Alain Santxo: “Sendo dago bluesa Euskal Herrian”

Alain Santxo: “Sendo dago bluesa Euskal Herrian”

O. Enzunza Mallona

Hogei urte beteko ditu datorren urtean Travellin’ Brothers taldeak. Urteurren “berezia” izango dela nabarmendu du Alain Santxo taldeko saxofoi jotzaileak, eta zaleekin ospatzeko asmoa dute. Domekan Bilboko Areatzan izango dira, Coming Home euren lan berria aurkezten.

Bilboko Blues Festival jaialdian izango da Travellin’ Brothers, etzi. Zer eskainiko duzue?

Disko berriko abestiak aurkezteaz gain, hainbat sorpresa prestatu ditugu. Zerbait berezia eskainiko dugu, eta hainbat gonbidatu igoko dira gurekin taula gainera.

Disko berriak badu berezitasunik aurrekoekin alderatuta?

Garai zail batean jaio da lan berria, eta nik uste dut hori nabari dela diskoa entzutean. Hasieran, konposatzeko gogorik ere ez geneukan, baina edozein lekutatik indarrak atera, eta emaitza ona lortu dugu. Gauza asko azaleratu nahi izan ditugu, eta, garai txarretan bizitzen egon arren, zoriontasunez eta alaitasunez blaitzen saiatu gara.

Zuen hamargarren lana da. Nolako bilakaera izan du taldeak sorreratik gaur egunera?

Taldekideon artean hobeto ulertzen dugu elkar eta horrek asko erraztu ditu gauzak. Estiloari dagokionez, berriz, gero eta estilo gehiago jorratzen joan gara: jazza, soula… Horrek asko aberastu du taldea. Hala ere, bidean egindako lagunek markatu dute benetan taldearen estiloa.

Datorren urtean hogei urte beteko dituzue. Zerbait berezia egiteko asmoa duzue?

Ideia asko ditugu buruan bueltaka, baina oraindik ezin dugu askorik aurreratu. Oso berezia izango da guztiontzat.

Behar bezalako oihartzuna du bluesak Euskal Herrian?

Egia da bluesak ez duela zale askorik, baina sendo dago: gustatzen zaionari, benetan gustatzen zaio. Harrapatu egiten du.