia izaten zen Gerediaga. Zergen inguruko eta lurren eta mugen inguruko eztabaidak izaten zituzten. “Bizkaiko jaunaren mende daude; ez dira independenteak, baina autonomia zuten”. Azaldu duenez, besteak beste, Enkarterrin, Arratian eta Busturialdean ere ezagutzen dira merindadeko batzarrak, baina Enkarterriko eta Durangaldeko batzar etxeak baino ez dira iritsi gaur egunera.

Hasiera batean herritar guztiek zuten joateko ahalmena. “Sekulako liskarrak sortzen ziren, eta XVI. mendetik aurrera erabaki zen elizate bakoitzetik ordezkari bana bidaltzea. Orduan definitu ziren gaur egun ezagutzen ditugun merindadeko batzarrak”. Ordukoa da egungo ermita ere.

Toberaren esanetan Durangaldean ere “ezezagunak” dira Gerediagako batzar etxea eta merindadearen historia, erakunde “garrantzitsua” izan zen arren. Zelaia nork bere kasa bisitatu dezake, baina ermitara ezin daitekeen sartu. Gerediaga elkarteak bisita gidatuak antolatzen ditu. Berbarako, Ondarearen Europako Jardunaldietan, urriaren 23an batzar etxea bisitatzeko aukera egongo da, 11:00etan.

Gerediaga