Industriaren gomutagarri

Ekainean ireki zuten Orkonera-Lutxana Bilduma, EAEko industria ondare higigarriaren zentroa, Barakaldon. EAEko industriaren historia erakusten duten 1.800 pieza ikus daitezke bertan.

Natalia Salazar Orbe

EAEko industria iraultza eta haren historia hobeto ulertzeko, Orkonera-Lutxana EAEko industria ondare higigarriaren zentroa zabaldu dute oraintsu, Barakaldon. Makinak, lanabesak, tresnak, planoak, maketak eta antzeko elementuak baliatuta, “bisitarientzako murgiltze esperientzia” bat sortu nahi izan du Eusko Jaurlaritzak bertan.

Garai bateko industria ondarea jasotzen duen egoitza ez da museo bat, ezta interpretazio zentro bat ere. Amaia Apraiz gidariak azaldu duenez, “biltegi edo gordailu bat da, eta Eusko Jaurlaritzaren mendeko kultura erakunde iraunkor eta ireki bat”.

1.800 pieza inguruk osatzen dute erakusketa. Materialak askotarikoak dira, gehienak XX. mendekoak; eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ia sektore guztiak daude ordezkatuta: besteak beste, arte grafikoak, meatze industria, energia, metalurgia, makina-erreminta, elikadura eta ontzigintza. Horien artean daude Artiach galleta lantegiko kakaoa egiteko txokolate makina bat, Lube motozikleta eta Gasteizko Ajuria enpresako garia jotzeko makina.

Ekainean ireki zuten egoitza, eta bisitatzeko beharrezkoa da aurretik ordua eskatzea. Apraiz da bisita horiek gidatzen dituen teknikarietako bat, eta Orkonera-Lutxanara joateko deia egin du, bertatik bertara ezagutzeko gordeak dituzten objektu horiek guztiek kontatzen duten “istorioa, bakoitzak bere nortasuna edo izaera baitu”. Barikuero “zer edo zer berezia” aipatzen dute. Bertan ikus daitezkeen hiru pieza nabarmendu ditu.

Objektu horietako bat “Leitzarango zentral hidroelektrikoko sinkronizatzailea” da, Andoaingoa (Gipuzkoa). “Pieza honen bidez energia elektrikoaren eta industria iraultzaren arteko harremana islatzen da. Siemens-Halske enpresak egin zuen. 1965era arte funtzionatu zuen, eta Cementos Rezola fabrikarako eta Tolosa-Donostia tranbiarako argindarra sortzen zuen”.

‘Euzkadi’-ren errotatiba

Bestelako sektore batekoa da Euzkadi egunkariarena izandako errotatiba. “Gaur egungo gizartean hedabideek daukaten garrantzia ulertzeko balio du”, adierazi du Apraizek. “The Gross Press konpainiak egin zuen, XIX. mendearen amaieran, eta Chicagotik ekarri zuten 1918an”. Lehen Mundu Gerra bukatu ostean iritsi zen Euskal Herrira: “Randolph Hearstek [kazetari eta enpresari estatubatuarra] EAJren Euzkadi egunkariari oparitu zion. Geroago beste komunikabide batzuek ere erabili zuten, hala nola Hierro egunkariak”.

Naval enpresako suhiltzaileen kamioia ere nabarmendu du Apraizek. “Ez da oso ezaguna Naval ontziolak suhiltzaileen kamioiak egin zituela XX. mendearen hasieran. Kamioi horietako oso gutxi kontserbatu dira, eta bat Orkoneran dago”.

Ekainaz geroztik Barakaldoko Orkoneran ikus daitezke objektu horiek guztiak, baina Zorrotzaurren zeuden lehenago, Bilbon. Apraizek adierazi du lekualdaketa onerako izan dela: Orkonerako pabiloia “oso argitsua” da, eta piezak “era erakargarrian” jarrita daude. “Bestalde, orain ordenatuago daude, tematikoki kokatuta: energia, siderurgia, automozioa…”, gaineratu du.

ORKONERA

Orkoneraren hastapenak

Industria birmoldaketaren ondorioz euskal industriaren zati handi bat galtzeko arriskua zegoela ohartu zirenean sortu zen bilduma gordetzeko ideia. 1980ko hamarkada zen. Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, industria ondare hura gal ez zedin, makinak, objektuak, materialak, piezak tresnak, koadroak, planoak eta liburuak batzen hasi ziren. Beraz, “bilduma euskal industriaren historia dokumentatzen duten piezak eskuratzeko prozesu luze baten emaitza da”, zehaztu dute. Bilduma Zorrotzaurreko Kontsoni lantegian egon da 2002tik orain gutxira arte. 2017an, Europako Kultura Ondarearen jardunaldiak zirela eta, bisita gidatuak antolatzeari ekin ziotenean zabaldu zuten horiek ikusi eta ezagutzeko aukera.

Orkoneran ez daude industria sektore guztiak ordezkatuta, baina bai adierazgarrienak, Eusko Jaurlaritzak zehaztu duenez. Hain zuzen, bereziki bi sektore hartu zituzten aintzat bilduma eratzeko orduan: siderometalurgia eta energia, bi horiek ez direlako landu EAEko industria arloko museoetan.