Aitzurra, sustraitzeko lanabes

Aitzurra, sustraitzeko lanabes

Javi West Larrañaga

Bi urteko marka gaindituta, hirugarrenaren bidean dabil Bermeoko Lurre Hurre egitasmoa. Aukera askorik ez daukaten kanpotarrei lanbide bat irakasteko helburuarekin hasi ziren, eta horretan dihardute oraindik. Nekazaritza lanbidea irakasten diete egoera administratiboa erregularizatzen ari diren etorkinei.

2020ko itxialdian hasi ziren proiektua sortzen, pandemia hastean. Josu Ojinaga bultzatzaileetako batek azaldu duenez, herriko senegaldarren egoera “oso txarra” izan zen COVID-19aren lehen hiletan. “Etxean geratu behar zuten, eta etxean ez zeukaten ezer. Ez hozkailuetan janaririk, ez poltsikoetan dirurik”. Hasiera “izugarria” izan zela aipatu du, baina lortu zutela aurrera egitea.

Kanpotar ugarik jotzen dute Bermeora arrantza munduan lana bilatzeko. Ojinagaren arabera, hori da herriko senegaldarren kasua, haien kulturan pisu handia baitu itsasoak: “Baina ailegatzen dira hona, Bermeora, eta egoera ez da ona. Hamazazpi itsasontzi daude, bakoitzean lau-bost gizon daude, eta horien artean bi-hiru atzerritarrak dira. Ez dago haientzako lanik”.

Horregatik pentsatu zuten lehen sektorearekin lotutako beste zeozer egin zezaketela. Kezka bi uztartzen ditu proiektuak: alde batetik, Bermeon bizi diren kanpotar askok bizimodua ateratzeko aukera edukitzea, eta, bestetik, inguruko produktuen aldeko apustua egitea. Nekazaritza ekologikoa da oinarria, eta, Ojinagaren esanetan, ez diete produktu kimikorik botatzen barazkiei; konposta eta satsa erabiltzen dituzte. “Gure apustua beti izan da organikoaren aldekoa”. Sustatzaileak uste du horretara egokitu behar duela gizarteak, hurreko produktura: “Oso garai erdibidekoan bizi gara. Ikusten da hori izan behar dela etorkizuna, baina oraindik ez da egiten hurreko nekazaritzaren aldeko politika planifikaturik apustu garbi batekin”.

Bermeoko mendialdekoa da Ojinaga, baserri girokoa, eta bere begiekin ikusi du inguruko lurretan zelan hedatu diren pinua eta eukaliptoa, eta zelan aldatu den paisaia. “Hori guztia, lehen, landu egiten zen”, azaldu du, Bermeoko Almike auzoan dauzkaten soroetatik inguruko muinoetara seinalatuz.

Utzita zeuden lursail bi laga zizkien Almiketxu jatetxeak, eta bat Bermeoko Udalak. Hor egin dituzte soroak, eta barazkiak norabidearen eta haizearen egokitasunaren arabera banatu dituzte. Ondoan daukate etxea parte hartzaileek, frantziskanoek utzitako eraikin batean. Bertan gordetzen dituzte ekoizten dituzten produktuak, eta hantxe egiten dituzte kontserbak eta marmeladak.

Antolatzaileen arabera, hamabost pertsona igaro dira proiektutik guztira. Hainbat herrialdetakoak izan dira, baina gehienak afrikarrak. Horietako hiruk lortu dute gerora lana Bermeoko berotegietan. Hasierako asmoa zen hori, nekazaritza lanak irakastea, eta parte hartzaileek arlo horretan lan egin ahal izatea ondoren. Askok ez dute nahi baserritar izan, ordea, eta arrantza munduan saiatzen dira. “Berdel sasoian mugimendu handiagoa egoten da portuan, eta lana izaten dute, baina urtean bi hilabete dira gehienez. Gero beste hamar hilabeteetan, zer?”. Ojinagak azaldu du eurekin ibilitako nigeriar bat orain kontserba fabrika batean ari dela lanean, eta ahal duenean sorora joaten dela laguntzera.

