Sorkuntzaren lokatzetan

Sorkuntzaren lokatzetan

Olatz Enzunza Mallona

Ahalduntze Bertso Eskola Feministan eta Bizkaiko Bertso Munduko Emakumeen I. Topaketan erdi brometan hasi zena, egia bilakatu dute Araitz Katarain, Izaro Bilbao eta Janire Arrizabalaga bertsolariek. Euren sormenari bide emateko, Lokatz Loreak taldea sortu dute, eta, horrekin batera, euren lehenengo proiektua ere aurkeztu dute: abuztuaren 13tik irailaren 17ra bitarte, bost saio tematikoz osatutako bertso zirkuitu bat egingo dute herrialdean.

Beharrizan batetik abiatu zen proiektua, Janire Arrizabalaga sormen taldeko kideak azaldu duenez: “Bertso munduratze prozesuan lekuz kanpo sentitu izan gara batzuetan, eta, horri konponbidea emateko, gune seguru bat sortu nahi izan dugu guretzat, eta baita gu bezala dauden pertsona horientzat ere”.

Friki saioak deiturikoa izango da sormen taldeak antolatutako lehen egitasmoa. Zornotzako gaztetxean abiatuko da, abuztuaren 13an, eta Harry Potterren inguruko bertso saioa izango da. “Nerea Ibarzabalek Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean botatako agurraren ondoren, Leire Vargasek Twitterren idatzi zuen Harry Potterren inguruko bertso trama bat egin behar zela. Hala hasi ginen proiektuaren inguruan bueltaka”, azaldu du Arrizabalagak. Hari horretatik tiraka, beste hainbat gai etorri zaizkie burura taldeko hiru kideei, baina denak egitea ez da posible izan azkenean: “Ideia batzuk aurrerago lantzeko gorde ditugu, badaezpada”.

Zornotzako saioaz gainera, beste lau hitzordu egingo dituzte irailaren 17ra bitarte: abuztuaren 27an, Bertso Fashion Week, Deustuko gaztetxean; irailaren 3an, Meme saioa, Portugaleteko Sastraka gaztetxean; irailaren 10ean, Denbora makina bertsoz saioa, Lekeitioko gaztetxean; eta, azkenik, irailaren 17an emango diote amaiera bertso zirkuituari, Gernika-Lumoko Astran, Bertsos-kopoa saioarekin.

Guztira, askotariko adin eta profiletako 21 bertsolarik parte hartuko dute saio horietan guztietan. Horien aukeraketa gaien arabera egin dute: “Bertsolari bakoitzaren gustuen arabera osatu ditugu taldeak. Gai bakoitzera ondoen egokitzen diren bertsolariak aukeratu ditugu, nahiz eta batzuek kalean geratu behar izan duten. Pena bat da”.

Gai jartzaile lanetan Katarain, Bilbao eta Arrizabalaga ariko dira. “Esperientzia berri bat izango da hirurontzat. Orain arte, gutako inor ez da ibili gai jartzaile lanetan, eta gogoz hartu dugu erronka”, kontatu du Arrizabalagak. Duela bi hilabete inguru hasi ziren gaiak prestatzeko lanetan: “Prozesu konplexua bezain gozagarria izan da, eta oraindik ere bueltaka gabiltza”.

Zailtasunik handienak, baina, antolakuntzarekin izan dituzte. “Beti ahazten dugun lana da antolakuntzarena, eta, proiektu honi esker, bertso munduko antolatzaileek egiten duten lan ikaragarriaz jabetzeko aukera izan dugu”, aitortu du Arrizabalagak.

Zehazki, finantzaketa lortzeko orduan izan dituzte zailtasunik handienak, eta, horri irtenbidea emate aldera, oihalezko poltsak jarri dituzte salgai. Horrez gainera, hiru euro ordaindu beharko da sarrera saio bakoitzaren hasieran. Prozesu osoan, baina, bestelako gorabehera batzuk ere izan dituzte; besteak beste, tokien kudeaketari dagokiona.

Oro har, prozesu guztia “oso esperientzia aberasgarria” izan da hiru bertsolarientzat, eta bertso zirkuitua hasteko atzera kontaketa egiten ari dira dagoeneko. “Gure buruan horren berezia dena, errealitatean ikusteko irrikan gaude”.

Bertsolaritza oinarri nagusia izan arren, “haratago” joango den zerbait izango dela aurreratu du Arrizabalagak: “Ikus-entzunezkoek indar handia izango dute, eta gaiak aurkezteko orduan proiektore bat erabiliko dugu. Oso bisuala izango da”. Mozorroak eta osagarriak ere prest dituzte jadanik.

Frikismotik haratago

Duela gutxi ezagutu zuten elkar Lokatz Loreak taldeko hiru partaideek. “Izarok eta biok Ahalduntze Bertso Eskola Feministan ezagutu genuen elkar, eta Bizkaiko emakume bertsolarien topaketa talde hau sortzeko giltzarria izan da”, nabarmendu du Arrizabalagak.

Partaide bakoitzak zerbait berezia eskaintzen dio taldeari: Bilbaok ilustrazioak egiten ditu; Katarainek, musika, eta Arrizabalaga ikus-entzunezkoak ikasten ari da. “Elkarren artean nahiko desberdinak gara, eta horrek egiten du berezi taldea. Gure arteko kontrastea izan da taldeak ondo funtzionatzeko arrazoia”.

Abuztuan abiatuko den bertso zirkuituaz aparte, hiru kideek argi dute aurrera begira proiektu gehiago sortu nahi dituztela elkarlanean. Betiere, bertsolaritza ardatz hartuta: “Ideia asko ditugu buruan, baina oraindik ezin dugu ezer aurreratu”.