Bilboren bestelako balantzea

Aurten ere, ikasturte hasierarekin batera, Hiribilduaren Egoeraren Osoko Bilkura egin da Bilboko Udalean, egindako lana aztertu eta datozen hilabeteetarako lan ildoak proposatzeko. Alkateak auzoen garrantzia azpimarratu du, eta bat gatoz iritzi horrekin, baina oso gutxitan entzuten dira gauzatu beharreko ekimenak proiektatzerakoan. Adibide argia dira Basurtun Medikuntza Fakultatea sortzea edo Deustuko Done Petri plaza berreraikitzea. Horien azken proiektuek ez dituzte ideiak biltzeko prozesuan edo “prozesu parte-hartzailean” parte hartu zuten pertsonen proposamenak jaso.

Era berean, Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) lortzeko udal ekintzei buruz hitz egin du: haren arabera, proiektatutakoak baino gehiago egin dira. Hori horrela, harrigarria da Sader bezalako enpresa kutsatzaileak mantentzea eta Artxandan zabortegi berriak baimentzea; baita ZAS (saturazio akustikoko eremua) ekimena bertan behera uztea ere, auzotarrak kutsadura akustikoaren ondorioak jasaten jarraitzera beharuz. Aldi berean, gure auzoetan espazio publikoa ekimen pribatuen orerako okupatzen jarraitzen da, ostalaritza berreskuratzeko aitzakiarekin, aisialdi mota guztietarako eta hiritar ororen gozamenerako izan beharko litzatekeen espazioa murriztuz. Orain, GJHk hainbeste aipatuak izatea ulertzen da, jakin badakigulako, prentsan azaldu den bezala, Bilbon egongo dela NBEren egoitza GJHk garatzeko. GJHk laudagarriak dira, baina, tokian-tokian, herritarrek neurri zehatzak zehaztea eta lurreratzea espero dute, ez aipamen lausoak, ezta egoitza fisikoak ere, helburu horiek aipatzen dituzten arazo larriekiko benetako konpromisorik hartu gabe.

Inklusioaren erronka ere ez da gainditu: herren geratu da inbertsiorik egin ez delako. Oraindik ere, ehunka pertsonak igarotzen dute gaua gure kaleetan, eta ez dute modu duinean egiten. Malguak eta errealistak ez diren baldintzak ezartzen zaizkie laguntzak jasotzeko, inklusiorako aukera zailduz.

Bestalde, mugikortasunaren astea zalaparta handiz ospatu da. Orduko 30 kilometroko muga urrats ona izan da, kutsadura murriztu eta oinezkoen eta bizikletan ibiltzen direnen segurtasuna hobetzen baititu. Baina garraio publikoa hobetzeko urratsak egitea falta zaigu: 1997tik egiteko dagoena Bilbobusen berrantolaketa; Olabeagari zerbitzurik ematen ez dion tranbiaren linea; metroaren 4. linea abiatzea; Renfek dituen arazoak konpontzea. Modu berean, tarifen murrizteak herritarrak lasaituko dituela egia den arren, duela urte batzuk hainbat kolektibok aurkeztu zuen Liburu Zuria ezartzeko ordua da; txartel bakarraren ezartzea proposatzen du, esaterako. Kezkagarria da energia aurrezteaz hitz egitea, eta, aldi berean, beroari aurre egiteko herritarrak El Corte Inglesera bidaltzea, publikoak diren udaltegiak itxita zeuden bitartean. Gabonetan gehiegi argiztatutako Bilbo ikusiko al dugu?

Kezkagarria da, halaber, lankidetzaz hitz egitean, lankidetza publiko-pribatua aipatzea, askotan sektore pribatuari mesede egiten diola dirudien termino hori zertan datzan argitu gabe. Urrats garrantzitsuak egin dira, baina oraindik gainditu gabeko irakasgaiak daude: hala nola emakumeen etxea sortzea, tokiko merkataritzari zuzeneko laguntzak ematea, Auzotarrok elkartearekin auzoetako jaiak hobetzeko lankidetza estuagoa izatea, eta Bilbo hobetzeko ekarpenak egin diezazkieketen hiriko beste eragile batzuen parte hartzea sustatzea. Alkateak entzute aktiborako konpromisoa hartu du. Auzo mugimenduak, seguru, erronka horri eutsiko dio.