Super Mario

Ez dakit ezaguna zaizuen. Jokoak Super Mario Odissey du izena. Nintendo bideo-joko etxearen deabrukeria horietako bat da. Engantxatzera ailegatzen den gominola bisual eta jostagarri horietakoa. Bada, kontua da bideo-joko hori zazpi antxumeen ipuina bezalatsu sartu zaidala etxeko egongelan. Konturatu barik. Otsoak atepetik oina erakutsi, eta antxume koitaduak atea zabaldu dion era berean. Bikotekideak ekarri du kontsola, badakizue, “tarteka erabiltzeko”. Baina, ai ama. Keba. Azken egunotan ordu dezente sartu ditut jolasarekin. Aspaldi izandako nerabe haren antzera jokatu dut berriro. Eta ene bada. Hikikomori bat izatetik urruti nabilen arren, hortxe nabil, sofari ipurdiaren forma emateko ariketa berri batean katramilatuta atzera ere. Planteamendua nahiko sinplea da: aginte-mandoa eskutan hartuta, jokalariak pertsonaia txapelgorria (iturgin biboteduna; ez Arkautitik irtendakoa) gidatu behar du bere unibertso partikularrean barrena. Zeharkatu beharko ditu hodiak, egin beharko die aurre oztopo eta izaki bitxiei, apur bat pentsatzea eskatzen duten puzzleei. Eta bidaiatuko du hor zehar. Super Marioren unibertso bitxi horretan. Izotzaren erreinuan orain, Ur-jauzien erreinuan gero. Barrengorrien erresuman hasi, eta Hondarraren erresuman segi gero. Planteamendua betikoa da: iturgin txapelgorriak pertsonaia maltzurrak bahitutako printzesa erreskatatu beharko du edozein fairy tale edo ipuin azukretsutako misioak gaindituta.

Orain, harrikoa egitean, irudi hori bera etorri zait gogora. Fairy garbigarriaren xaboia iturgintza-hoditeriatik behera doala ikusita, akordatu naiz nire misio propio hau ere bere isurbidera ailegatu dela: honako hau da Bizkaiko Hitza maitagarri honetan idatziko dudan azken zutabea. Super Marioren abenturen antzera, amaierara ailegatu da irailetik hona ekarri nauen bidaia. Ahalegindu naiz gai batzuk eztabaidaren mahai gainera ekartzen; kalean gertatzen dena bestelako perspektiba batekin lantzen; tarteka kritikoa izaten; beste hainbatetan umore eta ironia dosiak sartzen. Ahalegindu naiz zuri, irakurle, ekarpen txiki bat egiten, hausnarketatxoren bat eragiten, irribarre bat ateratzen. Eta zin dagit niri ere balio izan didala idazketaren muskulua egiteko, buruari bueltak emateko. Bai, Super Marioren abenturak legez, erronkaz eta gozamenez beteriko abenturak izan dira hilabete hauetako zutabeak. Eskerrik asko bihotzez zuri, irakurle. Eta zuei Ibai Maruri eta konpainia, ni aguantatzeagatik eta neure burua aguantatzen laguntzeagatik. Eskerrik asko pazientziagatik eta konfiantzagatik.

Gainerakoa, badakizue. Kalean ikusiko dugu elkar. Durangaldean, Amillanpean. Anbotoko tontorrean zein Anboto-k kaleratutako testuetan. Super Marioren abenturek beti izaten baitituzte atal berriak, eta Amillanpe honetakoek ere izango dutelako segida. Orain oporretara joateko sasoia da. Super Marioren antzera txapela buruan ipini (ez txapel gorria; beltza baino) eta munduko txoko lasairen batean abentura berriak izatekoa. Besarkada bana hodi eta tutu ikusezinetatik. Arrivederci!