Zezenen itzulera gazi-gozoa Durangora

Zezenen itzulera gazi-gozoa Durangora

Javi West Larrañaga

Bi urteko geldialdiaren ostean, zezen plaza ipiniko dute Durangoko sanfaustoetan. Herriko eta eskualdeko hiru gaztek egin zuten eskaera, Euskal Zezenzaleen Elkartearen laguntzarekin, eta udalbatzak joan den astean onartu zuen diru sail bat horretarako: 2019an erabilitako diru kopuru bera.

Eskualdeko Anboto atariak argitaratu duenez, errekorteak, errekorte eskolak eta poney saioak egingo dituzte plazan. “Ohiko bigantxarik ez da izango”, adierazi zieten gazteek hedabide horri. Gainera, plazari “beste erabilera batzuk” ematea proposatu zuten; hala nola, herri kirolak eta ganadu azoka bat. Zezen plaza Tabira inguruan ipintzea erabaki dute, oraingoz.

Zezenena ohitura urtetsua da Durangon, mendeetakoa, baina iragarritako itzulera ez da denen gustukoa izan. Durangaldea Antiespezistako Gorka Unzalu kideak “harrituta” hartu du albistea. “Bagenekien sokamuturra egongo dela, nahiz eta nahiko isilean egin duten dena aurten. Zezen plazarena, berriz, azken momentuko gauza izan da”, azaldu du Unzaluk.

Durangaldea Antiespezistako kidea animaliak “objektu” moduan erabiltzearen aurka agertu da, eta sufritu egiten dutela azpimarratu du: “Nola ez dute sufrituko? Beren eremutik kanpo daude, familiarengandik eta ezagutzen dituzten lekuetatik urrun, estresatuta eta beldurtuta”.

Hala ere, Unzalurentzat, sufrimendua ez da gakoa, baizik eta erabilera bera, eta “euren nahien aurka” usatzea: “Ez da onargarria animaliak erabiltzea gu dibertitzeko”.

Unzalu oso kritiko agertu da Durangoko Udalarekin, eta adierazi du harritu egin dela gobernua aldatu den arren “berdin” jarraitzen duelako egoerak. 2019an, EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak udal gobernuan jartzea lortu zuten, ia 40 urtez EAJ egon ostean. “Teorian, ezkertiarrak eta aurrerakoiak dira, baina ez dakit non dagoen progresista hitz hori animalien kasuan. Berdin-berdin jarraitzen dute, EAJk animaliekin egiten zuena egiten”.

Sokamuturra ere, bizirik

Sokamutur saio gutxi geratzen dira Bizkaian, eta ezagunenak Durangokoa eta Otxandiokoa dira. Soka luze batekin lotuta eroaten dute behia, zezena edo bigantxa kaleetan. “Bataren eta bestearen atzetik egiten du [animaliak], beldurraren eraginez. Horrela dibertitzen da jendea, beste norbait zirikatuz eta umiliatuz”, salatu du ekintzaile antiespezistak. Haren ustez, jendeak errazago ikusiko luke ez dela onargarria txakur bat ipiniko balute gauza bera egiten. “Espezismoa oso barneratuta daukagu”.

Ohitura zaharra izateak ez dio zilegitasunik ematen, Unzaluren ikuspegitik. “Tradizioa askotan errepikatu den gauza bat da; ez dauka zertan ona edo txarra izan”, adierazi du. “Historian pila bat tradizio onartezin egon dira, eta kendu egin dira”. Onartzen du sokamuturrak “arrakasta handia” daukala herrian, baina argudiatu du ez dakitela zenbatekoa den, ez delako inoiz zenbatu zenbat durangar joaten diren saioak ikustera. Aldekoek erabiltzen duten argudio bakarra “tradizioa” dela uste du. “Hori eta Durangoko zer bat dela, oso errotuta dagoela. Ez daukate beste argudiorik”.

Udalarekin berba egitean, Unzaluk azaldu du sinadura bilketa bat egiteko aukera proposatu dietela, galdeketa bat egiteko herrian. Bozkatu dezaketen biztanleen %10ek sinatu beharko lukete eskaera. Argudio tranpatia da antiespezistarentzat: “Sokamuturra eta zezen plaza jartzea erabaki politiko bat izan da, alderdi politikoek hartutako erabaki politiko bat. Eta kentzeko herritarrei galdetu behar zaie?”. Ez dute alboratzen 2023ari begira sinadurak batzea, baina “ausardia politikoa” eskatu diote udal gobernuari, eta “baloiak ez botatzeko kanpora”.