Zailtasun ugari

Nekazari izan nahi ez dutenei ere balio die formakuntzak, bizirik irauteko besterik ez bada ere. Egoera irregularrean dauden etorkinek hiru urte eman behar dituzte erroldatuta eta lan egin barik. “Legezko lanik barik”, zehaztu du Ojinagak. Errealitatean, askok eta askok kale salmentara jotzen dute bizimodua ateratzeko. “Nire ustez —eta iritzi oso pertsonala da—, askoz duinagoa da hemengo lana eta biziera kalez kale saltzen ibiltzea baino, denak produktu berak saltzen”. Lurre Hurren etxebizitza uzten diete, eta hirurehun euro jasotzen dituzte hilean. “Badakigu ez dela ezer, baina gutxienez dena ordainduta daukate”.

Proiektuak hainbat zailtasun dauzka, Ojinagak adierazi duenez. “Orkatzek indaben hosto guztiak jan dizkigute Muruetan”, esan dio proiektuaren parte hartzaileetako bati —Muruetako Udalak ere hitzarmena sinatu du proiektuagaz—. “Bada, basurdea hemen ibili da gauean; begiratu aztarnak”, parte hartzaileak, bueltan. Horrez gain, zailtasun administratibo eta ekonomikoek ere arduratzen dituzte. Osasun erregistroak ezartzen dizkien mugez kexatu da Ojinaga, eta neurri politikoak hartu beharko liratekeela uste du: “Hainbat osasun kontrol arindu egin beharko lirateke”. Gainera, diru laguntzen gastuak urte hasieran justifikatuta ere dirua uztailean ematen dietela nabarmendu du.

JOSU OJINAGA

Proiektuko kideek astero otzara bana prestatzen dute dauzkaten 25 bazkideentzat. Bermeoko Bertokuek dendan batzen dituzte, bakoitza hamar euroan; Ojinagaren arabera, prezio ezin hobean. “Lidlek esaten du eurak direla merkeenak, eta han ez duzu erosten gure otzara hogei euroan ere. Inondik inora ere ez”. Proiektuak dauzkan gastuak autofinantzatzeko 50 bat otzara ekoitzi beharko lituzketela kalkulatu dute. Hala ere, Ojinagak ez du uste estutasunei aurre egiteko bidea bazkide kopurua handitzea denik. Egitasmoa aurrera eroaten lagunduko duten boluntarioen faltaz ohartarazi du, eta, dioenez, pandemiak beherakada handia eragin du hor. “Konstantziarekin” agertuko den jendea behar dutela adierazi du.

Kontserbak dira bidea

Egin izan dituzte kontserbak osasun erregistroarekin, Zeberion, baina epe luzerako alternatiba bat nahi dute. Muruetako Udalak eraikin bat eskaini die herrian, eta bertan ipini nahi dute barazkien kontserbak egiteko azpiegitura. Horretarako, hala ere, diru laguntzen zain daude, dozenaka mila euro balio baitute beharrezko makinek.

Abagune ederra ikusten du Ojinagak barazkien kontserbetan. Sobran daukaten produktua ez botatzeko aukera emango lieke; aprobetxatu, eta urte osoan saldu ahalko lukete. “Gainera, gazte askok nahiago dituzte”.

Produktuen salmentari dagokionez, “tomatea eta piperrak —udan arrakasta dutenak— oso puntualak” direla esan du; “mundu guztiak ateratzen ditu produktu horiek sasoi berean, eta prezioak behera egiten du”. Diru gehiago ateratzen dute neguko produktuekin: azekin, porruekin eta kalabazekin, besteak beste.

Eskualdeko zenbait eskolak Jangurie proiektuan hartzen dute parte, eta inguruko produktuak erabiltzen dituzte jantokian. “Eskualdean dauzkagun 2.000 ikasleei bederatzi hilabetean bertako janaria ematea… Hor indar ikaragarria dago”, esan du Ojinagak. Gainera, prezio “duinean” erosten dietela uste du. Horregatik, Lurre Hurrekoek argi daukate hurbileko nekazaritza ekologikoa indartu behar dela, eta erakundeei eskatu diete horren aldeko apustua egin dezatela.