Helena Taberna: “Euskal andre zuzendarientzat itxaropen garai bat da”

Helena Taberna: “Euskal andre zuzendarientzat itxaropen garai bat da”

A. Igartua Aristondo

1990eko hamarkadaren erdialdean hasi zen zinemagintzan Helena Taberna (Altsasu, Nafarroa), eta, besteak beste, genero indarkeria eta errefuxiatuak agertu ditu bere filmetan. Zinemakumeak gara jaialdiak bere ibilbideari aitortza egingo dio aurten: Simone de Beauvoir sarietako bat emango diote, eta atzera begirako bat emango dute.

Nola jaso duzu albistea?

Ilusio handia egin dit. Garai ederrean harrapatu nau, berri onak baititut nire azken proiektuaren inguruan: Bilbon errodatzen hasiko naiz laster. Eta euskal emakume zinemagileentzat itxaropen eta estimulu garai bat ere bada, urte askoren ostean ikusten ari delako emakumeen begirada euskal zineman. Gainera, amaren eskutik izan nuen Simone de Beauvoirren berri; gaztetan, Beauvoir iruditzen zitzaidan talentudun eta adimendun emakume bat, ez zuena erraztasunik eduki sortzaile izateko. Amak bultzatu ninduen zinemagile izatera.

Zu hasi zinenean, zer toki zuten emakumeek zineman?

Lehen aldiz pentsatu nuenean zuzendaria izan nintekeela, erreferenteen artean Pilar Miro zegoen, baita Iruñeko Golemean egiten zen Zinema eta Emakumea erakustaldia ere. Kurioski, aurten Agnieszka Hollandi eman diote Zinebiko Mikeldi saria, eta iaz Margarethe von Trottari eman zioten; hain zuzen, bi egile horiek Iruñeko ziklo hartan ezagutu nituen. Gustatzen zaidan zinema da, istorio hunkigarriak kontatzen dituena, eta hausnarrarazten dizuna.

Egoera aldaketa hori oraingoa da edo aspaldikoa?

Nik beti izan dut feminismo neurekoi bat: hau da, pena eman izan dit beti galtzen egotea gizartearen erdiaren talentua. Literaturan kontatzen zen mundua begirada femeninotik, baina zineman oso zaila zen. Eta, ondorioz, CIMA sortu genuen 2006an, zinemako eta ikus-entzunezkoetako andreen munduko lehen elkartea. Momentu hartan magma bat zegoen; Emakumea eta Zinema zikloetan ezagutu genuen zinema interesgarria, eta haietan erakutsi genituen gure lehen lanak. Nik bideoan egin nituen lehenak; orduko hartan, anatema bat zen zuzendarientzat, uste baitzen ekoizpen denak izan behar zirela zeluloidearekin eginak. Denborak arrazoia eman digu.

Zer-nolakoa da esku artean duzun proiektua?

Zerikusia du hasieratik jorratu nahi izan dudan gai batekin, nahiz eta nire zinemak ukitu dituen kontu garaikide garrantzitsuenak, beti ikuspuntu feminista batetik. Orain, maitasunean murgildu nahi nuen. Proiektuarekin nenbilenean, Isaac Rosaren Final feliz irakurri nuen, eta hain hunkitu ninduen asko, iruditu baitzitzaidan material ona izan zitekeela istorioa kontatzeko. Hitz egin nahi dut egungo garaiek maitasun harremanetan duten eraginaz: nola eragiten duen bikoteengan bakoitzak kobratzen duena, genero berdintasunak, lan banaketak… Hitz egin nahi dut Internet bidezko harremanez… Jorratu nahi ditut maitasunaren eta haren galeraren gai eternoari gehitu zaizkion elementuak.