Sabairik gabe daude oraindik

Sabairik gabe daude oraindik

Natalia Salazar Orbe

Hilabete joan da jada Bilboko Aste Nagusi betean sute batek Zazpikaleetako bi eraikin hondatu zituenetik. Epalza Alargunaren kaleko 9. eta 10. zenbakietako azken solairuak sabairik gabe utzi zituen, eta hala daude orduz geroztik. Sutea zerk eragin zuen ebatziko duen txostenaren zain daude Bilboko Udala eta kaltetutako eraikinetako bizilagunak. Adituen txostenak ondorioztatuko du nork egin behar dien aurre konponketa lanen gastuei. Bien bitartean, hainbat bizilagun daude oraindik etxera itzuli ezinda, eta aseguruekin borrokan. Kaltetutako etxeetakoak ziur daude su festek eragin zutela sutea. Hura piztu eta hurrengo egunean, Juan Mari Aburto alkateak adierazi zuen ezin zela esan su festen ondorio izan zela.

GERTAKARIAK. Sutea Aste Nagusian

Abuztuaren 27a zen, zapatua. Aste Nagusiko azken orduak zukutu nahi zituen jendez lepo zegoen Areatza. Epalza Alargunaren kaleko 9. zenbakiko bizilagunek zehaztu dutenez, eraikineko bizilagun batek 112 zenbakira deitu zuen 23:06an, teilatuan garrak agertu zirela ohartarazteko. Ordurako, argindarra joana zen eraikinean. Bizilagunak bere etxeko fusibleak aztertu zituen, eta kalera atera zen begiratzera ea beste eraikinetan argirik zuten. Orduan ikusi zituen garrak. Sutearen ondorioz, kale horretako 8., 9. eta 10. zenbakietako bizilagunak etxetik atera zituzten, eta handik gertu zeuden hainbat txosnatan zebiltzan herritarrak ere aterarazi zituzten. 03:00ak aldera itzali zuten sutea.

KALTETUEN SUSMOA. Su festek eragina

Bizilagunek hasiera-hasieratik pentsatu zuten su festek eragin zutela sutea. Epalzaren Alargunaren kaleko bizilagunen komunitateko presidenteak dio —ez du izenik eman nahi— su festek “15-20 minutu” irauten dutela. “22:50erako bukatuta egongo ziren, eta 23:06rako gure eraikineko bizilagunak abisua emana zuen, etxeko buelta guztiak egin ostean”.

Horrez gain, gogora ekarri du lehenago ere izan dela sustoren bat: “Beti hartzen ditugu [su festen] hondarrak teilatuetatik, bai gurean, baita Esperanza kalean ere. Arduradunek badakite hori. Neuk deitu izan dut COVID aurreko urte batean sute txiki bat ikusi nuelako aurreko teilatuan. Esperanza kaleko teilatuan zegoen. Oso txikia zen, eta berez amatatu zen, baina Udaltzaingoari deitu nion. Suhiltzaileek badakite zer dagoen. Guk argi daukagu, baina hori frogatu egin behar da”.

Bilboko Udalak Bizkaiko Hitza-ri adierazi dio eurek ez dutela hipotesirik egingo: “Ikerketak zehaztuko duenaren zain gaude”. Hala ere, sutea gertatu eta hurrengo egunean Aburto alkateak esan zuen sutea “su festak izan eta ordu erdira” piztu zela, “suak jada batuta zeudela”. Kazetariek zuzenean galdetu zioten ea su festen ondorio izan zitekeen. “Ezin zaie su festei zuzenean egotzi, eta inork ez daki zergatik piztu zen sutea. Esan dezakeguna da suaren ibilbidea su festenen oso desberdina zela, eta orduko hiru kilometroko haizea zebilela”, erantzun zuen alkateak.

