Etxeko ura aski ote den

Etxeko ura aski ote den

Ibai Maruri Bilbao

Erreken ibilgu ekologikoa babestuta, herritarrek eta enpresek behar duten gutxieneko ur hornidura bermatzeko segundoko ehun litroko emaria behar da. Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoaren arabera, udako hilabeteetan kopuru horren azpitik ibiltzen dira Busturialdean. Are gehiago aurten, euri faltagatik. Horregatik, abuztuaren 18an hasi eta urriaren erdira arte, Dutch Spirit itsasontzia eskualdea ur edangarriz hornitzen ari da: Santurtziko portuan dagoen Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoaren ur hargune batean hartzen du, eta Bermeoko portuan deskargatzen du, San Andresko urtegian eta Mundakako ur biltegi batean gordetzeko. Handik banatzen da gero eskualde osora. Egunean 2.000 metro kuboko ur ekarpena egiten du; segundoko 23 litroko emaria bermatzen du.

Ura hartu, eroan eta husteko 40 bat ordu behar ditu, eta etengabe ari da garraioan. Bi hilabeteotako zerbitzuagatik 1,5 milioi euro ordainduko ditu Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak. Kontsumitzaileek gastu hori fakturan nabarituko duten galdetuta, partzuergoak erantzun du “kontsumitu duten ura baino ez” dutela ordainduko. Eskualdean hornidura segurtatzeko hartu diren neurrietan nagusia da. Beste konponbide batzuk ere aztertu zituen partzuergoak, itsasontzi bidezko garraioa hautatu arretik: besteak beste, ura kamioietan eroatea eta itsasoko urari gatza kentzea. “Lehen aukera ez zen jasangarria, eta bigarrena garestia eta ingurumenarekiko kaltegarria da”, azaldu du Koldo Urkullu partzuergoko Ustiatze eta Kudeaketa arduradunak. Horrez gainera, gauetan uraren presioa jaistea ere erabaki zuten, eta ura hainbat jardueratarako erabiltzea debekatu.

Iratxe Arriola Eako alkatearen esanetan, “propaganda” da ura itsasontziz ekartzea. 2011 eta 2015 artean Busturialdeko Ur Partzuergoko presidente izan zen Arriola, eta Bizkaiko partzuergora sartzearen aurka egon da, EH Bilduk eskualdean dituen gainontzeko alkateak bezala. Ez dute gogoko Bizkaiko partzuergoaren eredua, eta ura eskualdean kudeatu gura dute. Hala egin izan dute urtarrilaren 1era arte, Busturialdeko Ur Partzuergoaren bidez. Orain, Bizkaikoan daude. Ostera, alkate jeltzaleek —gehiengoa dira— uste dute Bizkaikoan egoteak bermatu diela ura aurten: “Iaz ere arazoak izan genituen, baina orain baliabide tekniko eta ekonomikoak ditugu arazoari aurre egiteko”, esan du Aritz Abaroa Bermeoko alkateak.

Partzuergo aldaketa gorabehera, inguruko ura kontsumitzen dute. Eskualdea sei sistematan banatuta dago: Gernikakoa —handik edaten dute Gernika-Lumok, Elantxobek, Ibarrangeluk, Gautegiz Arteagak, Kortezubik, Arratzuk, Ajangizek eta Muxikak—, Bermeokoa —Bermeo, Mundaka eta Sukarrieta hornitzen ditu—, Eakoa, Mendatakoa, eta Forua, Busturia eta Murueta hornitzen dituena. Sistemetako bakoitzak hornidura guneak ditu; guztira, 56 dira.

Sikatea baino gehiago

Bizkai osoan bezala, Busturialdean ere ohi baino euri gutxiago egin du. Eskualdeko iturburuak gehienbat azalekoak dira, eta, prezipitazio gutxi egiten duenean, lehortzen hasten dira. Bilbo Bizkaia Ur Partzuergotik esan dutenez, “uda guztietan Busturialdeak behar duen baino ur gutxiago izaten du, errekatik eta tokiko beste ur baliabide batzuen bitartez hornitzen delako”. Aurten falta hori handiagoa izan da: “Ura oso eskas egon da, eta gehitu egin behar izan da, erreken ur fluxu ekologikoa bermatzeko”. Partzuergoaren arabera, eguraldiak normal jokatzen duenean, urte osoan ur baliabideak “egoera onean” egoten dira. Esan dute ur kontsumoa egonkor mantendu dela azken urteetan.

Arriolaren esanetan, beste arrazoi batzuk ere badaude aurtengo ur falta ulertzeko. “Ura aurrezteko eta ondo kudeatzeko modua hoditeria berritzea eta hor inbertitzea da. Baina Busturialdean ez da izan lehentasuna. Gu ahalegindu ginen hainbat gauza egiten, baina agintaldi batekin ez da nahikoa”. Gainontzeko legegintzaldietan partzuergoaren ardura izan duena egin du erantzule: EAJ. Eskualdeko hornidura planerako egindako diagnostikoaren arabera, sareak uraren %30 eta %40 artean galtzen du; Gautegiz Arteaga inguruan, erdia.

