“Nire ibilbidean egindako urrats bakoitza erronka bat izan da”

“Nire ibilbidean egindako urrats bakoitza erronka bat izan da”

Olatz Enzunza Mallona

Nautika ikasketak egiten zituzten emakumeen bigarren promozioko ikaslea izan zen Idoia Ibañez Ozores (Bilbo, 1962). Lasterketa batekin alderatu du bere ibilbide profesionala, eta pausoz pauso joan da lorpenak eskuratuz. Espainiako Estatuko merkataritza itsas ontzidiko lehen kapitain emakumea izan zen, 1994an, eta, hamazazpi urtez nabigatzen ibili ondoren, “aldaketa bat” egiteko beharra sentitu zuen: itsasontziak ikuskatzen aritu da urtarrilera arte.

Merkataritza itsas ontzidiko lehenengo kapitain emakumea izan zinen Espainiako Estatuan, 1994an. Nola oroitzen duzu lehen aldi hori?

Ordura arte ere izan nintzen kapitain, baina ofizial tituluarekin. Kontua da garai hartan eskuratu nuela kapitain titulua, eta horrek egin zuela berezi. Ibilbide profesionalean egindako urrats bakoitza erronka bat izan da niretzako. Azken finean, lasterketa bat bezalakoa izan da nire ibilbidea, eta, etapaz etapa, aurrerapausoak lortzen joan naiz, pixkanaka.

Esanahi berezia izan zuen zuretzat lehen kapitain emakumea izateak?

Egia esan, ez. Aurretik egindako lan guztiaren emaitza izan zen, eta ez zuen aparteko esanahirik izan niretzako. Niri neuri, Bilboko Nautika Eskolan onartua izateak eragin zidan poztasunik handiena. Izan ere, ordura arte, emakumeei ez zitzaien onartzen halako ikasketak egiterik. Gurea zen emakumez osatutako bigarren promozioa, eta horrek nolabaiteko harrotasun puntu bat eragiten zidan. Garai batean, erizainak edo zerbitzariak ziren itsasontzietan nabigatzen zuten emakume bakarrak, eta, ikasketak egin ondoren, asko ginen ofizial gisa nabigatzen hasi ginen emakumeak.

Oro har, zeintzuk dira kapitain baten ardurak eta betebeharrak itsasontzi batean?

Asko dira. Barkuan gertatzen den guztia kontrolatzea da kapitainaren lana: bidaia plana egitea, itsasontziko agiri guztiak ondo daudela ziurtatzea, makinak kontrolatzea, kontabilitatea kudeatzea, portura iristean egin beharreko izapideak… Hori dena da kapitainaren ardura. Trebakuntza handia behar da lanpostu hori betetzeko, eta eskubide moralak eta giza eskubideak une oro errespetatu behar dira tripulazioak zu errespeta zaitzan.

Eta, bide beretik, badu pribilegiorik kapitain izateak?

Momentu honetan ez zait bat bera ere bururatzen [barreak]. Ontzian gaudela zerbait gertatuko balitz, esate baterako, kapitaina izango litzateke itsasontzitik irteten azkena. Pribilegioa baino askoz ardura handiagoa duela esango nuke.

Garai hartan, ez zen ohikoa emakumeek lanpostu hori betetzea. Nola hartu zintuzten zure menpe zeuden langileek?

Nire kasuan, ontzi enpresa askok ez zuten emakumerik onartzen euren itsasontzietan. Hortaz, hemen onartu ez nindutenez, Madrilera joan behar izan nuen lan bila. Konpainiaren batek onartzea izaten zen zailena, baina, gerora, langileek konfiantza osoa zuten zugan. Ikasle garaitik kapitain izatera iritsi arte egindako ibilbidea ikusten zuten tripulatzaileek, eta, hala, kontziente ziren bide horretan emandako aurrerapausoez. Zerbait naturala izan zen, eta langileek ere hala hartu zuten.

Idoia Ibañez

(Itsasoari lotuta. Idoia Ibañez Ozoresek guztira hamazazpi urte igaro zi- tuen nabigatzen. Hainbat lanpostu bete zituen; besteak beste, ofizial eta kapitain. Argazkian, 1984an, portuan, itsasoratu aurretik.)

Alde handia zegoen ofizioan emakumezko izan ala gizonezko izan?

Soldatari dagokionez, ez. Gizon izan zein emakume izan, berdin kobratzen genuen. Lan hitzarmena berbera zen langile guztientzat. Profesionalki, berriz, mailaz igotzeko orduan zeuden desberdintasunik nabarienak, eta, gaur egun ere, egoera berbera da: trebakuntza edo balorazio bera edo txikiagoa izan arren, gizonezkoak emakumezkoak baino lehenago igotzen dituzte mailaz. Asko dira arrazoi horregatik euren lanpostua uztea erabaki duten emakumeak. Baina hori ez da sektore honetan bakarrik gertatzen, arazo orokorra da.

Lana bera eta elkarbizitza itsasoan ez ziren errazak izango. Nolako kanpainak ziren?

Bederatzi hilabete inguru igarotzen genituen itsasoan, baina, gaztea nintzenez eta ilusioz gainezka nengoenez, ez zitzaidan batere gogorra egiten. Gustuko nuen egiten nuena, eta zoriontsu nintzen. Gerora, ehun eguneko kanpainak egiten hasi ginen: ehun egun itsasoan, eta 45 etxean. Hala, familiarekin denbora gehiago igarotzeko aukera nuen, eta lasaiago bizi nintzen. Baina, oro har, ondo eramaten nuen, motibatuta nengoen.

