Diesel motorren alternatiba

Meatzaldeko Behargintzak diesel motorrak gas motor bihurtzen irakatsiko die Lanbide Heziketako mekanikariei. Bi urte barru jarriko dute martxan proiektua.

Iraia Vieira Gil

Europako Batasunak gasolina eta diesel motorrak erabiltzen dituzten autoak saltzea debekatuko du 2035. urtean. Euskal Herrian motor mota horiek 2050. urtera arte erabili ahal izango badira ere, ingeniariak diesel motorrak erabiltzeari uzteko alternatiba bila dabiltza jada. Gauzak horrela, Iñaki Loroño (Bilbo, 1963) EHUko Makina eta Motor Termikoko irakasleari diesel motorrak gas motor bihurtzeko eskolak ematea otu zitzaion; beste gauza batzuen artean, emisio kutsakorrak gutxitzeko helburuarekin. “Kutsadura murrizteko epe luzerako konponbideak egon badaude: hidrogeno bidezko motorrak, adibidez”, adierazi du Loroñok. Oraindik, baina, guztiz garatu ez dituzten teknikak direla esan du: “Gasak dieselak baino gutxiago kutsatzen duela badakigu, eta epe laburrera motorrak moldatzeko arazorik ez dagoela ere bai”.

Ordea, proiektua aurrera eramaten saiatu zenean, automobil industriak oztopoak jarri zizkion hasieratik. “Automobil industriaren lobbya izugarri handia da. Enpresek piezak aldatu eta berritzen dituzten mekanikari propioak dituzte, eta merkatua kontrolpean izateko hala komeni zaie”. Autoen motorretan eskua sartzerik ez zuela konturatu zen orduan Loroño, eta pentsatutakoari buelta bat eman zion. “Itsasontziak etorri zitzaizkidan burura. Euskal Herrian flota handia daukagu, eta ontzi gehienek diesela erabiltzen dute”. Autoekin egin nahi zuena egitea zaila zen, baina ontzietarako merkatuak askoz libreagoa zirudien.

‘Artzain II’ ontzia doan

Hala izan zen: joan den urtean, Bilboko Portuko Agintaritzarekin akordio bat sinatu eta Portuak Artzain II ontzia eman zien doan. “Bi motor independente ditu, eta motor bakoitzeko helize bana”, azaldu du Loroñok. “Bi motor izateak dieselaren eta gasaren erabileraren arteko konparazioa egiteko aukera ematen digu. Hori da, hain zuzen, gure helburuetako bat”. Baina ez bakarra. Motorrak berritu eta eraldatzeko plana bi zatitan banatuta dago: batetik, teknikoa, eta, bestetik, pedagogikoa.

Euskal Herriko Unibertsitateak ez zuen proiektuan parte hartu nahi izan, ordea, eta Loroñok klaseak emateko beste bide bat bilatu behar izan zuen. Horrela, Meatzaldeko Behargintzarekin harremanetan jarri zen eta Artzain II. Lanbide Heziketako ikasgela bihurtzeko erabakia hartu zuten.

Ikasleek gas motorrak instalatzen ikasiko dute bertan, eta, gainera, gas instalazioetarako profesionaltasun ziurtagiriak lortzeko aukera izango dute. “Gas instalazioak egiten dituzten mekanikari asko daude, baina guztiek ez dituzte segurtasun araudiak betetzen, edo ez dakite gasa behar bezala manipulatzen”. Eta hori da, hain zuzen, haiek irakatsi nahi dietena. “Guk instalazioak behar bezalako segurtasunarekin egiteko gaitasuna eman nahi diegu”.

Ikastaroei dagokienez, ez dira izango ikasle profil jakin batentzat. Edonork egin ahal izango du profesionaltasun ziurtagiria lortzeko ikastaroa: “Langabezian dauden mekanikariak, hasiberriak direnak, lanean dabiltzanak…”. Izan ere, mekanikariak trebatzeaz gain, lan merkatuan daudenei aukera berriak ere eman nahi dizkiete.

Horretarako, konplikatuak ez diren edukiak eskainiko dizkiete ikasleei eta, diesel motorrak transformatzeaz gain, egunerokoan beharrezkoak diren trebetasunak ere eskuratuko dituzte. “Mekanikari batek etxeko galdara aldatu nahi du, esaterako, baina ez daki nola. Hori egiten ere erakutsiko diegu”, adierazi du Loroñok.

Xede nagusiak zeintzuk diren, beraz, argi dago: diesel motorrak gas motor bihurtzea eta mekanikariak lan merkaturako prestatzea. Artzain II ontzia erabili ahal izateko, ordea, Meatzaldeko Behargintzak bestelako helburu orokorrak beteko dituela ere sinatu behar izan du. Hala nola ikerketetan ateratako ondorioen zabalkundea eta kontzientziazioa egin beharko ditu, eta txikiagoak diren ontzientzako alternatiba merkeagoak garatu ere bai.

Inbertsio handia

Alderdi pedagogikoa hemendik bi urtera martxan jartzeko asmoa du Meatzaldeko Behargintzak. Bien bitartean, Artzain II Bilboko Portuan atrakatu dutela azaldu du Loroñok: “Oraindik ere ontzia ikasgela bihurtzeko baimenak behar ditugu, eta hainbat kontu burokratiko ere konpondu gabe daude”. Ez dute proiektua gehiago atzeratzerik nahi, baina oztopo gehiago topatzearen beldur dira. “Hasi ginenetik arazoak aurkitu ditugu. Autoen lobbya, EHUk proiektua bertan behera utzi izana… Orain babesleak ditugunez, dena behar bezala joatea espero dugu”.

Bien bitartean, ontzia etorkizuneko erabilerarako egokitzen hasi dira, baita gas naturalaren erabilerarako aldaketak egiten ere. “Horretan ere ez dakigu zailtasunik aurkituko dugun. Gasaren merkatua ez da oso egonkorra, eta espekulazioan oinarritzen da guztiz”. Loroñok berak ez du ulertzen zergatik gertatzen den hori, baina uste du Ukrainako gerra ez dela batere lagungarria izan. “Ukrainakoak ez du laguntzen, baina politikariek gasa garestitzeko duten joera ere ez dut ulertzen”, esan du.

Proiektua garatzeko inbertsio handia behar da, “are gehiago Artzain II-aren dimentsioak kontuan hartuta”. Guztira, 8,96 metro luze eta 3,10 metro zabal da ontzia. Kroskoaren barrua 1,48 metro garai da, eta, orotara, 10,96 tona ditu. “Proiektuak horrelako ontzi batekin funtzionatzen baldin badu, etorkizunean ontzi txikiagoetan Lanbide Heziketa eskaintzea ere gustatuko litzaiguke”.

Horretarako, baina, formakuntzarekin hasi behar dira. “Ikastaro bakoitzeko hamar eta hamasei mekanikari artean trebatu ahalko ditugula uste dut, betiere Lanbideren ikastaroetako datuak kontuan hartuta”. Ikasleen zenbateko zehatza ematea ezinezkoa zaio oraindik.