Aspaldiko tradizio berrituak

Aspaldiko tradizio berrituak

Amaia Igartua Aristondo

Bada folka askotariko lekuetarako musika aproposa. Taxuz girotu dezake areto bat, eta ederto aprobetxatu dezake, orobat, kaleko giroa; har dezake jaien tankera, edo izan daiteke korronte zaharren eta berrien topaleku. Eta izan daiteke, halaber, adituarentzako gozagarri, baina baita ezjakinarentzako pizgarri ere. Biak ala biak ditu jopuntuan Getxo Folk jaialdiak, Ainhoa Ibañez Arana programatzailearen esanetan: “Helburua da folk musikaren transmisioa, batez ere; folka hurbiltzea mota askotako publikoari: gazteak, umeak, helduak, familiak… Ez dago soilik folka maitatzen dutenei zuzenduta; publiko berria ekartzen saiatzen gara”.

Irizpide horrekin taxutu dute 38. aldiko egitaraua ere. Igandera arte egingo da jaialdia, eta bi agertoki izango ditu: iaz Muxikebarri aretoan baino ez zituzten antolatu kontzertuak, osasun egoera hartan egokien ikusi zutelako, eta aurten kalea berreskuratu dute berriro. Oraingoan, Algortako Portu Zaharrean ere izango dira kontzertuetako hainbat: horiek doakoak izango dira, eta Muxikebarrikoak, aldiz, ordainpekoak.

Festibalaren kartelak argi uzten du egitarauaren zutabeetako bat: emakumeen presentzia. Andre baten aurpegiarekin bete du lamina Ane Pikaza ilustratzaileak. Ibañez Aranak ildoa berretsi du. “Muxikebarriko kontzertuetan, emakumeak izango dira protagonista”. Ana Alcaidek abiatu zituen kontzertuak herenegun, Tanxugeiras Galiziako taldeak hartu zion lekukoa atzo, eta emakumez osatutako taldeekin biribilduko dute zerrenda.

Esperimentatu eta limurtu

Enredadas taldeak lan berria aurkeztuko du gaur: De coplas y alalás. Espainiako musikari beteranoak dira kideak —Uxia, Martirio, Carmen Paris eta Ugia Pedreira—. Hala nola kopla eta jota jorratzen dute, beste estilo batzuekin batera, baina musika tradizionalarekin esperimentatzen dute, programatzailearen arabera. Maria Arnal eta Marcel Bages bikotea ariko da bihar. “Azkenaldian nahiko arrakastatsuak izaten ari dira. Musika herrikoia egiten dute, baina saiatzen dira gaur eguneko soinuetara egokitzen”.

Enredadas

Esperimentazioa aipatu du Ibañez Aranak, halaber, Neomak taldeari buruz mintzatzean. Kepa Junkerarekin batera urte askotan ibilitako taldea da, proiektu, izen eta disko berriarekin datorrena. Ahotsa perkusioarekin, trikitiarekin eta soinu elektronikoarekin uztartzen dute. Etzi emango dute kontzertua.

“Folkaren panoramaren isla” dira Muxikebarriko emanaldiak, programatzailearen irudiko. “Emakumeak izaten ari dira folkaren transmisiorako oinarrizko figurak”. Badira, orobat, musika herrikoiaren eraldaketaren lagin bat ere, hein batean: sustraietan oinarrituta, betiere, berrikuntzetara jotzen dute interprete denek. “Beste korronte batzuk nahasten ari dira. Badirudi aldaketa bat dagoela folkean, eta guk hori kontutan hartu dugu, baina ahaztu barik folka tradizioa dela”.

Askotariko publikoari zuzenduak dira Portu Zaharreko kontzertuak. 18:00etakoak “folkari ohituago daudenentzat” dira, Ibañez Aranaren hitzetan. Mielotxin Nafarroako taldeak joko du gaur, zenbait gonbidaturekin batera, eta Asturiasko (Espainia) Eva Tejedor eta Les Pandereteres ariko dira bihar. Cadizko (Espainia) Cadipsonians Band taldearen txanda izango da igandean: inauterien elementuak, umorea eta kritika soziala batzen dira musikari horien jardunean.

Gaueko saioak 23:00etatik aurrera izango dira. Gozategi igoko da gaur Portu Zaharreko oholtzara. 30 urte bete dituzte aurten, eta urteurrena ospatuko dute Getxon ere, trikiti doinuekin. Buhos Kataluniako taldea izango da bihar, rocka eta musika herrikoia nahasten dituzten doinuekin. “Gazteentzako dira kontzertu horiek, haiek folkera lotzeko”, programatzaileak azaldu duenez. Aldiz, haurrei eta familiei bideratuta daude eguerdiko emanaldiak. Antzerki musikala eskainiko da, zehazki: La Chica Charcosek Cuando los peces vuelen interpretatuko du bihar, eta Lucas Escobedo konpainiak, Paüra.

Kalejirak ere egongo dira Getxo Folken. Gaur, Naiara eta Izarra trikitilariak Portu Zaharretik San Nikolas plazaraino joango dira, 17:30etan; bihar, ordu berean hasi eta ibilbide bera egingo dute Euskal Giroa txistulariek; eta, domekan, Agurra konpartsako buruhandiak eta erraldoiak La Olatik Portu Zaharrera joango dira, 11:30ean.

Maria Arnal eta Marcel Bages