Naturaren zaindari

Naturaren zaindari

Mikel Garcia Martikorena / Natalia Salazar Orbe

Busturian, Mundakako itsasadarraren parean luzatzen diren paduren gaineko muino batean kokatzen da Urdaibaiko Ekoetxea. XV. mendean eraikitako Madariaga dorretxearen ondoan eratu zuten “jasangarritasunaren aldeko heziketa” sustatzen duen zentroa. Hala deskribatu du Roque Perez-Agote koordinatzaileak. “Euskadiko Ekoetxeen Sarearen barruan dago”, zehaztu du. Sare horren helburua da “ingurumenaren kontserbazioa eta ingurune arloetan herritarren parte hartze aktiboa eta arduratsua sustatzea. Kokatuta dagoen eremuaren natur eta kultur ondarearen garrantzia azpimarratzen ere lagundu nahi du”.

Bisitariengan eragin nahi dute Busturikoaren moduko ekoetxeek: “Helburua da gure zentroetara datozen guztiei erakustea zer-nola hobetu ditzaketen eguneroko ohitura eta portaerak, ingurumenean duten eragina murrizteko”. Hala ere, Busturiko Ekoetxeak bereak dituen beste xede batzuk ere badituela azaldu du Perez-Agotek: “Urdaibaikoari dagokionez, biosferaren erreserbaren erdian gaudenez, gure helburua ondare naturalaren —biologikoa zein geologikoa— eta kulturalaren balioa ezagutaraztea eta ulertzea ere bada”. Hori guztia “hizkuntzarekin, inguruko ekonomia sozialarekin, lurraldearen historiaurrearekin eta historiarekin, eta Urdaibaiko Erreserba Biosferarekin lotzen diren arte lanen ikuspegitik” egiten dute.

Helburuok lortzeko, eskola programa didaktiko “indartsu bat” dute. Irailetik ekainera bitartean garatzen dute. Adin guztietarako askotariko esperientziak garatzen dituzte, eta hiru erakusketa ere badituzte. Horietako bat aldi baterakoa da, eta beste biak, iraunkorrak.

Erakusketak

Zer da biodibertsitatea? eta Urdaibai, Biosferaren Erreserba dira erakusketa iraunkorren izenburuak. “Batetik, biodibertsitateari buruz hitz egiten dugu kontzeptu orokorretatik abiatuta, Euskadin eta Urdaibain daukagun biodibertsitatea erakusteko”. Bisitariek berau “kontserbatzearen eta biodibertsitatearen erabilera jasangarria egitearen garrantzia” ulertzea nahi dute. “Biodibertsitateak datozen belaunaldientzako iraungo duela bermatzeko, nahitaezkoa da baliabide naturalak modu arrazoizkoan erabiltzea”, ondorioztatu du Urdaibaiko Ekoetxeko koordinatzaileak. Bestetik, biosferaren erreserbak “garapen jasangarriaren eredu gisa” zer diren azaltzen dute.

Aldi baterako erakusketak hiru hilabete inguruan izaten dituzte ikusgai. Hila bukatu arte, Tierra Viva bisita daiteke. Andoni Bastarrikaren (Azpeitia, Gipuzkoa, 1970) lanen lagin batek osatzen du. Hareazko bi eskultura errealistak eta buztinez egindako hogei obrak osatzen dute. Artistak azken bi urteetan egindakoak dira denak. Urriaren 3tik urtarrilaren 8ra arte, berriz, Hizkuntza indigenak ama lurra zaintzen erakusketa hartuko dute, Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco katedrarekin elkarlanean.

EKOETXEA URDAIBAI

Bisitarien laurdenak, ikasleak

Urtero izaten dituzten bisitarien laurdenak inguru ikastetxeetako ikasleak izan ohi dira, Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergora eta heziketa zikloetara artekoak. “Eskola curriculumarekin lotura estua duten zortzi unitate didaktiko ditugu”, adierazi du Perez-Agotek.

Horrez gain, asteburuetan adin guztietako bisitarientzako jarduerak eskaintzen dituzte. Besteak beste, itsasontzi irteerak, ibilbide gidatuak, tailerrak, ikastaroak eta haurrentzako ikuskizunak nabarmendu ditu. Asteburuetan eurenera joaten diren gehienak familiak izan ohi direla azaldu du.

Pozik daude bisitarien zentroak izan duen arrakastarekin: “Pandemia aurretik, Ekoetxeen Sarean urteko 100.000 bisitarien langa gainditu genuen. Horietatik 66.000 baino gehiago Urdaibaiko Ekoetxera etorritakoak izan ziren”. Pandemia pasatuta, “apurka-apurka parte hartzearen erritmoa berreskuratzen” ari dira, azaldu duenez. Iaz Urdaibaiko Ekoetxean 58.000 bisitaritik gora izan zituzten, eta erabiltzaileen ase mailari eutsi diotela esan du.