IKERKETA. Adituen txostenen zain

Bilboko Udalak azaldu du “laster” egongo dela prest sutea zerk eragin zuen ebatziko duen txostena. “Ikerketa Ertzaintzak darama. Suhiltzaileek txosten bat egin dute, eta, besteak beste, Ertzaintzari eta aseguru etxeei aurkeztuko diete”.

Epalzaren Alargunaren kaleko 9. eta 10. zenbakietako bizilagunek ere “abokatu bat eta suteen ikertzaile bat” kontratatu dituzte. “Haren ondorioen berri ere ez daukagu”, esan du komunitateko presidenteak.

KALTEAK. Bi etxe, teilaturik gabe

Bost solairu dituzte Epalza Alargunaren kaleko 9. eta 10. zenbakietako eraikinek. 9. zenbakiko azken solairuak izan zuen kalterik gehien, bertako bizilagunek azaldu zutenez: “Erabat hondatuta geratu da, teilatua erreta, etxebizitza aire zabalean dago eta bertako familia ezingo da etxera itzuli hilabeteetan. Gainerako etxeak kaltetu ziren, gehiago edo gutxiago, sutea itzaltzeko erabili zuten uragatik eta beroaren ondorioz urtu ziren hodietatik atera zen urarengatik”.

Hasier Goikolea 10. zenbakiko bosgarren solairuko bizilaguna da. Ganbararekin batera, etxea eraberritu berria zuen sutea gertatu zenean. “Obra ia amaituta zegoen. Detaile batzuk bakarrik falta ziren. Bi astean sartzeko asmoa neukan”, kontatu du. Bere etxean eta eraikinean kalte ugari egon direla azaldu du: “Nire etxeak teilatura ematen du, eta teilatuaren metro koadro asko erre dira. Gainera, suhiltzaileek bota zuten urarekin, pladur pila erori da; lurra urez bete da, eta beheko solairuetara pasatu da. Kalterik handiena teilatua erretzea izan da, baina gero, eskaileran behera eta beste etxeetan, urak eragin ditu kalteak. Eskailera osoan erori dira goiko sabaiko zatiak”.

Antzera dago 9. zenbakiko eraikina ere, bertako komunitateko presidenteak azaldu duenez: “Azken solairuak, erre zenak, ez dauka teilaturik. Egongelatik zerua ikusten da”. Altzariak ez zaizkio erre, baina esan du urak eta errautsek kalte handia eragin diotela: “Gauza asko galdu ditu. Haiek dira kaltetuenak gure atarian”, ondorioztatu du.

Komunitateko presidentearen beraren etxeari dagokionez, suak ez zuen harrapatu: “Ez da ezer erre, baina ura daukagu leku guztietan. Hezetasuna kentzeko makina bat daukagu jarrita. Dena pintatu behar da, horma-armairuak aldatu behar dira, ohe bat aldatu behar da egurra urarekin handitu egin delako eta hankak apurtu zaizkiolako…”. Eurek duela sei urte egin zuten etxea berritzeko obra. Eta teilatuak ere lau urte besterik ez zuela azaldu du.

Bilboko Udalak adierazi du eraikinak ez zuela egiturazko kalterik, eraikinak zaharberritzeko Surbisa sozietatearen txostenaren arabera. “Beraz, bizilagunek udalaren oniritzia dute etxera bueltatzeko”. Beste guztia aseguruekin adostu beharko dutela ekarri dute gogora.

BIZILAGUNEN EZINEGONA. Babes gehiago eskatu dute

Epalzaren Alargunaren 9. zenbakiko bizilagunek ohar bidez azaldu dute agintarien “komunikazio, koordinazio, informazio eta gardentasun handiagoaren” falta sumatu dutela, jakiteko zeintzuk epe dauden eta zer pauso eman behar dituzten halako gauza bat gertatu ostean. Komunitate horretako presidenteak azaldu du “lanpetuta” daudela: “Honek denbora eskatzen du, lana, eta aseguruekin borrokatzea ere bai”. Eurek badute beste etxe bat, eta han daude, nahiz eta, Bilbotik kanpo dutenez, “seme-alabekin autoan aurrera eta atzera” ibili behar duten. “Gure goikoa, etxea erre zitzaion familia, berriz, alokairuan dago, Bilboko beste leku batean. Haiek okerrago daude”, esan du.

