Enkarterri ulertzeko gida irekia

Eskualdearen historia du ardatz Enkarterrietako museoak, Sopuertan. ‘Lantegietako emakumeak, Cadagua haraneko 11 fabrika’ erakusketarako bisita egingo dute bihar.

Natalia Salazar Orbe

Erdi Aroaz geroztik XIX. mendera arte Enkarterriko ordezkariak batzartzen ziren Abellanedako Batzarretan, Sopuertan. Haren inguruak eta barrunbeak eskualdeko historiaren lekuko izan dira. Han bizi izandakoak zein bestelako garaietakoak eta Enkarterriko leku anitzetakoak jasota, eskualdearen denbora lerroa osatu du Enkarterrietako museoak, eta Batzar Etxearen eraikina hartu. Sopuertan dago, eta zabalik dute Enkarterriko historian zehar ibilbidea egin nahi dutenentzat.

Eskualdearen izaera zizelkatu duen historiaren berri ematen duten hamar areto ditu museoak. Historiaurretik hasi eta XIX. mendera arteko bidea egiten lagunduko diete bisitariei. Aretootan, mapak, planoak, maketak eta jatorrizko elementuak zein erreprodukzioak dituzte Enkarterriko bizimodua, historia, artea eta arkitektura ezagutarazteko.

Bisitariek horien bidez jakingo dute Historiaurrera atzera egin behar dela Enkarterriko lehen biztanleen berri izateko. Erdi Paleolito amaierako giza arrastoak aurkitu dituzte eskualdean. Haitzuloetan bizi ziren orduan; nagusiki, Areantzan (Galdames) eta Karrantzako Venta Laperran eta Rinconen. Geroago, Neolitoan klimak lagunduta, nekazaritza eta abeltzaintza garatu ziren, eta aire zabaleko herrixkak sortu zituzten.

Erromanizazioaren aztarnetatik Goi Erdi Aroari buruz hitz egiten duen aretora salto egingo dute bisitariek. Aro horretan hasi ziren sortzen geroago Enkarterriko kontzejuak eta herriak izango zirenak. Garai hartako gertakaririk azpimarragarrienetakoa hiribilduen sorrera izan zen; Balmasedakoa, Bizkaiko zaharrena, besteak beste.

Behe Erdi Aroa ardatz duen aretoan krisialdi aroa islatu dute. Nobleak krisi ekonomikoari indarkeriaren bidez aurre egiten saiatu ziren, eta bi taldetan batu ziren: Oñaztarrak eta Ganboarrak. Garai hartan dorretxeez bete zuten eskualdea. Muñatones-Salazar sendiaren historia jakiteko aukera izango dute museora doazenek.

Erakundeen izaera ulertzeko lagungarria izango da VIII. aretoa. Bertan ulertuko dute Enkarterriko kontzejuak Bizkaiko Jaurerriaren parte izan arren, euren erakunde juridiko eta politikoak zituztela. Abellanedako Batzar Etxeak foru propioa zuen, eta hala jarraitu zuten 1805ean Bizkaiko Jaurerriarekin erabat bat egin zutenera arte. Orduan desagertu ziren Abellanedako Batzarrak. IX. aretoak nekazaritza eta abeltzaintzan oinarritutako bizimodua erakusten du. Betiere, burdinolen jarduerak lagunduta. Gizartearen egituraketa dute aztergai X. aretoan.

'LANTEGIETAKO EMAKUMEAK: CADAGUA HARANEKO 11 FABRIKA'

Jarduerak eta bisitak

Museoak bisita gidatuak ere eskaintzen ditu. Hain zuzen, bihar Lantegietako emakumeak, Cadagua haraneko 11 fabrika erakusketa bisitatu ahalko da euskaraz, 10:30etik aurrera —gazteleraz, 12:00etan—. Bisita doan izango da, baina ezinbestekoa da aurretik izena ematea 94-650 44 88 telefono zenbakira deituta.

Izenburuak berak adierazten duen bezala, Cadagua haraneko 11 fabrikako andre langileak ditu ardatz erakusketak. Javier Barrio Marro Enkarterrietako museoko zuzendariak ondu du erakusketa, eta liburu batean ere jaso du lortutako informazioa.

Emakumeek ez zuten lan egin siderurgian, baina haietako asko beste produktu batzuk egiten aritu ziren, besteak beste, komuneko papera, ahozapiak, altzariak, zigarreta papera edota kutxak. Fabrika batzuetan gehiengoa ere izan ziren. Ahozko testigantzekin borobildu dute erakusketa.