Euskal Sagardoak gehiago sartu nahi du Bizkaiko merkatuan

Euskal Sagardoak gehiago sartu nahi du Bizkaiko merkatuan

Ibai Maruri Bilbao

“Bizkaia ere Euskal Sagardoaren parte da. Euskal Herriko edaria da, eta nahi genuke txoko eta hiri guztietara iritsi”, nabarmendu du Euskal Sagardoa sor-markako presidente Oihana Gainzerainek. “Bizkaiko merkatuak, neurri batean, ezagutzen du Euskal Sagardoa, baina oraindik potentzialtasun handia du”, adierazi du sor-markako koordinatzaile Unai Agirrek. Herrialdeko merkatuan “gehiago” sartzeko helburu horrekin Topa Bilbo jaialdia egingo dute bihar eta etzi hiriburuko Areatzako pasealekuan. Hamalau ekoizlek euren saltokia izango dute. Horrez gainera, Mikel Garaizabal enologoak hainbat dastatze saio gidatuko ditu. Musika eta bertsolaritza ere ez dira faltako. Egun biko jaia antolatu nahi izan dute sagardoaren inguruan.

Euskal Sagardoa sor-markak bosgarren urteurrena du. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 250 sagar ekoizlek eta 48 sagardogilek osatzen dute. Kideen artean gutxiengoa dira bizkaitarrak: 50 sagar ekoizle eta lau sagardogile. Datozen urteetan kopuru hori “nabarmen” haziko dela espero dute sor-markan, kontsumitzaile berriak lortzeko ez ezik, ekoizleak jatorri izenera erakartzeko ere “potentzialtasun” handia duelako Bizkaiak, Agirreren arabera. Kontseilu Arautzaileak ostalaritzan ere presentzia handiagoa nahi du.

Aurretik ere egin izan dute jatorri izeneko ekoizleen lana ezagutzera emateko ekitaldirik Bizkaian, baina oraingo honetan indar handiagoa egin gura izan dute. Sor-markak hainbat erakunderen babesa izan du asteburuko jaialdia antolatzeko. Besteak beste, Bilboko Udalarena. Xabier Otxandiano Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu zinegotziak esan die merkatua zabaltzeko asmoz Bilbo aukeratzean erabaki ona hartu dutela: “Gure herri txiki honetako hiribururik jendetsuena da, eta metropolian milioi bat lagun bizi gara. Euskal Sagardoak asko handitu dezake bere merkatua hemen”. Iruditzen zaio tokiko kontsumoa sustatzeko lagungarria izango dela.

Oparoa eta kalitatezkoa

Orain, sagarra batzen dabiltza ekoizleak. Beraz, bihar eta etzi dastatzera emango dutena iazko uzta da. Agirrek esan du “oso oparoa” izan zela. Sei milioi kilo sagar bildu zituzten, eta horiekin ia lau milioi litro sagardo ekoitzi zituzten. “Gero eta gehiago, herrialde bakoitzak, eskualde bakoitzak, sagardotegi bakoitzak eta sagardi bakoitzak ere haien nortasuna dute. Produktuan nabaritzen da, eta ezberdintasun horiek bertatik bertara ezagutu ahal izango dira Bilbon”.

Aurten ez dute sagar asko bilduko. Oraindik ez dute datu zehatzik, baina, lehen kalkuluen arabera, iazkoaren %30aren inguruan gera daiteke aurtengo uzta. Sagarrondoek bi urtean behin ematen dute oparo, eta iazkoa izan zen markak haustekoa. Beraz, datorren urtera arte itxaron beharko dute. Gainera, udako sikateak espero zutena baino sagar gutxiago egotea eragin du. Hala ere, edari “aparta” egingo dutela esan du Agirrek. “Tanino gehiago du sagarrak, eta halakoetan sagardoak gorputz gehiago izaten du”. Beraz, “kalitate handikoa” izango da. Izan ere, haren esanetan, sagardo ekoizleek jatorri izena sortu zutenean egin zuten kalitatearen aldeko apustua. Dena den, esan du oraindik ere badutela zer hobetu, eta etengabeko berrikuntzan dabiltzala. Horren emaitzak Topa Bilbon egingo diren dastatzeetan ezagutu ahal izango dira, besteak beste.