Gazteluen irudia eguneratzea

Gazteluen irudia eguneratzea

Amaia Igartua Aristondo

Ikus-entzunezko ekoizpenen eraginez batik bat, gazteluak eta dorretxeak borrokalari mehatxatuekin lotzen dira, edota aberastasuna lortzeko grina duten jauntxo feudalekin. “Baina oso irudikapen partziala da”, Iñaki Garcia Camino Bilboko Arkeologia Museoko zuzendari teknikoaren hitzetan. Defentsarako elementuak izan ziren, baina, era berean, lurraldea kontrolatzeko baliatu zituzten, nekazariak zelatatzeko, politika egiteko, eta bizitzeko, Garciak aletu duenez. Hain justu, bestelako alde horiek ere biltzen ditu Euskal Herriko Erdi Aroko gazteluak erakusketak. Arkeologia Museoan bisitatu ahalko da, datorren urtarrilaren 15era bitartean.

XI. eta XVI. mendeen arteko 150 pieza original jarri dituzte ikusgai, eta bideoekin, argazkiekin, marrazkiekin eta testu labur eta zehatzekin jantzi dute bilduma. Arkeologia Museoko materialaz ez ezik, beste zentro batzuetako piezaz ere hornitu dute erakusketa: Bilboko Eliz Museoa eta Euskal Museoa, Gipuzkoako Material Arkeologiko eta Paleontologikoen Gordailua, Arabako Arkeologia eta Arma Museoa, Leongo Museoa eta Pomarko Merindadeen Museoa (Gaztela eta Leon, Espainia).

Era berean, erakusketak helburu du Euskal Herriko eta, bereziki, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteluez egindako ikerketa arkeologikoen azken emaitzak erakustea. Aurkikuntzok xeheago azalduko dituzte laster argitaratuko duten katalogoan. Horrez gain, udazkenerako zenbait ibilaldi antolatu dituzte: besteak beste, Santimamiñeko haitzulotik Ereñozarko gazteluraino joango dira urrian —esperientzia handiko mendizaleentzat izango da—; azaroaren 5ean, Nafarroako Tiebasko gaztelua bisitatuko dute; eta Muskizko Muñatoneserako osterak egingo dituzte.

Erakusketari dagokionez, sei ataletan banatu dituzte piezak.

Euskal Herriko gazteluak 2

UGARITASUNA

“Burutik kendu behar dugu Erdi Aroko gazteluen irudi arketipikoa, Gaztelakoei lotua eta, batez ere, Butroekoari, hori XIX. mendekoa baita”. Jose Angel Lekanda Deustuko Unibertsitateko irakaslearen hitzak dira. Haren ustez, irudikapen horiek direla eta, pentsa daiteke Euskal Herrian gaztelu gutxi daudela. “Baina gaztelutzat jotzeko, eraikinek dorretxe bat eta hesi bat izan behar dituzte”. Definizio horren arabera, badago gaztelurik, eta, bereziki, “ugariak” dira dorretxeak. Baina haien arrastoak oharkabean geratzen dira maiz. Horiek horrela, erakusketako lehen atalean Santi Yaniz argazkilariaren bideo bat dago, non, drone batekin, arrastoak zerutik grabatu baititu.

ERDI AROA, GAZTELUEN AROA

Aurretik ere egin zuten gaztelurik, baina Europako Mendebaldean Erdi Aroan ugaritu ziren eraikinok; bereziki, Euskal Herrian. Zehazki, Antso III.a Iruñekoaren erregealdikoak dira dokumentatutako gaztelurik zaharrenak —X. mendearen bukaeratik XI.aren hasierara—. Garciaren arabera, erregeak eskualdeak osatu zituen gero eta hedatuagoa zegoen erreinua errazago kudeatzeko, eta gune horietan gazteluak eraiki zituen. Atal horretan, Antso III.aren hilobiaren zati bat ikus daiteke; inskripzioak oraindik transkriba daitezke.

