Banden ahala aldarrikatzeko

Banden ahala aldarrikatzeko

Amaia Igartua Aristondo

Bilboko Udal Musika Bandak ere abiatu du 2022-2023ko denboraldia. Emakume konpositoreak omentzeko kontzertu batekin eman zion hasiera kurtsoari, joan den ostiralean, Azkuna zentroan, eta beste hamabost programa antolatu dituzte apirilaren 28ra bitartean. Guztira, hirurogei bat lan interpretatuko dituzte. Azkuna zentroan ez ezik, Juan Crisostomo Arriaga kontserbatorioan eta Gizakunde elizan ere joko du bandak, eta Euskalduna jauregian izango ditu saio gehienak: guztira, 11. Jose Rafael Pascual-Vilaplana bandako zuzendariak gidatuko ditu saioetako bederatzi —zortzigarren urtea du aurtengoa—, eta beste batzuk ariko dira gainontzekoetan: Iñaki Urkizu zuzendariordea, Mario Ortuño Gelardo, Iker Sanchez eta Ligia Amadio.

Espazio soinudunak du izena Pascual-Vilaplanak diseinatutako egitarauak. “Uste dut leku guztiak lotuta daudela soinu batekin, eta barneko soinu bat dagoela gogora ekartzen diguna beti irudi bat eta oroitzapen bat”. Askotarikoak eta eklektikoak dira tokiok, zuzendariaren ustez, eta halakoak dira, era berean, banda garaikideak, aldarrikatu duenez. “Espazio soinudunak deitu diot denboraldiari, hain justu eskaintzeko beste toki batzuk, jendeak banda batetik espero ez dituenak”. Dioenez, banda baten ahalen inguruko “estereotipo” bat dago: publiko jakin bat omen dute, eta musika estilo jakin bat baino ez dute interpretatzen. Alabaina, irudi horren atzean “ezjakintasuna” dago, Pascual-Vilaplanaren iritziz. Hala, askotariko programa taxutu du zuzendariak, banda batek askotariko moldeak jo ditzakeela erakuste aldera.

Bandak “potentziala” duela adierazi du zuzendariak, hala historiari, nola etorkizunari begira. “Gutxi erabili diren tresna artistikoak dira. Banda batek potentzialtasuna du kultura garaikiderako. Batzuetan ematen du banda eta izaera garaikidea kontrako kontzeptuak direla, baina ez da hala”. Eta, horretarako, banden errepertorio klasikoa berreskuratzea du jomuga zuzendariak, besteak beste. Izan ere, “auditoriumek ez dute hura eskura izan, denbora askoan orkestraren ordezkari bezala erabili baitira bandak, eta errepertorio propioa mugatu izan da”. Haren esanetan, helburuetako bat da pieza horiek publikoari ezagutaraztea.

Edonola ere, transkripzioak izango ditu denboraldi berriak. Bandaren ezaugarriak “aprobetxatuta”, pieza batzuk bandaren lengoaiara itzuliko dituzte. Eta, horrez gain, lan berriak ere joko dituzte musikariek, lau estreinaldi egongo baitira kurtsoan. “Konpositore batentzat tresna artistikoa izan daiteke banda, lengoaia bezala balio dakioke, badituelako ezaugarri idiosinkratiko batzuk desberdintzen dituztenak beste talde sinfonikoetatik”. Asmoa da hori agerian uztea.

Bidelagun ugari

Musika bandak batzuetan beste artista batzuk izango ditu lagun agertokian. Esaterako, Iruñeko Orfeoiarekin batera joko du Carl Orffen Carmina Burana, urriaren 1ean, Euskalduna jauregian. Per Poc txotxongilo konpainia lagun, kontzertu bisual eta poetiko bat emango du toki berean, azaroaren 6an: Bizi-eskuak… Programa horretan, Franco Cesariniren eta Sergei Prokofieven obrak joko dituzte, besteak beste.

Abenduaren 22an eta 23an, Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin kolaboratuko dute, Euskaldunan: Ricardo Mollaren eta Cesariniren lanak joko dituzte, esate baterako. Eta Musikeneko ikasleekin batera ere arituko dira: erakundeko konposizio bat estreinatuko dute, eta Juan Crisostomo Arriagarekin, Richard Straussekin eta Armando Blanquerrekin biribilduko dute saioa.

Denboraldi honetan, bestalde, Orkestra Zuzendaritzako Topaketak egingo dira, urtarrilaren 10etik 13ra. Isabelle Ruf-Weber izango da irakasle gonbidatua.