Egin ohi duen euriaren erdia

Egin ohi duen euriaren erdia

I. Maruri Bilbao

Nahiz eta uda astronomikoak goizaldean eman dion lekukoa udazkenari, meteorologikoa abuztuaren 31n bukatu zen. Izan ere, estatistiketarako-eta, adituei errazagoa zaie hilabete osoak hartzea, eta ekaineko, uztaileko eta abuztuko datuak erabiltzen dituzte. Horrela egiten dute urtaro guztiekin. 2022ko uda meteorologikoa “oso lehorra” izan da, Euskalmeteko arduradun Jose Antonio Arandaren esanetan. Bizkaiko eskualde batzuetan, egin ohi duen euriaren erdia inguru bota du. Hiriburuko datuak dira, Euskalmetenak: metro koadroko 76,1 litro baino ez dira neurtu hiru hilabeteotan; horietatik 4,2, uztailekoak. Ekainean, egin ohi duen prezipitazioaren %50 eta %90 artean bota zuen, zonaren arabera. Uztailean, %20tik behera; erdialdeko eskualdeetan, %10 ere ez. Abuztuan, oro har, erdia neurtu da. Gainera, tenperaturak ere ezohikoak izan dira: XXI. mendeko bigarren udarik beroena da igarotakoa, 2003koaren atzetik. Euskalmeteko arduradun Arandak adierazi du bien arteko aldea ez dela handia izan: hiru hamarrenekoa baino ez. Alerta gorria ere ezarri behar izan dute beroaldiagatik.

Euskal Herrian, neguan itsasotik datozen depresioek ekartzen dute euria. Udan, ostera, litekeena den arren depresioren bat edo beste etortzea, Arandak esan du normalean ekaitzek eragiten dituztela prezipitazioak. Aurten, egon egon dira, baina urriak izan dira. Normalean gertatzen ez den egoera bat sortu da atmosferan: “Udan, antizikloia Europa gainean egon da, eta depresio guneak Portugal mendebaldean geratu dira luzaroan, geldi. Ez da ohikoa. Ondorioz, hegoaldeko isuria izan dugu. Gurean, egoera horrekin, tenperaturak izugarri igotzen dira”, azaldu du Arandak. Depresio horietako batzuk izan dute hezetasunik; etorri den azkenak, esaterako, Danielle urakanaren hondarrek sortu dutenak. “Baina penintsula osoa zeharkatuta iritsi dira gurera, bidean topatu dituzten mendiguneetan euria utzita. Penintsula bero dago. Eta, goi ordokitik gure itsas mailara jaistean, gehiago berotu dira. Egoera horretan, ez dute euririk ekartzen”. Ohartarazi du ekaitzetarako ez dela nahikoa beroa; beste baldintza batzuk ere bete behar dira, eta aurten, oro har, ez da halakorik izan. Dena den, izan dira salbuespenak, eta egoera ez da bera eskualde eta ibai arro guztietan.

udataula

Lurra lehor, urtegiak beteta

Euri faltak, tenperatura altuek eta hego haize zakarrak sikatea ekarri dute. Baina ez erabatekoa. Arandak esan du zaila dela sikatea definitzen. Ortuetan eta larreetan, badago: belardi batek hiruzpalau metroko sakoneran ditu sustraiak; bizpahiru egunean euririk egiten ez badu, bero handia badago eta haizeak gogor jotzen badu, dagoeneko lehortzen hasten da. Arbolek sustrai sakonagoak dituzte, eta egun gehiago behar dute ur falta nabaritzeko. Azalekoak diren iturburuak ere aste gutxian lehor daitezke; sakonagoak, pare bat hilabetean. “Karrantzan eta Busturialdean ur harguneak azalekoak dira, eta horregatik sikatu dira”. Bizkaia urez hornitzen duten Zadorrako sistemako urtegiak, ostera, egoera onean daude: edukieraren %59 beteta. “Neguan eta udaberrian, euria gogotik egin zien. Ondo betetzen badira, bizpahiru urterako ur hornidura bermatua duzu”.

Espero du udazkenean egoera irauliko dela. Datozen egunetan euria egingo du, baina asko beharko da. “Nahikoa litzateke pare bat astean ganoraz egingo balu”. Metro koadroko ehun bat litro beharko lirateke erreken emaria ohikora itzultzeko. Lehengo lurra ondo busti beharko da, eroriko diren lehen berrogei litroak hark edango baititu. Basoek 150 litro behar dituzte. “Aspaldian izan dugun lehorterik handienean, 1989-1990 urteetakoan, honela geratu zen: apirilak baino ez ziren izan hezeak, eta 1990ekoak urtegiak berriz betetzen lagundu zuen, eta ur faltaren arazoa konpondu”. Aemet Espainiako meteorologia agentziaren arabera, udazkenean “ohiko kopuruetan” egingo du euria Bizkaian.

79: zenbat litro bildu diren Loiuko aireportuan udan. Aemet Espainiako meteorologia agentziak 79 litro metro koadroko bildu ditu udako hiru hilabeteetan Loiuko aireportuan. Batez beste- koa 180 litro izaten da. 1949tik bil- dutako euri kopururik txikiena da: 54 litro izan ziren orduko hartan.

Gaur zortzi: Busturialdera ura itsasontziz, hornidura bermatzeko.