Eta, itsasontzitik kanpo, inguruko jendeak nola hartu zuen albistea?

Egia esan, ez zen inor harritu hartutako erabakiaz. Betidanik egon izan naiz mundu horri lotuta, eta naturala izan zen ikasketa horiek egitea. Gurasoek kezkaz bizi zuten, bazekitelako nabigatzaileen bizitza gogorra eta sakrifizio handikoa dela, baina horren gogotsu ikusten ninduten, beti babestu izan naute. Oso eskertuta nago.

Gaur egun, nola dago egoera generoari dagokionez? Aurrerapausorik eman da?

Emakumezkoak azpiko maila batean daude oraindik ere. Egoera zaila da denontzat, asko jaitsi delako flota kopurua, baina, oro har, emakumeek are zailtasun gehiago dituzte. Ez dut esango beirazko sabai bat dagoenik, baina, oraindik ere, gizonezkoek betetzen dituzte goi karguetako lanposturik gehienak.

Zu zeu, hamazazpi urtez ibili zara nabigatzen. Zein zen zure egunerokoa?

Egunaren eta postuaren araberakoa zen. Hiru ofizial daude itsasoan, eta horiek zubian egoten dira ontzia gidatzen. Ofizial horietako bakoitzak arlo jakin baten ardura izaten du. Lau ordukoak izaten ziren zubian egin beharreko guardiak. Kapitainak, berriz, ez zituen guardia orduak bete behar izaten, eta eguneko momentu jakin batzuetan zubira igo behar izaten zuen, dena ondo zihoala ziurtatzeko. Denbora libreetan irakurtzeko, marrazteko, jolasteko… aprobetxatzen genuen.

Eta noiz edo nolatan erabaki zenuen lanbidea uztea?

Lana bera monotonoa bilakatzen ari zela ikusi nuenean. Nabigatzen nuen itsasontzia eraberrituko ez zutela esan zidatenean, une hori baliatu nuen nik neuk ere lana uzteko. Denboraldi bat neraman buruari bueltaka; aldaketa bat behar nuen.

Gerora, baina, ez duzu mundu hori alde batera utzi: itsasontziak ikuskatzeaz arduratu izan zara duela gutxira arte. Nolatan sortu zitzaizun aukera hori?

Horixe zen nire helburuetako bat: urte horietan guztietan egindako esfortzuak etorkizunean balio izatea. Egia esan, eskaintza ugari jaso nituen, baina azkenean, ikuskaritzarena iruditu zitzaidan deigarriena. Izan ere, ordura arte bizi izandako esperientziatik probetxurik handien atera nahi nuen. Erronka handia zen, baina, aldi berean, sektorea hobetzeko gakoak eman ahalko nituen.

Eta, zuri zeuri, nondik datorkizu itsasoarekiko zaletasuna?

Egia esan, nolabaiteko eragina izan zuten Candasen [Asturia, Espainia] bizi izandako urteek. Arrantzaleen herrixka bat da, eta denbora asko igarotzen nuen bertako itsasgizonekin hizketan. Gerora, gogoan ditut aitarekin Deustuko zubian igarotako uneak ere. Zubia zabaldu egiten zen itsasontziak bertatik igaro ahal izateko, eta askotan joaten ginen hori ikustera. Alderdi emozionalak eragin handia izan zuen erabakia hartzean.

Oraintxe, ingurumenean dute jarria arreta nagusia: zerora murriztu nahi dituzte itsasontzien aire emisioak. Posible da hori?

Bai. Ez da erraza, eta denbora behar da, baina posible da. Kontuan hartu behar da munduko merkataritza osoko itsasontzien garraioak energiaren %11 baino ez dutela kontsumitzen. Eta, era berean, gasen %2,5 baino ez dute igortzen. Nahiko eraginkorra da, baina lan asko dago egiteko oraindik. Duela hamar urte hasi ziren itsasontzien aire emisioak txikitzeko lanetan, eta ordutik asko aurreratu da, aldaketa asko egin dira.

Petroliontziek eragindako hondamendi ekologikoak ere nabariak dira. Espainiako Estatuan Prestige-rena izan da gogorrena. Nola eragotz daitezke kalteak?

Zorionez, gauzak asko aldatu dira ordutik. Gaur egungo konpainia energetikoek itsasontzi guztiak ikuskatzen dituzte itsasoratu aurretik, eta hori, aurrerapauso handia da. Gainera, azken urteotan asko zorroztu dituzte neurriak, eta eskakizun bereziak egiten dizkiete urte asko dituzten itsasontziei. Bestalde, zailtasunak dituzten itsasontzientzat babeslekuak ere kokatu dituzte leku askotan. Hondamendia ikasbidea izan zen hainbat eremutan.

Hala ere, beharrezkoa da itsasontzien garraioa munduan. Suezko kanalean blokeatuta geratu zen itsasontziak, kasurako, albo kalte ugari eragin zituen munduko merkataritzan.

Inolako zalantzarik gabe. Munduko merkantziaren %90 itsasontziz egiten dira. Hamabi mila milioi tona inguru mugitzen dira itsasontziz; hau da, 2.500 kilo inguru munduko biztanle bakoitzeko. Harrigarria da.

Egun, badago lanik sektorean?

Lana badago, baina bokazioa falta da. Garai batekoarekin alderatuta, askoz ikasle gutxiago daude nautika eskoletan, eta jendeak ez du horrenbesteko interesik. Beraz, badugu nondik tira.