‘Bosteko’-ren mende laurdena

‘Bosteko’-ren mende laurdena

Natalia Salazar Orbe

Duela ia mende laurden hasi zuen ibilbidea Bosteko arte erakusketa ibiltariak, 1998an. Helburu argia zuen: zenbait euskal sortzaileren lanen lagin txiki bat jaso eta horiek erakustea beste era batera lanotara gerturatzeko aukerarik izango ez zuten ikus-entzuleei. Lan horretan jarraitzen du gaur egun. Basaurin hasi du ibilbidea 25. Bosteko erakusketa ibiltariak. Sortu zutenez geroztik izan duen egiturari eutsi dio aurten ere: gai beraren inguruan hainbat sortzailek egindako lanak jaso ditu. Hiru batu zaizkio aurten: Izaskun Alonso Saratxaga (Bilbo, 1971), Mikel Garate Arakama (Azkoitia, Gipuzkoa, 1969) eta Jorge Rubio Pinedo (Bilbo, 1972) Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako Fakultateko irakasleak.

Gizakiek espazioa zer-nola bizi duten eta espazio horretaz zer-nola jabetzen diren ulertzeko beharretik sortu dute Bizi, Bosteko erakusketa ibiltariari aurtengo izenburua eman dion gaia. Espazioaren eta gizakien jardueren arteko topaketatik sortzen den esperientzia gisa ulertzen dute bizitzea erakusketan parte hartu duten artistek, erakusketaren aurkezpenean azaldu zutenez. Sarri asko, arkitektura aurkezten da gizakiaren existentzia antolatzen eta definitzen duten espazio horiek eraikitzen dituen erreminta gisa. Artistok uste dute praktika artistikoek leku horien esanahia aldatzen duten eragile gisa funtziona dezaketela, hortik esperientzia berriak sortzeko.

Diziplina askotarikoak

Hainbat eratako lanak daude ikusgai: pintura, espazioan egindako esku hartzeak, argazkiak, eta gizakientzako babesleku txiki bat ere bai. Horiek guztiek erantzuna eman nahi diote bizitzaren jarduerari berari. Izaskun Alonso Saratxagak hiru ikuspegitatik heldu dio pinturari: mihisean gertatzen dena, errealitate birtualean sortzen dena eta espazioan sortzen dena jaso ditu. Mikel Garcia Arakamak argazki irudiak memorian uzten duen aztarna oinarri hartuta landu ditu paisaiak. Leku eta garai askotarikoak irudikatuko dizkiete haietan gertatzen dena behatzen dutenei. Jorge Rubio Pinedoren lanek ikusleari ohartarazten diote beharrezkoa dela gizakiak babesteko lekuak sortzea; hobekuntzarako habitatak proposatzen ditu, gizakiek hazteko eta euren burua babesteko lekua izan dezaten.

BOSTEKO_ERAKUSKETA copia

Erakusketa herri batetik bestera ibiliko da, ohikoa duen bezala: Basaurin hasi zuen ibilbidea joan den astean —Ariz dorrean—, eta bertan izango da hilaren 29ra arte; handik Leioara eramango dute —urriaren 23tik 24ra—; Getxon ikusi ahalko da urriaren 27tik azaroaren 17ra; Zornotzak hartuko dio lekukoa hari —azaroaren 21etik abenduaren 12ra—, eta Arrigorriagan izango da lanok ikusteko azken aukera, abenduaren 15etik datorren urteko urtarrilaren 8ra.

Bi komisario

Amparo Lozano eta Julen Araluze dira aurtengo Bosteko erakusketaren komisarioak. Bizkaiko Foru Aldundiaren eta erakusketa hartuko duten herrietako udalen babesa ere badu ekinbideak.

Erakusketarekin batera, jarduera osagarriak antolatu dituzte. Besteak beste, datorren asteko barikuan, Basaurin, Cosas del habitar izeneko hitzaldia egingo dute artistek eurek eta beste gonbidatu batzuek. 19:00etan egingo dute, Ariz dorrean bertan. Artistek euren esperientzia artistikoa eta lan ildo nagusiak kontatuko dituzte topaketan.