Bermeoko hizkera “indartzeko” ‘Eingule?’ egitasmoa abiatu dute

Bermeoko hizkera “indartzeko” ‘Eingule?’ egitasmoa abiatu dute

Olatz Enzunza Mallona

Aspaldion kezka bihurtzen ari den errealitate batetik abiatuta, Eingule? lehiaketa jarri du martxan Bermeoko Udalak. Herriko hizkerari “indarra eta prestigioa” ematea da asmoa, Maite Zarate udaleko euskara teknikariak eta zerbitzuburuak jakinarazi duenez: “Berezia da gure herriko hizkera, eta ikara barik, konplexu barik eta harrotasun handiz erabili behar dugu”. Hizkera ez ezik, Bermeo eta bermeotarren identitatea zabaltzea ere bada helburuetako bat, eta jolasa erabiliko dute hori lortzeko: “Herritarrek ondo pasatzen duten bitartean lehiaketak haien artean euskararen erabilera sustatzen lagundu dezakeela uste dugu”. Abenduaren 3ra bitarte, edonork izango du parte hartzeko aukera.

“Bermeoko hizkera gure nortasunaren parte da, baina erabilerarako motibazioa sustatu gura dugu, eta, aldi berean, gure berbakerari balioa eman gura diogu”, adierazi du Zaratek. Udaleko Euskara departamentuko kideek antzeman dute Bermeon azkenaldian euskararen erabilera “nabarmen” jaitsi dela: “Alde dezente dago euskararen ezagutzatik erabilerara. Euskaraz hitz egiteko gogoa badago, baina bultzada bat eman behar zaio”. Eta, hain zuzen, egoera hori iraultzen saiatzeko asmoz jarri dute martxan egitasmoa. 2018-2022 urte arteko Euskara Plan Estrategikoko proiektu bat da.

Astelehenean hasi zuten

Joan den astelehenean abiatu zuten lehenengo lehiaketa, eta herritarrek astebeteko epea izango dute galderak erantzuteko. Datozen zortzi asteetan ere dinamika bera errepikatuko da: astelehenetan jarriko dute martxan lehiaketetako bakoitza.

Parte hartu nahi duen orok Eingule.bermeo-euskaraz.eus webgunean sartu beharko du jokatu ahal izateko, eta, horrez gainera, Whatsapp bidez ere zabalduko da lehiaketan parte hartzeko esteka. Gainera, Instagram eta Twitter kontuak ere zabaldu dituzte, “herritarrei informazioa errazteko asmoz”. Aste bukaeran, berriz, saria eskuratuko du puntu gehien eskuratu dituen herritarrak. “Sari asko eta onak” egongo direla aurreratu du Zaratek, eta guztiak tokiko eragileek prestatutakoak izango dira.

Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, abenduaren 3an amaituko da Eingule? egitasmoa. Lehiaketa herrikoi batekin emango diote amaiera zortzi asteko txapelketari, Bermeoko Kafe Antzokian. Parte hartzaileek banaka zein taldeka jokatzeko aukera izango dute, eta, bukaeran, lehiaketako irabazleek hainbat sari eskuratuko dituzte: besteak beste, herriko komertzioetan kontsumitzeko erosketa txartelak eta eskaladan, piraguan eta padelean ibiltzeko bonuak. Horrez gain, gazteentzako photocall bat ere jarriko dute antzokian bertan.

Elkarlanean sortutako proiektua dela azpimarratu du Zaratek, eta, tokiko eragileez gainera, euskara teknikariak gogoan eduki gura izan ditu proiektuaren hasierako lanetan ibili ziren herritarrak ere. Guztira, zazpiehun galderako zerrenda bat osatu dute elkarlanean. Horiek guztiak erabiltzea, baina, ezinezkoa izango da aurtengo aldian, eta hurrengo aldiren baterako gordeko dituzte.

Ikastetxeak ere elkarlanean

Herriko gaztetxoenen arreta lortzeko, herriko ikastetxeetara ere zabaldu du kanpaina udalak. Herriko lau ikastetxeei —San Frantzisko Herri ikastetxea, IES Ignacio Arozena-Benito Barrueta BHI institutua, Eleizalde ikastola eta Sagrado Corazon ikastetxea— lanketa bereziak egiteko proposamenak luzatu zaizkie, eta horiek guztiak egitasmoak irauten duen zortzi asteetan landuko dira. Irakasleen lana goraipatu nahi izan du Zaratek: “Kanpaina honen bitartez, eurak izango dira ikasleak motibatzeko lana hartuko dutenak, eta ziur gaude gazteak lehiaketara hurbiltzeko balioko duela”.

Jokoaz gain, pertsonaia bat asmatu dute lehiaketari “nolabaiteko testuingurua” emateko asmoz: Juan Lebatz. “Goizetik gauera bere bizimodua aldatu gura duen pertsonaia da Juan Lebatz, eta, umorearen bitartez, bere bizipenei jarraitzera animatuko ditu herritarrak. Betiere, Bermeoko berbak eta esaerak abiapuntutzat hartuz”, kontatu du Zaratek. Lau ataleko websail bat izango da, eta, udalerriko berbak aitzakiatzat hartuta, kale elkarrizketak izango dira nagusi. Herritarren partaidetza sustatzea lortu nahi dute.