Musikaz haragoko jaialdia

Musikaz haragoko jaialdia

Amaia Igartua Aristondo

Badago musika, baina ez bakarrik; badaude kirol ekintzak, baina ez da kirol egitasmo bat huts-hutsean; eta inguratuta dago natura aberatsaz, baina paisaia ez da erakargarri bakarra. Musika, kirola eta natura batzen ditu Sopela Kosta Fest jaialdiak, eta hiru ertzok “ahalik eta parekatuen” uztartzea da festibalaren helburua, lantaldeko kide Asier Bilbaoren arabera. Hark dioenez, musikarekin lotu ohi dira jaialdiak, baina harago doa Sopelakoa. Askotariko ekintzak bilduko ditu gaur hasi eta etzi arte.

Urtero berrikuntzak gehitzen ahalegintzen direla esan du Bilbaok, baina zutabe bertsuetan bermatuta, betiere. Oroz gain, doakoa izan dadila. Baita askotarikoa ere: kirol diziplina asko eskaintzen dituzte, eta baliabide naturalek aise girotzen dituzte ekintzak: hondartzak, labarrak, burdin hesia eta are flyscha ere topatuko dute joango direnek. Era berean, ugariak dira doinuak. “Musikaren aldetik ere ahalik eta eklektikoenak izaten ahalegintzen gara”, azaldu du Bilbaok. “Baina ardatz batzuk finkatuta dauzkagu hasieratik: talde euskaldunak izatea; Uribe Kostakoak edo ingurukoak; eta emakumeak egon daitezela lekurik garrantzitsuetan”. Irizpide horiek betetzen dituzte karteleko musikari eta talde gehienek.

Jatabeko Sua taldea igoko da Udaletxeko plazako oholtzara aurrena, gaur, 20:00etan. Talde gazteak —2018an sortu zen— doinu elektronikoak uztartzen ditu 1990eko urteetako indie rockarekin eta post punkarekin. Rock punka jorratzen duen Vulk taldeak hartuko die lekukoa, 21:00etatik aurrera. Eta Akatz ariko da ondoren: askotariko estiloak nahasten dituzte, baina, batik bat, reggae eta ska estiloak jotzen dituzte. Kerobiaren rock musikaren txanda izango da 23:15ean, eta Mafaldak itxiko du lehen eguneko kontzertu eskaintza: Valentziako (Herrialde Katalanak) taldeak ska, reggae, funk eta hardcore estiloak biltzen ditu.

J Martina

J Martinaren popa eta elektronika entzungo dira bihar Sopelan, 20:00etan, Udaletxeko plazan, halaber. Swing estiloa gailentzen da Anita Parker taldearen lanetan, eta 21:00etan ekingo diote kontzertuari. The Lizards taularatuko da ondoren, 22:00etan, Bartzelonako punk rock hirukotea. Estilo jakinik ez, baina helburu argia badu Nativa taldeak: kontzientzia sortzea. Horretan ibiliko dira 23:15etik aurrera. Eta, 00:45ean hasita, Chica Sobresaltok girotuko du jaialdia pop rock doinuekin, orobat. Etzi, habanerekin bukatuko da aurtengo aldiko musika eskaintza: 13:00etan, Udaletxeko plazan, Balandra taldeak emango du kontzertua.

Musikaz gain, kirol ekintza ugari antolatu dituzte, bai txapelketak, bai tailerrak. Gaur, 17:00etatik aurrera, surf egokituko ikastaroa emango du Peña Txuri surf eskolak, mugikortasun urriko pertsonentzat, Arriatera hondartzan. Gainera, asteburuan Drop Indoor barruko skate pista inauguratuko dute, eta festibalaren barruan antolatuko dituzte lehen ekintzak, gaur eta etzi. Eta, bihar, hiri kirolak egongo dira Iturrieta parkean, 11:00etatik 14:00era bitartean: kalistenia, slackline eta parkour tailerrak.

Lehia ere ez da faltako: bihar eta etzi, kirol probak izango dira Arriatera eta Barinatxe hondartzetan. Surfa izango da nagusi, eta hainbat adinetako eta modalitatetako kirolarientzako norgehiagokak antolatu dituzte; horiez gain, piraguak ere lehiatuko dira.

Sua

Zortzi urteko ubera

2014an sortu zuten Sopela Kosta Fest. “Asmoa zen udari bukaera ematea diziplina askotako jaialdi batekin, nahastuko zituena natura, musika eta kirola; batez ere, surfa”. Zortzi urteko ibilbideari begiratuta, Bilbaok balorazio “positiboa” egin du. Adibide bat jarri du horren erakusle: “Euskal Herriko Surf Federazioak egutegia aldatu zuen txapelketa nagusiak Kosta Festen inguruan sartzeko”. Iaz, Europako kayak txapelketa egin zuten jaialdiaren barruan, eta haren izena eman zioten.

Bestalde, egitaraua bera bezain askotarikoak izaten dira bertaratzen direnen profilak. “Jaialdiak era guztietako ikusleak erakartzen ditu. Batzuek parte hartze pasiboagoa dute, ikustera baino ez dira etortzen. Badaude beste batzuk ekintzak egitera datozenak, edo kirolariak”. Baina sinergiak sortzen dira parte hartzaileen artean, haren irudiko. Esaterako, nahiz eta txapelketak hondartzetan antolatu, horiei lotutako bestelako ekintzak herrigunean egiten dira; sari banaketa, kasurako. Musika jomugan dituztenetatik asko bestelako jardueretara joaten dira, asteburu osoa igarotzen baitute Sopelan. Eta familientzat ere denbora-pasa aproposa da, Asier Bilbaoren hitzei erreparatuta, umeentzako ekintza batzuk baitaude goizez, eta kontzertuak ez baitira oso berandu izaten.

The Lizards