“Elkartearen balioak lantzeko tresna izan nahi dugu Abadiñon”

“Elkartearen balioak lantzeko tresna izan nahi dugu Abadiñon”

Olatz Enzunza Mallona

Zelaieta, Traña-Matiena eta Gaztelua auzoetako herritar talde batek sortu du Isiotu kultur elkartea, Abadiñon. Igor Galarza Intxausti (Abadiño, 1998) elkarteko kidearen arabera, “hainbat mugimendutako” partaideak elkartu dira bertan, baina denek dute helburu bera: herria aktibatzea. Urtea amaitu aurretik kultur jarduerak martxan jartzeko asmoa dute, eta, horrez gainera, gune bat ere zabalduko dute, “espazio euskalduna, euskaltzalea, feminista eta ezkertiarra” izango dena. Joan den astean aurkeztu zuten proiektua, Abadiñoko Txanporta kultur etxean.

Isiotu kultur elkartea sortu duzue Abadiñon. Nolatan kultur elkarte bat?

Herrian, orain arte, nolabaiteko hutsune bat zegoela sentitu izan dugu, zerbait falta zen irudipena izan dugu; baina, duela gutxira arte, ez gara konturatu zer zen falta zen hori. Pandemia garaian, horren inguruan bueltaka aritu ginen, eta konturatu ginen herria aktibatu behar dela: tabernetako terrazetatik altxatu, eta herritarrak mugiarazi behar zirela. Zerbait egiteko gogoa geneukan, kultur ekitaldiak antolatzekoa: kontzertuak, berbaldiak, erakusketak, liburu aurkezpenak… Izan ere, ez zegoen herri osoarengan eragina zuen kultur elkarterik, ez espaziorik. Duela bi urteko ideia zoro hori joan den ekainean berraktibatu genuen, eta, tramitazio guztiak egin ondoren, joan den astean aurkeztu genuen proiektua herritarren aurrean.

Zer da proiektuaren bitartez lortu nahi duzuena?

Herria batzea, batetik; elkarte guztiak lankidetzan aritzea. Eta, herrian kultura aktibatzea, bestetik. Abadiñon gauzak martxan egotea falta da. Uda aurretik, esaterako, metal festibal bat antolatu zuten, eta oso harrera ona izan zuen. Halako ekitaldien bitartez ikusten da gauzak antolatuz gero, herriak erantzun egiten duela. Baina horixe da arazoa: ez dela ezer antolatzen. Gure helburua, beraz, egitasmoak antolatzea izango da, eta herritarren aldetik harrera ona izanez gero, ondo baino hobeto.

Nortzuek osatzen duzue Isiotu kultur elkartea?

Oraingoz, zazpi kide gara, baina bakoitzak bere ibilbidea dauka. Bakoitza herriko auzo batean jaiotakoak gara, eta, horrez gainera, gutako bakoitza hainbat mugimendutan sartuta dago. Mugimendu feministako kideak dira batzuk, mugimendu euskaltzaleetan sartuta daude beste batzuk, preso eta iheslarien aldeko mugimenduetan, txosna batzordean, sexu askapenaren aldeko mugimenduetan… denetarik dago. Hala ere, aurrerantzean espero dugu gero eta gehiago izatea elkartean eragiten duten herritarrak.

Gune bat sortzea da zuen helburuetako bat. Zer-nolako espazioa izango da?

Gure asmoa da elkartearen balioak lantzeko eta kultur ekitaldiak aurrera eramateko gune bat zabaltzea. Espazio euskalduna, euskaltzalea, feminista eta ezkertiarra izatea gurako genuke. Kontua da taberna bat alokatzeko aukera sortu zaigula, eta kostu ekonomikoak nahiko jasangarriak eta arrazoizkoak direla. Hortaz, asmoa da aste bitartean hainbat elkarteren topagune izatea, eta askotariko tailerrak, mahai inguruak, bilerak… antolatzea bertan; eta, eguenetik domekara bitarte, berriz, taberna moduan funtzionatzea. Denetarako lekua egongo da, betiere ahaztu gabe kultur elkarte baten espazioa dela.

Horretarako, baina, bidelagunen beharra duzuela azpimarratu duzue sare sozialetan eta aurkezpenean. Nola lortuko dituzue bidelagun horiek?

Herritik sortu den proiektu bat izanda, gu geu izango gara hasierako bultzadan laguntzeko herritarren bila joateko ardura izango dugunak. Baina, horrez gainera, kanpaina ekonomiko bat ere jarriko dugu martxan, Itsulapikoa.eus edo Goteo.org atarian. Herritar bakoitzak nahi edo ahal duen ekarpena egingo du, eta hala, era batera edo bestera, eurak ere elkartearen parte direla sentituko dute.

Halako kultur elkarte baten falta egon da Abadiñon?

Bai. Elkarte batena ez ezik, baita espazio batena ere. Orain arte, tabernak ziren herritarron topaleku, baina, orain, hori kulturarekin uztartu nahi dugu. Tresna bat izan nahi dugu, eta, kultur ekitaldien bitartez, feminismoa, euskaltzaletasuna, sexu askapena eta elkartasuna landu nahi ditugu. Garrantzitsua da herritarrei halako eskaintza bat ematea. Izan ere, Abadiñon ez dago horrelakorik gaur egun.

Aurrera begira, baduzue zerbait esku artean?

Oraingoz, nahiko lan izango dugu espazioa behar den moduan antolatzen. Datozen hilabete eta erdian tabernari garbiketa sakon bat eman beharko diogu, eta, gerora, guk gura dugun moduan atonduko dugu. Hortik aurrera hasiko gara lanean, eta herria pixkanaka-pixkanaka aktibatzen. Hala ere, espero dugu urtea amaitu aurretik martxan jartzea. Isiotu kultur elkartea herriko erreferentzietako bat izatea gustatuko litzaiguke, baina, horretarako, espazioa ondo antolatu behar dugu lehenengo.