Bidaia noraezean

Kolitzapetik eremu zabal bat hedatzen da. Inguruko magal horietatik isurtzen diren ibaiak paisaia egituratzen duten ardatzak bilakatzen dira; Enkarterri izeneko eskualdea elikatzen duten zainak dira, geografiaren ikuspegitik bederen. Bizitza bor-bor jartzen duen bihotza topatzea zailagoa suertatzen zaigu gehienetan. Duela 33 urte Euskaltzaindiak izen egokia Enkarterri izan behar zuela ebatzi zuen arren, ez da batere arraroa beste edozein aldaera irakurtzea ala entzutea hedabideetan: Enkartazioak zein Enkarterriak eta horietatik eratorritako guztiak. Bada garaia behingoz izenarekin adostasun bat onartzeko eta marka moduan bada ere horrekin aritzeko. Askotan atzamarretako puntari buruzko eztabaida antzuetan galduta ibiltzen gara ilargiaren edertasuna goraipatu beharrean. Hori gabezia nabarmen baten seinalea baino ez da; oso gutxitan egin da zerbait eraginkorra, mapa batetik harago, eskualdea Euskal Herrian txertatzeko. Agian egin den bakarra turistikoa da, baina errazagoa da Enkarterritik Urdaibaira joatea, alderantziz baino.

Bertako biztanleok gurea badugu ere, arduraren zati handi bat egotzi diet beti erakundeetako arduradunei, nabarmenki lerrokatu baitira aspalditik partiduaren esanetara; haien erabakiei egin diete men ematen zieten boterea ezbaian ez jartzeko.

1990ean jarri genuen martxan Enkartberriak, eskualderako hilabetekaria, eta bizirik iraun zuen zortzi urteetan argitaratu genituen 90 zenbaki haietan agertzen da garai hartako diskurtsoa. Diskurtso hura ezinbestekoa da gaur egun pairatzen dugun egoera ulertzeko. Bisitetan Pradera diputatu ohiak eratzen zuen diskurtsoa eta gaur egun Pradalesek erabiltzen duena ez da gehiegi aldatu, hitz batzuk gorabehera. Ez du ematen oso emaitza ezberdinak lortuko direnik.

Kotxeko nabigatzaileak bezala ibiltzen gara Enkarterrin: helbide bat jarri eta pantailari begiratzen diogu. Bertan aurrerantz goazela agertzen zaigu, jakin gabe nondik amilduko garen, atzera begiratzeko ausardiarik gabe, errealitate lausoa itzultzen diguten ispiluak lurrunez beterik daudelarik. Bizi garen espazioarekiko sentiberatasuna galtzen da ibilbide horretan, atxikimendua urtzen da arrakalatuta dagoen zoladuran. Noizean behin argitaratzen dituzten plan estrategikoak dira bilatzailean jarritakoak, herritarrontzat koloretako post-it-ak banatzen dituzten bitartean, atxikimendua sortzeko edo.

Barnetik eta aspalditik sortzen diren minak leuntzea ez da erraza, publikoki adieraztea terapiaren zati bat izan daitekeen arren. Bertako zirimolan zorabiatzen garen bitartean inguru honetara hurbiltzeko gonbidapena egiten dizuet lerro hauetatik. Gozatzeko eremu zabala izango duzue zuen aurrean ohiko eskemetatik harago begiratzen baduzue behintzat, kontuan hartuta egun bateko bisitarekin ez duzuela aldatuko bertatik hamarkada hauetan aldatu ez duguna.