Zeramikaren aniztasuna

Zeramikaren aniztasuna

Amaia Igartua Aristondo

Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko erakusketa aretoan, zilbor heste zati batzuk daude; platerak ditu parean, laranja kolore bizi zein apalagokoak, pieza beltz esferiko batzuk daude lurrean paratuta, eta identifikagarriak ez diren formak ere badituzte beste zenbait eskulturek. Buztinak batzen ditu denak, baita barnizaren distirak ere: zeramikaren aukeren erakusle da Lohia bilduma. Urtero, EHUko Zeramika masterreko ikasleek erakusketa bat taxutzen dute euren piezekin, eta astelehenera arte bisitatu ahalko da aurtengo uzta.

Obrak ez ezik, katalogoa, muntatzea eta desmuntatzea, eta erakusketarekin zerikusia duen oro ere ikasleen gain egoten da. Baita izenburuaren aukeraketa ere. Oraingoan, masterrean izandako sentsazioetatik abiatuta erabaki dute titulua, Carmen Marin Ruiz masterreko irakasle eta erakusketako komisarioak azaldu duenez. “Lohia-k jarioari egiten dio erreferentzia; hizpide du nola joan diren sortuz gauzak, modu natural batean, eta nola sentitu diren eurak. Oso dinamika positiboa izan da”.

Horren isla da Bilboko erakusketa, Marinen irudiko. Izan ere, etengabean sortu, moldatu eta hausnartu dute buztina lantzeko moldeez. Masterraren abiapuntua dira teknikak eta prozesuak: aukera zabala eskaintzen zaie ikasleei, ondoren haiek aukeratu eta garatzeko egokien deritzena. Oinarri horretan bermatuta, Lohia-ko sortzaileek esperimentaziorantz jo dute, materiaren askotariko egoerak landuta. “Joria den horrekin egin da behar, sorkuntza eta eraikuntza lan handia eginda, baina, adibidez, piezak gordinik mantenduz. Horrek eraman ditu joera libreago bat izatera materiarekiko”.

Hori horrela, bideari erreparatu diote, batik bat, komisarioaren hitzetan, eta hark emaitza baldintzatu du erabat. “Nolabait, subkontzientetik atera dute bakoitzak duena, horrekin formak sortuz joan dira, eta forma horiek gidatuta heldu dira asetu dituzten objektu batera, zeinarekin identifikatzen diren”.

Askotariko molde eta gaiak

Artista batzuei prozesuak balio izan zaizkie kezkaren edo interesen bat mamitzeko. Esate baterako, jasangarritasunaz mintzo da Violeta Infante Inzunza Haziak piezan. Haurlauzekin osatutako mural bat kokatu du aretoan: hondo zurian beltzez paratu ditu desazkundearen eta interdependentziaren aldeko aldarriak, besteak beste. “Jorratzen du denok inplikatzearen beharra trantsizio ekologiko bat egiteko”, Marinen arabera.

Behean, idulki baten gainean pilatu ditu zuriz margotutako intxaur andana bat, bisitariek hartu ditzaten. “Hazi hori burmuinarekin lotzen da”, komisarioak azaldu duenez. Era berean, Infanterena “konpromiso obra” bat da, eta, hala, intxaurrak oroigarriak ere badira. “Hazia etxera eraman dezakezu, eta hark gogoratuko dizu egunero keinu txikiak egiteko beharra, luzera begira gizarteak hobetzeko”, Marinen hitzetan.

Aldiz, Lora de Tormesek platerrak erabili ditu bere hausnarketak helarazteko. Marixoxo deitu die pieza sortei: arabeskoak osatu ditu buztinarekin, eta plateraren erdigunean aluak irudikatu ditu. “Marixoxo emakume bat da, genitalak bai baina generorik ez duena, eta tradizioaren eta edertasunaren objektualizazioaren batura da”. Hala adierazi du egileak erakusketaren katalogoan.

Lohia 2

Marinek argibideak gehitu ditu: “Lotuta dago femeninoarekin eta maskulinoarekin, komunikabideekin, femeninoaren errepresentazioekin, sexuarekin, eta abar”. Teknika tradizional bat erabili du hori dena islatzeko, komisarioak zehaztu duenez. “Aldi berean atentzioa ematen duen eta hausnartzea eragiten duen dekorazioa ipini du”.

Halaber, biribilak dira Mariana Vecchiolaren piezak ere, eta platerak gogorarazten dituzte, orobat. Jateaz gogoetatu du Carne de la mentira casquivana-n, baita janariaren jatorriaz ere, besteak beste; hein batean, ikuspegi sinbolikotik. Halaber, sinbolismoari erreparatu dio Sergio Daneri M. Guzmanek Ikutu nazazu-n: soketatik zintzilikatutako pieza luzangek osatzen dute haren obra. Katalogoan argitaratutako testuan, artistak azaldu du piezok agertoki bat osatzen dutela; han, norbanakoaren identitatearen inguruko kontakizunak sortzen dira, eta etengabean ari dira eraikitzen eta deseraikitzen.

Forma geometrikoak erabili ditu Daniel Lozano Garciak Playground sortan. Formak pilatu ditu lau pieza sortzeko. Katalogoan adierazi duenez, gune ludiko bat sortzea izan da asmoa: “Toki seguru bat da, non bizitza erreala simulatzeko arau propioak sortzen diren, autobabeseko kontakizun baten bidez, mundua ulertzeko eta segurtasunez harekin harremanetan jartzeko”. Jolastearen aldarrikapena egin du artelanarekin.

Lohia 3

Buztinaren arrastoa

Erakusketa artistikoa da Lohia, batez ere. Alegia, parte hartzaileek artea sortu dute zeramikarekin. Alabaina, buztina emaitza praktikoekin lotzen da askotan, eta, hori horrela, aditu batzuek ere antzera epaitzen dute materiala, komisarioaren hitzei erreparatuta. “Talka bat dago: akademiarentzat zaila da asumitzea zeramikaren prozesuak urrundu daitezkeela ohikotik eta helburu funtzionaletik, eta izan daitekeela materia besterik ez, prozesu artistikoekin lotutakoa”.

Dena den, zeramikak izan du tokirik artearen historian; areago, baita arte garaikidean ere, Marinek aldarrikatu duenez. “Arte garaikidea hasten den momentutik bertatik, zeramika dago. XIX. mendearen bukaerako zeramikazko pieza batzuk topatu dira, eta, edukiontziez eta apaingarriez gain, bazeuden haragoko funtzioak zituztenak ere”. Azken belaunaldiek gainditu egin dute sailkapen hori, eta erreparorik gabe darabilte buztina beren lan artistikoetan, dioenez. “Duela 40 urtetik hona, ikusten ari gara buztina eta haren egoera eta aukera denak erabiltzen ari direla diskurtso artistiko ezagun askotan”.