Urtarrilera bitarte dute getxoztarrek HAPOari alegazioak jartzeko epea

Urtarrilera bitarte dute getxoztarrek HAPOari alegazioak jartzeko epea

Ibai Maruri Bilbao

Getxoko Udalak HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokor berriaren dokumentua onartu du. Udal gobernuak nabarmendu du Azkorri zaintzearen aldeko apustua egin dutela, besteak beste. 4.601 etxebizitza berri eraikitzea ere jaso dute, “gazteen etxebizitza beharrizanei erantzuna emateko”. Gobernuaren (EAJ eta PSE-EE) aldeko botoekin, PPren abstentzioarekin, eta EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen aurkako botoekin onartu da. EH Bilduk aurkeztutako osoko zuzenketa eta Elkarrekin Podemosen 34 zuzenketa partzialak ez dituzte onartu. Joan den barikuan egin zuten bozketa, ezohiko osoko bilkuran. Urriaren 15etik urtarrilaren 15era bitartean, hitzaldiak eta azalpen saioak izango dira auzoetan, herritarrek plan berria ezagutu eta, nahi izanez gero, alegazioak aurkez ditzaten.

Amaia Agirre alkatearen esanetan, HAPOak “hiria erakargarri egiteko garrantzitsuak diren hiru printzipio nagusi nahasten ditu: bizi, lan egin eta gozatu”. Azkorriri eman nahi dioten babesa azpimarratu du, bereziki. Hainbat eragilek aspalditik egindako aldarrikapenari udalak emandako erantzuna da; Azkorri Bizirik talde ekologistak eskatu izan du Gorrondatxe hondartzaren inguruak babesteko plan integral bat behar duela. Inguru hartan, bada, ez da jarduerarik egingo, dagoenean mantendu ahal izateko. Ezta Bolue aldean ere. Bi inguru horiek dira udalerriak dituen baliabide ekologiko nagusiak, floraren eta faunaren aldetik.

EH Bilduk ez du babes hori ikusi: “Gure ingurune naturala txikitzen du. Getxori geratzen zaizkion azken berdeguneekin amaituko du, babestu beharrean”, salatu du Nerea Guijarrubia EH Bilduko zinegotziak. Oro har, planaren asmoak onartu ditu, baina ez hark jasotakoa: “Diskurtsoa erosten dizut, baina ez testua”, esan dio Agirreri.

Baserria eta lehen sektorea

Horrez gainera, alkatearen arabera, HAPO berrian Andra Mari auzoa “babestuko eta arautuko” da, “etxebizitzek eta baserriek lege babesa izan dezaten, eta baita ingurune naturalak ere”. Inguruan eraiki ahal izango diren etxebizitzen kopurua mugatu du planak: 3.239, fase bitan. Ibarbengoa, Muru eta Galeatik gertuen dagoen gunea etxebizitza, parke eta ekipamendu berriekin osatuko dituzte.

Osoko bilkuran izan ziren herritarren artean, Andra Mari auzoko bizilagunak ere egon ziren. Txarretsi zuten planak ez duela jasotzen “lehen sektoreari buruzko aipamen bat bera ere”. Dena den, begi onez hartu dute Martiturri inguruan ekonomia berdeari lotutako enpresa gune bat sortzeko asmoa.

PPko zinegotzi Eduardo Andraderen arabera, plan horrek ez ditu beteko Andra Mari Gure Lurra elkartearekin hartutako konpromisoak. Alkatearen arabera, “plana egiteko hamarkada bat baino gehiagoko administrazio izapideak egin behar izan dira, eta herritarrek parte hartze handia izan dute”. Gaineratu du plana “irekita” dagoela oraindik, eta alegazio faseak iraun bitartean bizilagunek “hobetzeko” aukera izango dutela.

EH Bilduren ustez, “eraikitze enpresen interesetan oinarritutako” plana da: “Promozio urbanistiko berriak zehazten ditu, besterik ez. Horren adibide dira Tosu, Santa Marina, Dilizgoikoa, Zubileta, Dendariena…”. Gainera, iruditzen zaio baserri ugari “interes espekulatiboen mende” geratuko direla, “jauregiak babesten diren bitartean”.

Elkarrekin Podemoseko zinegotzi Carolina Uribek uste du etxebizitza politiketan “aurreko planak zituen akatsak” errepikatuko dituela berriak; haren esanetan, aurrekoak “biztanleria gaztea galtzea” ekarri zuen, “luxuzko etxebizitza garestiak” sustatu zituelako. Uriberen ustez, planak ez du “etxebizitza eskuragarria” eta gizarte alokairua bermatzen: “Ez du gazteriaren aldeko apusturik egiten; beraz, ez die erantzunik ematen Getxok dituen etorkizuneko erronkei”.

Bestelako jarduera batzuk ere jaso dituzte planean. Besteak beste, Martikoenako bulegoak Aiboara eramango dituzte. Hiri konexio irisgarria ere bermatuko da, Portu Zaharretik San Nikolasera. Trinitarioen gunea biziberrituko dute. Aurreikusi da uholde arriskuko gunean dauden Zubileta eta Areneazpiko etxebizitza guztiak lekuz aldatzea eta ordezko etxebizitza bat ematea jabeei. Gobela ibaiak kalte egindakoen elkarteak uste du egingo diren lanek uholde arriskua handituko dutela, “70.000 metro koadroko eremua asfaltatuko delako, drainatze jasangarriaren politikei jarraitu ordez”.