Egiak eta gezurrak sortzeko memoria

Azken denboraldi honetan ez zaizkit inporta ahazten zaizkidan gauzak, ahaztea bera baizik. Ondo ulertzen ez ditudan arrazoiengatik egin beharrekoak burutik desagertzen direnean, pentsatzen dut egiten ez ditudanak ez direla hain garrantzitsuak izango. Ala une horretan eskura ez ditudan baliabideentzako ordezkoa topatzen dut bizitzaren etengabeko mugimendua gelditu gabe. Batzuk betirako egongo dira galduta, nonbait gordeta une egokiaren zain. Behar ez ditudanean agertzen zaizkit besteak.

Memoria hitz totemikoa bilakatu den aro honetan, haria duten bi deialditan ikusi dut murgilduta nire burua azken hilabetean. Bietan, bata Barakaldon eta bestea Enkarterrin, atzera begira hori aitzakia da proposamen berriak egiteko, bietako itua berbera ez bada ere.

Tamara Garcia Iglesias eta Sara Berasaluce Duque arte komisarioak, Emakumea, makina eta lantegia egitasmoan, hamaika artistari artxiboetako argazkiak eman dizkie, eta hortik aurrera egile bakoitzak bere sormen lanaren barnean eraikitzen du errealitate berri bat. Aurrera begira luzatzen dute erronka, nolabait esateagatik beste narratiba baten bila abiatzen dira.

Kolitzapeko eremuan, ordea, eraikin bat berrerabili nahi dute memoria aipatuta. Baina iruditzen zait eroso egiten zaien eremua, estetikoa, goraipatzen dutela, denbora zehatz batean mugatuta geratzen baita, urteak dituen eraikinak beste garairik bizi izan ez balu bezala, bere memorian, gizakionean bezala, epe ezberdinak ez baleude bezala, garaikidea izan dugun aroa kontakizun horretatik kanpo geratzen baita.

Bi helburu zeharo ezberdinak dituzte. Bata iraganari lotuta baina etorkizunari begira, memoria eta sormenaren arteko uztarketan. Bestea gezurretarako aproposa, fokuak hartzen duen lanaren arabera. Artistak narratiba berriak sortzen ari diren bitartean, erakundeak finkatu nahi du bere ikuspegia.

Halako argazkiak zein halako eraikinak begien aurrean baditut, oroitzapenak etortzen zaizkit burura, halako gaiak nire bizitzako esparru ezberdinak zipriztindu baititu. Esaterako, karrera oso bat egin nuen papera eta kartoiekin, gehienetan zaramatik hartuta, Enkarterri zein familia ulertzeko ezinbestekoa baitzen La Papeleraren eragina aztertzea. Aitite 12 urtekin erakarri zuen lantegiaren adarrak nola antolatzen zuen bizitza ikusi baitugu, txandaka lan egiten zuen langileriaren bizimodua, baita gure familiena eta auzokideena ere, beti baitzegoen baten bat lo egiten gaueko txandan indartsu aritzeko.

Oroitzapenak hemerotekak bezain partzialak dira, gertatzen zaigunari ez baitiogu leku bera gordetzen, eta gogoratzen dugunari ez baitiogu balio bera ematen. Enkarterriko artista bezala hartzen banaute, komunikazioa bi norabidetan eskatzen dut, baina ez da heltzen. Gainetik kotoi harroa pasatu nahi diguten arren, arrakasta batek ezin du zipriztindu porrotez beteriko ibilbide oparoa.