Tramiteak zer-nola egin behar ziren ez dute jakin. “Inork ez dizu esaten zeintzuk diren pausoak, ea zuk eskatu behar dituzun gauzak edo berez egiten diren edo beste norbaitek eskatu behar dituen”.

Bilboko Udalak esan du kaltetuei “larrialdiko ostatu bat” eman zietela “bost gauetarako, kasu horietan ohikoa den baino bi gau gehiagorako. Gainera, Gizarte Ekintza Sailekoak haiekin guztiekin jarri ziren harremanetan zerbait gehiago behar zuten jakiteko”. Horrez gain, esan dute “alkatea eta hainbat zinegotzi” bizilagunengana joan zirela eta sutea piztu zen egun hartan haiekin egon zirela. “Ondoren, herritarren Segurtasuna, Gizarte Ekintza eta Hiri Berroneratzea [Surbisa] arloekin izan dituzte harremanak”.

Komunitateko presidenteak adierazi du Surbisakoak kenduta beste inor ez dela joan eurengana. Azaldu du Surbisakoek “erraztasunak” eman dizkietela “obrak ahalik eta azkarren” egiteko. “Epe batzuk egoten dira, baina urgentziaz tramitatu dute gurea, teilatua ahalik eta azkarren estaltzeko”. Gainerakoan laguntza gutxi izan dutela kexatu da: “Udalak ez du ezer egin, ez galdetu, ez ezer. Etorri ziren argazkiak ateratzeko, baina alkatea ez zen egon auzokoekin”.

Koordinazio handiagoa behar dela uste du komunitateko presidenteak: “Hau amaitzen da, eta zure kabuz zaude, bakarrik. Aseguruekin konpon zaitezen esaten dizute”. Bide horretan zailtasunak topatu dituztela aipatu du: “Nire aseguruak joan den barikuan esan zidan etxea ondo dagoela ja eta bueltatu gaitezkeela. Hori esan zigun altzariak gordetzeko biltegia eta joan-etorrietako gastuak ordaindu behar ez izateko. Gure etxean txanpiñoiak ditugu-eta hezetasunagatik!”.

ESKAERA BILBOKO UDALARI. Suak lekuz aldatzeko eskea

Gertatutakoaren ostean, kaltetutako bizilagunek eskatu dute Bilboko Aste Nagusiko su festak lekuz aldatzeko. “Beti izan dugu beldurra, baina orain sutea gertatu dela ikusita eta jakinda alde zaharreko etxe asko egurrezkoak direla, eskerrak suhiltzaileek azkar eta oso ondo egin zutela beren lana; bestela…”, esan du komunitateko presidenteak.

Bizkaiko Hitza-k Bilboko Udalari galdetu dio suak lekuz aldatzeko aukera aztertuko duten. “Hori ez dago zalantzan une honetan”, erantzun dute.

Epalza Alargunaren kaleko 9. zenbakiko komunitateko presidenteak uste du kokapena aldatzeak “euren errua onartzea” ere balekarkeela. “Nik uste dut ez dutela onartuko, eta hau luzea izango dela”. Azkenean ikerketak ondorioztatuko balu su festen ondorioz gertatu zela sutea, udalean diruaz haragoko kaltea eragingo luke, haren ustez: “Asegurua izango dute, ziur, eta hark ordainduko lituzke gastuak. Kalterik handiena ez dute izango diruaren aldetik, baizik eta ospearen, irudiaren aldetik. Gainera, alkatea atera zen esaten sutea ez zutela su festek piztu. Bere hitzak jan beharko lituzke. Gehiago egin behar zuten, baina ez dute egin”.