Jaiak eta garaiak

Kolitzapean dagoen eremuan era askotako jaietan murgilduta daude biztanleak udaren hondarrean. Dena den, iraila ez da bukaera bat, urte berriaren hasiera baizik, hurbiltzen den udazkenari gorazarrea. Udak uzta ekarri du eta biltegiak ongi hornituta daude, halako ospakizunetan behar den guztia eskura izateko, hain urrun ez daukagun baserritarraren ikuskera erabiliz. Agian teoria honek ez du ez hanka, ez buru ikuspegi zientifiko edo antropologiko batetik, baina kurtsoka bizi garenontzat oso ondo moldatzen da, urteak ez baitira hasten urtarrilaren lehenengoan, kurtso berri bat hasten denean baizik. Horregatik dira, hain zuzen ere, hain garrantzitsuak une hauek, datorrenari aurre egin baino lehen irakinaldi bat ematen diogulako bizitzari inguru hauetan, beste askotan bezala.

Jaiak oso elementu interesgarria dira gizatalde baten egituraketan, gizarte tarte zabal batek partekatzen baititu ekintzak, ekimenak eta ohiturak; azken horiek, antzinatik etorri zein sortu berriak izan, diskurtso egoki bati lotura ematen dioten bitartean.

Garai eta jai hauek guztiek parada ematen dute hausnartzeko, pentsarazteko eta ahal dena eraldatzeko. Batak ez du bestea kentzen, buruari eragin eta gorputzari astindu txiki bat eman, herritarrak kontsumitzaile bilakatu gabe. Plazak izan daitezela sortzeko gune ere, eman diezaiogun bidea dantzari, musikari, baita ikuspegi kritikoari ere. Ahanztura ez da zoriontsua izateko bide bakarra, begien aurrean dagoena gordina izanik, horren analisia eta eraldaketarako grina beharrezkoa baita.

Ez dakigu zer datorkigun etorkizun hurbilean; udazkena beroa izango da edozein kasutan, ez bakarrik zentzu metaforikoan. Borborka egon daitezke aldi berean gorputza eta burua, sutan bihotza eta barrunbe guztiak. Xaxatu ditzagun neuronak eta endorfinak, biak ala biak harremanetan jarri ditzagun bizirik sentiarazteko.

Santuen izendegia ikasi genuen bere garaian jairik jai mugitzen ginelako. Kasu askotan herri edo auzo batekin lotzen genuen aldi berean, nahiz eta ospakizunetako prozesioak barrutik joaten ziren; kirioak eta kandelak ordu txikietako iluntasuna argitzeko erabiltzen genituen. Orain beste tropel batean aritzen gara, eguneko argiarekin, goizean hasi eta eguzkiaren itzalari etekina ateraz.

Denbora badoa aurrera ezinbestean. Coca-Cola lata bat baino gehiago da utopia barneratu genuen Moraurekin, baina azken kontzertuan ardoak sortzen dizkion galderei erantzuten aritu zen Beñardoren laguntzaz, eta alkoholik saltzen ez duen txosna baten ondoan, farolapeko ilunabarrean. Azken finean, ez da bakarrik urteroko sasoien antolakuntza nahita aldatzen duguna, baita bizitzarena ere.

Anariren bertsioa parafraseatuz, harrapa gaitzala iraultzak dantzan edo jan-edanean edo… hedonismoaren atalen batean.