Eskolatik museora, irakastetik erakustera

Eskolatik museora, irakastetik erakustera

Olatz Silva Rodrigo

Villaverde Turtzioz haranean, Matanza auzoan kokatuta dagoen eraikinean, jada ez dago irakaslerik; bisita gidariek lekua hartu diete. Ikaslerik ere ez dago; orain, bisitariak igarotzen dira handik. Eskola izatetik, zentro etnografiko izatera igaro da Villaverde Turtzioz haraneko etxea. Helburua, ordea, bera da: hara sartzen direnak kontu berriak ikasita ateratzea handik.

2001. urteko uztailean ireki zituen ateak Enkarterri ondoan dagoen zentro etnografikoak. Ordutik, arbasoen eguneroko bizitza ezagutzeko aukera eskaintzen du, baita ahaztutako lanbideetara hurbiltzeko aukera ere. Udaldian dago irekita. Asteazkenetik igandera bitartean bisita daiteke, 12:00etatik 19:00etara, eta irailaren hirugarren astera arte egongo da zabalik. Azken egun hauetan bisita gidatua egiteko aukera izango dute joaten direnek.

Areto nagusia etnografiari, nekazaritzako tresnen erakusketari eta etxeko tresnei buruzkoa da. Hormetan, ohitura desberdinei buruzko panelak daude, abeltzaintzari, nekazaritzari, eta natura eta kultura ondareari buruzko testu eta argazkiekin.

“Iragana ezagutzeko hainbat tresna daude museoan”, azaldu du Nekane de Castro zentro etnografikoko bisita gidariak. De Castro ez da Villaverde Turtziozkoa, baina, museora ailegatu, eta bertako historiak “liluratuta” utzi zuen. Hiru solairu ditu zentroak, eta jende “askok” utzitako piezak ditu barruan: “Josune Aurrekoetxeak, Bilbon antzinako piezen denda bateko ugazabak, esate baterako, tresna asko eman zizkion museoari”, adierazi du.

VILLAVERDE TURTZIO HARANEKO ZENTRO ETNOGRAFIKOA

Gurina egiteko makinak, antzinako erlauntzak eta idazmakinak iraganera salto egiteko eta antzinako lanbide herrikoiak nolakoak ziren ikusteko aukera ematen diote bisitariari. Sagardo eta txakolinaren ekoizpena nolakoa zen ikus dezakete, baita zerrategiko eta herriko etxeetako eguneroko bizimodua nolakoak ziren ere. Gainera, pasabolo erako bola jokoan irabazitako hainbat kopa daude.

Dena den, De Castroren ustez, tresnarik garrantzitsuena egur ikatza egiteko erabiltzen zuten txondorra da, herriaren “nortasuna” islatzen duelako. “Ezin da galdu”, esan du. Ikatza lortzeko erabiltzen zituzten tresna guztien erreprodukzioa ikus daiteke bertan. Horrez gain, elementu grafikoek aspaldian egur ikatza nola lortzen zuten erakusten dute. Ikazkinek babesteko zerabilten garoen txabola bat ere badago.

Villaverde Turtziozko zentroan, antzinako tresnez gain, koadroak ere badaude; azken solairuan, hain zuzen. Hilabetero, koadro erakusketa bat egin dute. Orain, Iñaki Geijoren erakusketa ikus daiteke. Haizearen seme-alabak izena du, eta Ipar Amerikako indioei buruzkoa da.

Bi eremutan banatuta

Gidariak azaldu du museoa bi eremutan banatuta dagoela: “Lehen, eskolan mutilak eta neskak bananduta zeuden”. Mutilen eraikina museoa sortzeko erabili zuten. Nesken eraikinean, berriz, gizarte etxe bat egin zuten. Bertan, jarduera “asko” antolatzen dituzte udan; besteak beste, kontzertuak, antzerkiak eta umeentzako magia erakustaldiak.

Museoaren azpian, aspaldi kartzela “txiki” bat zegoela esan du De Castrok. Orain, upeltegi bat dago han. Ardoaren elaborazioa eta ekoizpena ikusteko aukera dago. Bisitariek ikusgai dagoen makina batekin praktikatzeko aukera ere badaukate.