Partzuergoak adierazi du urtarrilean Busturialdeko uraren ardura hartu zutenetik galera horiek “murriztu” dituztela, baliabideak “konpontzen eta hobetzen” ibili direlako. Beste ur baliabide batzuk ere bilatzen ibili direla gehitu du. “Hori posible izan da teknikoki eta ekonomikoki gaitasun gehiago dugulako”. Dagoeneko hamar milioi euroren inbertsioa egin dutela esan du: Golako eroanbidea berritu dute, Forua-Murueta-Busturia sistema Gernikakoarekin lotu dute, Oizen hargune berriak topatu dira eta biltegi berria egin da Gernika-Lumon.

Arriolak uste du kudeaketan bestelako hutsegite batzuk egon direla. “Ur harguneen gainean zer dagoen kontuan hartu behar da; landaredia, esaterako. Hemen eukaliptoa landatu da asko, eta hori egin denetik ur emaria jaitsi egin da. Basogintza politikak ere zer ikusia du ur politikarekin”. Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Patronatuak “beste aldera begiratu” duela iruditzen zaio.

Gernikatik eta Oiztik

Busturialdeak duen akuiferorik handiena Gernikakoa da. Hainbat putzu ditu, eta horietako bat, laugarrena, industriak kutsatuta dago. Putzu horren emaria segundoko hirurogei litrokoa da; hau da, ia-ia 6.000 metro kubo ur egunean. “Itsasontziak dakarrena baino gehiago”, zehaztu du Eako alkateak. Azaldu du makina bat ekarri zela AEBetatik putzu hori garbitzeko, eta emaitza onak ematen dituela. “Ez da edateko baliagarria, baina Busturialdean industria gutxi dugun arren, enpresek ere ura behar dute; horretarako erabil daiteke, adibidez. Baita kaleak garbitzeko ere”. Ur partzuergokoek esan dute uztailean eskualdeko alkateekin bildu direla, eta horretaz hitz egin zietela: “Gernikako eta Bermeoko kale garbiketarako kamioiak ura hartzeko puntu horretara joaten dira, edateko ez den ur horri beste erabilera bat emateko”.

Oizko harguneari ere erreparatu dio Arriolak. Segundoko 70 litro ematen ditu, baina handik Ajangizko ur edangarria tratatzeko estaziora ura dakarren hodiak 60 litro eroateko gaitasuna du. “Hodi handiagoa ipiniko balitz, arazoa konponduta”, azaldu du Eako alkateak. Haren ustez, beste neurririk hartu barik, soilik hodi handiagoa ipiniz gero, Busturialdeak udan izan duen ur faltaren %80 konponduko litzateke. “Lurralde egitasmoan aldaketa hori egitea jasota dago, partzuergoan onartu zen eta”, gogoratu du.

Egitasmo horrek aipatzen duen azken neurria da eskualdea Zadorrako sistemarekin lotzea; “aurreko guztiak nahikoa izango ez balira”, zehaztu du Arriolak. Haren arabera, Arabako urtegietatik ura ekarri aurretik asko dago egiteko. Baina ur partzuergoak dagoeneko erabaki du horren aldeko apustua egitea: hodi bat ipiniko dute Bermeotik Mungiara arte, Solluben barrena. Partzuergoak esan du udan erreketako ur emari ekologikoa eta kontsumitzaileen premiak bermatzeko egingo dutela. Proiektu handia da, konplexua. Inbertsio handia egin beharko dute, eta urteak beharko dira lotura martxan egoteko.

Arriolak gogoratu du 1989 eta 1990. urteetako sikatean Bizkaian soilik metropolia hornitzen zuela Zadorrako sistemak, eta ur faltagatik mozketak egin zirela. “Orain ia Bizkai osoa handik hornitzen dute. Zer zentzu dauka gero eta herri gehiago hara lotzeak? Zadorra ez da amaitzen ez den iturri bat”. Klima aldaketak bestelako kudeaketa bat eskatzen duela iruditzen zaio. Eta eredu horretan kontsumoa ere neurtu beharko dela aipatu du. Horregatik arriskutsua deritzo eskualdeko ekonomia “batez ere, turismoan” oinarritu nahi izateari, horrek ur premia gero eta handiagoa izatea dakarrelako. Zentzu horretan, Uraren Euskal Agentziak ohartarazi du Busturialdeak urarekin duen arazoa konpondu arte ezingo dela Guggenheim museoa Gernika-Lumora eta Muruetara hedatu; urtero 150.000 bisitari erakarriko dituela aurreikusi dute.