Marraztea, sukaldaritza bezala

Bihar hasiko den hilabete berrian tintari egingo diogu gorazarre; urriko egun bakoitzean marrazki bat egin behar da, eta gero sareratu. Gauza txikien indarra. Ohiturak sortu, aldatu eta finkatu, hogeita bat egun behar omen baitira horretarako. Agian, garen modukoak agertzeko, errealitatea islatzeko edo bestelako proposamen berrirako. Ikusi, aztertu, marraztu eta gelditu, berriro hasteko, hurrengo pausoa noiz eta nora luzatzen dugun erabaki bitartean. Marra bakoitzak eskatzen duen ahalegina ez da nolanahikoa. Marra bat, norabide eta kokapen egokia daukan lerroa.

Erronkak prozedura berriak finkatzeko gako-iltzeak dira, etorri diren bezala joan ez daitezen. Marrazketan, bizitzan bezala, beti aurrerantz hurrengo amildegiarekin topo egin arte. Labirintoan eta Pandoraren kutxako hondoan dagoena atera arte. Itxaropena, hain zuzen ere. Konfiantza da behar dena, norberaren kemena pizteko, baita ingurukoen artean ere.

Egunerokotasunean garbigailua hustu, arropa eskegi, kontrolatu ea lehortzen den ala badaezpada kendu berriro busti baino lehen. Askotan horrelakoa da bizitza, keinu txiki batzuez osatua, errepikatzen den zirimola. Ez diogu ematen behar duen garrantzia, gutxiesten dugun horri ematen diogun denbora. Marrazkia eraikitzerakoan gertatzen den bezala, marra bakoitza bere lekuan jartzeko ahaleginetan aritzen gara, lerro guztiak batera ikusterakoan zentzua hartzen dute hasieratik abstraktuak diren elementu bakunek.

Eta marraztea afaria prestatzea bezalakoa da. Eguneroko pausoekin, bizitza zatika ulertzen dugu, tarte txikietan eraldatu. Garai honetan bereziki beti ezagutu duguna, nola piperrak eta tomateak, hala Zallako tipula. Gastronomiaren izenean pentsamoldeak barra-barra saltzen dizkigutela dakigun arren, adi egon behar dugu, detektagailu bat erantsi behar diogula begiradari. Errezetak erraz ematen ditugu eta.

Etxean pisto bat egiteko zein den tipula, nondik datorren, zatitzen duzun bitartean, izendapena bera, nola izenak eta izanak kontraesanak sortzen dituzten. Aizto zorrotzak eskuaren mugimendu zehatzekin barazkiak xehatzen dituen moduan, errenkada egokian. Amarengandik ikasitakoari norberaren ibilbidea gehitutakoa, nola betikoa oso berria den… eta hau nondik jaso dugun… Olio beroa, tipula, piper berdea, gorria, kalabazina neurrietan ere egokituta, taula gaineko ttakunaren erritmoan. Ohiko piperrada beharrean, pistoarekin lagunduko dugu odolkia, plater berria bihurtuz. Askotan iraultza egiten ari gara, eta ez gara konturatzen sukaldeko hormetatik ateratzen ez garelako.

Oskar latorrizko danborrarekin bezala, bere erritmoarekin beste batzuena aldarazten duenean, institutuan ikusi genuen pelikulan bezala, Günter Grassen liburuan oinarrituta, eta ez dakit azpitituluekin ala, oroimenaren ajeak, euskarara bikoiztuta. Sukaldean zein marrazten!