Badator Txapelketa Nagusia

Badator Txapelketa Nagusia

Natalia Salazar Orbe

ONINTZA ENBEITA: “Urte asko daramatzagun bertsolariok presioa daukagu”

Urriaren 8an du Euskal Herriko Txapelketa Nagusiko lehen saioa Onintza Enbeita Maguregik (Muxika, 1979), Donostian. Badaki “oso maila altua” egoten dela; “zorionez”, esan du. Bere buruari “muga batzuk” ikusi arren, parte hartzeko “gogoa” badu.”Presioa” sentitzen du: “Galtzeko asko daukagu. Beti pentsatzen dugu besteek gugandik zer espero duten, eta saiatzen gara hori ematen. Ez txapelketagatik bakarrik. Orokorrean urte asko daramatzagunok mundu honetan, presioa daukagu”. Bizkaiko txapeldunaren tituluak (2018) ere ematen dio pisu hori. 2018an eskuratu zuen Bizkaiko txapela. “Norbere buruarenganako segurtasuna ematen du”. Hala ere, uste du lehiaketara lehen aldiz doazenak joango direla lasaien: “Nik beti esaten dut txapelketara freskoen doazenak direla lehenengo biderrez doazenak. Nahiz eta askotan lehenengo biderrez ez dakizun oso ondo energiak non gastatu eta non aurreztu behar dituzun, ez daukazu galtzeko ezer”.Oraindik ez du erabaki bere azken Txapelketa Nagusia izango den. Batetik, esan du gerta litekeela azkena izatea Bizkaiko Txapelketan sailkatzea ez lortzeagatik. “Bestetik, gogoa izan behar da hemendik lau urtera berriro parte hartzeko. Ez daukat ezer argi eta ez daukat ezer erabakita, baina, behin adin batera iritsita, zalantzak hor daude”, aitortu du.Ohiko prestaketa lanak

Prestaketa lanak betiko antzean egiten ari da: “Astero elkartzen gara; gure entrenamendua egiten dugu. Eta nik nire etxeko lanak egiten ditut. Bakoitzak badu bere metodoa. Ezer berezirik ez. Betikoa”.

Txapela nork eskura dezakeen pentsatzen jarrita, nabarmendu du “Maialen Lujanbioren nagusitasuna plazan”. Haren ustez, “txapela berriro irabazteko aukera asko ditu”.

Finala Iruñera eramatea “oso ondo” iruditu zaio. “Sinisten badugu Euskal Herria zazpi lurraldek osatzen dugula eta Iruñea dela hiriburu historikoa, logikoa da”. Gainera, debeku askorengatik euskaraz bizitzeko arazo gehiago dituen eremua izanik, besteek “konfort eremutik atera” behar dutela esan du. “Oso albiste inportantea da finala Iruñean izatea”.

(goiko argazkian, Onintza Enbeita)

AITOR BIZKARRA: “Ibarzabal da nahikoa hautagai argia finalera pasatzeko”

AITOR_BIZKARRA

Lehenengoz lehiatuko da Aitor Bizkarra Ruiz (Abadiño, 1996) Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian. “Urduritasun berezirik” ez duela adierazi du: “Lehen aldiz noanez, ez daukat ezer galtzeko. Dena daukat irabazteko”. Bere helburua finalaurrekoetara iristea da. Eta bere buruari jarri dion erronka “bertsotan ganoraz egitea” da. Hain zuzen ere, kezkarik handiena sortzen diona horixe da: “Fundamentuzko ezer egin gabe bueltatzea Lizarratik [Nafarroa]”. Bertan egingo du lehen saioa, urriaren 9an.Gainerako txapelketetarako egin ohi dituen prestaketa lanak egiten ari da Bizkarra ere: “Betiko moduan, bertsotarako geratu, ahal dela aktualitatearen gainean egon, egunkariak irakurri eta gutxi gehiago”. Ez du uste ariketa zehatzen batean moldatzen denik hoberen. “Esan izan didate bakarka egiten dudala hoberen, baina ez dut uste horrela denik. Egunaren arabera izaten da”.Haren ustez, aurten Euskal Herriko txapela nork jantziko duen asmatzen saiatzea baino “askoz kiniela interesgarriagoa da nor pasa daitekeen finalera. Aurten, derrigorrez egongo dira izen berriak, aspaldiko partez”. Bizkarra ausartu da finalista baten izena ematen: Nerea Ibarzabal. “Hura da nahikoa hautagai argia finalera pasatzeko. Hala ere, izen berri bi egongo dira finalean”, ekarri du gogora. Ibarzabalekin batera nor ikusten duen iragartzera ez da animatu: “Badaude bertsolari batzuk hor ibil daitezkeenak, baina ez naiz ausartzen esaten”.Txapeldun argirik ez

Txapela janzteko izenen artean Maialen Lujanbiorena bolo-bolo badabil ere, Bizkarrak ez du ikusten horren argi: “Nire ustez, ez dabil 2017an sortu zuen zirrara eta harridura maila berean. Baliteke orduan bezain ondo ibiltzea, baina ja ez dauka orduan eragin zuen ezusteko faktore hura”.

Haren esanetan, “bistakoa izan zen 2017an aldaketa kualitatibo bat” egon zela Lujanbiorengan, “eta irabazi egin zuen”. Aurten ez zaio iruditzen hura “hainbesteko eraginik sortzen” ari denik plazan ere. Gainera, uste du kontuan izan behar dela Lujanbiok finalean bertan hasiko duela bere lehia: “Eta hori handicap bat da bertsolari batentzako”.

