Ekonomiak kezkatu arren, etorkizuna baikor ikusten dute bizkaitarrek

Bizkaiko Foru Aldundiak eskatuta, inkesta bat egin du Gizakerrek, eta, horren arabera, 7,68 nota eman diote herrialdeko bizi kalitateari. Gehienek ez dute ez interesik eta ez konfiantzarik politikan.

Ibai Maruri Bilbao

Bizkaitarrak, oro har, baikorrak dira etorkizunari dagokionez: 1etik 10era puntuatzeko eskatuta, batez beste, 6,67 nota ipini diote. Baikorrenak 60 urtetik gorakoak dira. Ezkorrenak, berriz, 46 eta 60 urte artekoak. Dena den, horiek ere 6,5 nota ipini diote, batez beste. Enpleguaren egoerak “nahiko” batekin gainditu du azterketa: 5,75 nota ipini diote. Kasu honetan ere, adin tarte berekoak izan dira zorrotzenak. Haiek eman diote ekonomiaren egoerari ere notarik txarrena. Tarte horretakoak dira, hain zuzen, langabezian egon eta lana topatzeko zailtasunik handiena dutenak. Hala ere, batez beste, herrialde historikoan dagoen bizi kalitateari 7,68 nota ipini diote: altuagoa, 18 eta 29 urte artekoek; baxuena, 60tik gorakoek. Bizkaiko Foru Aldundiaren enkarguz, Gizaker ikerketa etxeak egindako inkestaren emaitzak dira. Ekainean egin zuten, telefono bidezko 3.000 elkarrizketa eginda. Errore lagina %1,79koa da; konfiantza maila, %95ekoa.

HERRIALDEAREN ARAZOAK. Ekonomiak kezkatuta

Bizkaitarrek dituzten kezken berri jakiteko, bi galdera egin dituzte Gizakerrekoek. Batetik, inkestatuei Bizkaiak dituen hiru arazo nagusiak aipatzeko eskatu diete. Honako hauek aipatu dituzte, gehienbat: ekonomia eta enplegua %51,1ek aipatu dute; osasuna eta pandemia, %23,1ek; delinkuentzia eta segurtasun falta kaleetan, %19,2k; eta etxebizitza kaleratzeak, 13,7k. Ostera, inkestatzaileek emandakoetatik aukeratu behar izan dutenean, etxebizitza izan da gehien aipatua (%79,8); hurrengo etorri dira murrizketak (%77,8), arazo eta desberdintasun sozialak (%74,5), pentsioak (%70,5) eta delinkuentzia eta segurtasun falta (%66,5). Galdera ezberdin egitean, lehentasunak aldatu dira; eta gai batzuek bat-bateko erantzunetan eman dieten baino garrantzi handiagoa hartu dute.

IZURRITEA. Oraindik ere arazo

Hamar bizkaitarretik zazpik uste dute pandemia gainditzeko dagoela. Erdiek esan dute gizartea lehen zen bezalakoa dela; herenek, ordea, okerrera egin duela uste dute. Norbera zelan sentitzen den? Aldartean eragin negatiboa izan du, oro har. Izan ere, herritarren %45,5 lehen baino arduratuago bizi dira; %43, nekatuago; %29,8, haserre; %25,2, aspertuta; eta %21,6, beldurtuta. Gehien aspertuta daudenak gazteenak dira, eta beldurtuenak, nagusienak.

POLITIKA. Erdiek ez dute interesik

Inkestako galderak erantzun dituztenek ez dute konfiantzarik politikan: ia erdiek, txikia, eta laurdenek, bat ere ez. Politikarekiko interesa ere, oro har, apala da: %36,99k txikia dutela erantzun dute; %16,9k, bat ere ez. Interes handiagoa dute gizonezkoek; eskasena, berriz, 46 eta 60 urte artekoek.

ERAKUNDE PUBLIKOAK. Diputazioak 6,17 nota

Erakunde publikoei dagokienez, gertukoenek konfiantza handiagoa eragiten dute: 1etik 10era, 6aren bueltan daude udalak, diputazioa eta Eusko Jaurlaritza; Europako Batasunak eta Espainiako Gobernuak, berriz, ez dute 5era iristea lortu. Bizkaiko Foru Aldundiaren lanari, batez beste, 6,17 nota ipini diote; urte hasieran Ikerfel ikerketa etxeak diputazioaren enkarguz egindako inkestan emandakoa baino altuagoa da. Bereziki, andreek eta 60 urtetik gorakoek baloratu dute baikorren haren lana.

Diputazioak bultzatutako proiektu batzuei nota jartzeko ere eskatu diete inkesta egileek herritarrei. Hauek dira emaitzak, 1etik 10era: metroaren bosgarren lineari 8,31 puntu eman dizkiote; Getxotik Bilborako bulebarrari, 7,76; itsasadar azpiko tunelari, 7,09; Guggenheim Urdaibaira hedatzeko proiektuari, 5,56; Frantziako Tourraren hasiera herrialdera ekartzeari, 7,06; Erandio eta Barakaldo arteko oinezkoentzako zubiari, 7,77; banda zabala landa eremura zabaltzeari, 7,61; eta bizipistei, 7,68.

Foru aldundiak datozen bi urteetan izan beharko lituzkeen lehentasunei buruz galdetuta, langabeziaren eta gizarte bazterketaren aurkako borroka aipatu dituzte gehien. Hurrengo etorri dira gizarte ekintza, mendekotasuna eta zaintza; mugikortasuna; eta lan arloko ekintzailetza.

FORU HAUTESKUNDEAK. Abertzaleek gora

Bizkaitarren erdiek uste dute EAJ bakarrik dagoela foru gobernuan, Unai Rementeria ahaldun nagusiari 6,18 nota ipini diote, 1etik 10erako eskalan. Alderdi jeltzaleak Batzar Nagusietan egiten duen lanak 6,06 lortu du. EH Bilduk egindakoak, 5,19. Gainontzeko taldeek ez dute gainditu 5ekoa.

Datorren urtean izango diren foru hauteskundeetan noren alde bozkatuko duten ere galdetu diete Gizakerrekoek. Gora egingo dutenak abertzaleak dira: puntu bat EAJk, eta bat eta erdi EH Bilduk, botoen %44,5 eta %21,5eko babesa jasoz, hurrenez hurren. Barruti guztietan haziko lirateke. Azpimarratzekoa da Busturia-Uribe barrutian jeltzaleentzat liratekeela botoen erdiak. Voxek ere puntu erdi pasatxoko gorakada izango luke, baina ez luke ordezkaririk eskuratuko. Hala, ordezkari kopuru bera edo bat gehiago lortuko lituzke EAJk (25-26 batzarkide); EH Bilduk, bi gehiago (hamabi). Egungo zortziei eutsiko lieke PSE-EEk. Elkarrekin Bizkaiak bi eta hiru artean galduko lituzke, eta hiruri edo lauri eutsiko lieke. PPk birekin jarraituko luke.