Euskal Herriko gazteluak 3

GIZARTEAREN ANTOLAKETA

Garciaren hitzetan, garai hartako ideologoek hiru estratutan banatzen zuten gizartea: batetik, gerlariak zeuden, ordena mantentzeko borrokatzen zirenak; bestetik, elizgizonak, helburu bera lortzeko errezatzen zutenak; eta horiek guztiak mantentzeko egiten zuten behar gainontzekoek, hala nola nekazariek, abeltzainek eta merkatariek. Erakusketako hirugarren atalean, talde bakoitzari dagozkion objektuak bildu dituzte. Gerlariei dagokienez, besteengandik bereizteko erabiltzen zituzten hornidura batzuk daude: txanponak, urrezko ezproiak… Elizgizonak kalizekin eta gurutzeekin irudikatuta daude, eta herritarrak, lanabesekin: zintzarriekin eta igitaiekin.

GAZTELUEN OSAGAIAK

Laugarren atalean, gazteluak eraikitzeko eta apaintzeko objektuak erakutsi dituzte. Aztarnategietan teilak, zizelak eta iltzeak topatu dituzte, besteak beste, baina baita eraikinak edertzeko elementuak ere. Erakusketan, esaterako, Ereñozarko ate albo bat dago, greziar estiloko dekorazioa duena. “Jaun oro ahalegintzen zen bere estatusa islatzen”, Lekandaren arabera, eta adibide horietako batzuk jarri dituzte ikusgai. Esaterako, dorretxeetako baten atarian kokatu zuten harri zizelkatu bat, non idatzita dagoen norena zen eta noiz eraiki zuten.

Apaingarriok erakusten dute kulturen arteko harreman batzuk bakezaleak izan zirela, Lekandaren hitzei erreparatuta. XV. mendearen hasierako friso bat jarri du adibidetzat. “Kulturen arteko trukea egon zen; artista mudejarren lanak elitistak ziren”.

Euskal Herriko gazteluak 4

GAZTELUEN ERABILERAK

“Gazteluak gotorleku defentsiboak baino gehiago izan ziren. Familien arteko hitzarmenak egiten ziren, ezkontzak ezarri —Erdi Aroan politika egiteko modu bat zen—, edo justizia ebatzi”, Garciak esan duenez. Hala, Bilboko museoan bosgarren atalean familien ikur heraldikoak eta zigiluak bildu dituzte. XVI. mendeko tailu bat gailentzen da gainerako objektuen artean: kareharrian zizelkatuta daude Emeterio eta Zeledon santuen figurak. Erromatar garaiko bi martiri dira, baina Erdi Aroko gerlarien janzkera berarekin irudikatu zituen artistak.

Gazteluak gerrarekin ere lotuta zeuden, eta objektu beliko ugari daude ikusgai. Ezpata xumeen arrastoak ikus daitezke, katapultekin jaurtitzen ziren harri mardul batzuk, arriskuez ohartarazteko eta aginduak emateko erabiltzen zen tronpeta hautsi bat, eta XIII. mendeko borrokalari baten jantziak: kota metaliko bat, kaskoa, ezkutua eta aizkora berreskuratu dituzte. Parean, bideo bat paratu dute, gaztelu bat hartzeko ahalegin baten antzezpena.

BIZITZA

Gazteluak, oro har, “gizonezkoen lekuak ziren”, Garciaren hitzetan, baina emakume gutxi batzuk ere egoten ziren han. Batzuentzat zein besteentzat, toki “deserosoak” ziren, Lekandaren irudiko. “XII. mendera arte, dorreek xede militarra baino ez zuten. Argi eta aireztapen gutxi zegoen, eta usain txarra”. XIV. mendean hasi ziren jauregi izaera bereganatzen. Orokorrean, altzari gutxi zeuden, urriak ziren mahaiak, aulkiak, ontziak… Askotan, ogi xerrak erabiltzen zituzten plater gisa, esaterako.

Gauzak gordetzeko ere baliabide gutxi zituzten. Horietako bat ziren kutxak, eta Arkeologia Museoan bat kokatu dute, Muñatones gazteluan aurkitutako altzari mardul bat, XIV. eta XV. mendeen artekoa. Objektu txikiagoak ere topa daitezke atal horretan; esaterako, mahai jokoetako piezak.

Euskal Herriko gazteluak 5