OIHANA BARTRA: “Emakume gehiago dituen final bat entzun nahiko nuke”

OIHANA_BARTRA

Txapelketako lehen saioan kantatuko du Oihana Bartra Arenasek (Bilbo, 1984), bihar, Getxon. Bizkaitar bakarra izango da biharkoan. Lehenengo kanporaketa izanik, “bat-batean”, oraindik giroan sartu gabe, iritsiko zaion sentipenarekin zegoen. Hala ere, adierazi du “asko” poztu zela jakitean Getxon kantatuko zuela: “Publiko friendly [lagunkoi] bat irudikatzen lagundu dit. Txapelketatik kanpo ere aspalditik ezagutzen dugun bertsozale bizkaitar hori ikusten dut. Eta pentsatu dut, ‘hauek ezagutzen gaituzte, nahi dute guk ondo egitea’, eta horrek lagundu dit lasaiago hartzen”.Egokitu zaizkion kantukideekin ere gustura dago. Ez ditu ikusten lehiakide moduan: “Ez daukadanez txapela irabazteko edo finalera heltzeko esperantzarik, pentsatzen ari naiz ea lortzen dugun txapelketa txukun bat egitea”.Gusturen aritu ohi den ariketa edo bertso ereduei buruz galdetuta, esan du “txikiko neurriak” gustatzen zaizkiola gehien. Horrez gain, adierazi du “nahiz eta txapelketarako nahiko ariketa arriskutsua” izan, “asko” gustatzen zaiola “puntu erantzunen ariketa”.Bertso kideekin kantuan

Txapelketarako prestaketa lanei dagokienez, trebatzeko Bizkaiko txapelketetan batu ohi direnak batu direla azaldu du. “Kantuan aritzen gara, batez ere. Txapelketako ariketak elkarri ipini eta kantatzen ditugu. Gero etxean ere koadernoan lan pixka bat egiten ari naiz. Ez naiz ari ikaragarri prestatzen, baina ari gara, bai”. Prestaketa lan horien alde ona azpimarratu du: “Zure kantukideekin denbora gehiago pasatu eta konpartitzeko aukera ematen du. Horrek ere badauka bere alde ona”.

Txapela nork jantziko duen ez daki. Horren ordez, ilusio bat duela adierazi du: aurten txapela emakume batek janztea gustatuko litzaioke. “Eta emakume gehiago izango dituen final bat entzutea. Orain arte Maialenek [Lujanbio] bakarrik lortu du finalera iristea. Aurreko txapelketan, finalaurrekoetara arte emakume asko ikusten ziren, baina finalak erakutsi zuen oraindik hemen muga batzuk daudela. Aurten kristalezko sabai hori apurtzeko aukerak daude”.

GORKA PAGONABARRAGA: “Denei komeni zaie puntuz altu joango den saio bat izatea”

GORKA_PAGONABARRAGA

Urduri dago Gorka Pagonabarraga Agorria (Durango, 2000). Lehenengo aldia du Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian. “Iaz [Bizkaiko] txapelketa ona atera zitzaidan, eta heldu nintzen maila polit batera. Orain, maila horri eutsi nahi diot, baina ea gai izango ote naizen. Badauzkat nerbioak, bai”, aitortu du.Badu esperientzia. Iazko Bizkaiko Txapelketan finalista izan zen, eta eskolarteko txapelduna ere izan zen 2018an, Bizkaian eta Euskal Herrian. Hala ere, badaki Txapelketa Nagusiak “ikusmin handia” sortzen duela: “Euskal Herriko Olinpiar Jokoak dira; lau urtean behin egiten dira, eta foku asko edukitzen ditu gainean”. Alde horretatik, saioa “desberdintxo” hartzeko modukoa dela aitortu du, nahiz eta ez duten “aparteko ezer” egin behar. “Beste edozein saiotan bezala, dakigunetik ofizioetan eta bakarka ahalik eta hoberen egitea izango da”.Etzi du lehen saioaLehen saioa etzi tokatuko zaio, Arrrasaten (Gipuzkoa). Uste du “interesgarria” izango dela: “Bakoitza bere etxekoa da kartel horretan”. Pagonabarragarekin batera ariko dira Iñaki Apalategi, Joanes Illarregi, Miren Amuriza, Saioa Alkaiza eta Xabier Silveira. Miren Amuriza ikusten du indartsu: “Euskal Herrikoan oso saio onak egindakoa da. Esango nuke aurten ere erakutsiko duela beretik”. Bestalde, “Xabier Silveira ikusmin handia sortzen duen bertsolaria” dela adierazi du; “baina inork ezin du esan zer mailatan ikusiko dugun”, esan du. Haren esanetan, “denei komeni zaie saio polita ateratzea eta puntuz altu joango den saio bat izatea, gero aukerak izateko sailkapenean aurrera egiteko”.

Pagonabarragari konturatzerako etorri zaio gainera txapelketa. Abuztuan kostatu egin zaio beste bertsolari batzuekin elkartu eta bertso lanketa egitea. Hala ere, egin du lanketa apur bat: “Ohiko moduan batzen gara bertso eskolan, eta gero norbere etxeko lana ere badago: ideiak, errimak eta lantzen”.

Txapeldun nor ikusten duen galdetuta, “zalantzarik barik, denen ahotan dabilen hautagai nagusia Maialen Lujanbio” dela esan du. “Maialenek bere onena ematen badu, hura ikusten dut txapeldun”.