Laukizko eskolak eraikin bakarra izatea eskatu du EH Bilduk

Egun bi eraikin ditu herriko eskolak, eta elkarren artean bi kilometroren aldea dago. Auzia Eusko Legebiltzarrera eraman dute.

Olatz Enzunza Mallona

Herria bizirik mantentzeko ezinbesteko zerbitzua da Lauaxeta eskola laukiztarrentzat. “Laukizen bihotza da herriko eskola, oinarrizko zerbitzu bat da, eta bizimodua ematen dio herriari”, ohartarazi du Ugaitz Arrien Laukizko EH Bilduko zinegotziak. Herri transmisiorako, euskalduntzerako, identitatea garatzeko, komunitate giroa sortzeko eta herria bera bizirik mantentzeko “behar-beharrezkoa” dela uste du, baina badu begi bistakoa den arazo bat ere: eskola bi eraikinetan banatuta dago, eta azpiegitura batetik bestera bi kilometroko distantzia dago. “Eskola txikia izanda, banatuta egoteak zailtasun ugari sortzen ditu egunerokoan, eta ez da batere erosoa alde batetik bestera ibiltzea”, adierazi du Arrienek. Egoera konpontzeko asmoz, bideragarritasun azterketa bat egiteko proposamena egin du EH Bilduk udaletxean, baina, bueltan ezezkoa jaso ondoren, idatzizko galdera batzuk planteatu dizkie orain Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuari.

Eskolako guraso batzuen kezketatik abiatuta hasi ziren buruari bueltaka Laukizko EH Bilduko zinegotziak: “Umeak autobusez joaten dira eskolatik jantokira, eta, orain gutxi, guraso batzuk etorri zaizkigu esanez herrian erroldatuta ez dauden ikasleei ez zaiela ematen autobus garraioa ordaintzeko diru laguntzarik”.

Erabaki horrek “banaketa bat” sortzen duela uste du Arrienek, “ez da batere pedagogikoa”. Izan ere, albo herrietako umerik gabe “zaila” da eskolak aurrera egitea: “Eskola ezin daiteke mantendu Laukizko matrikulazioekin soilik, eta horrek arrisku bat ekar dezake: umeek ezin badute horrelako zerbitzu bat izan herrian, baliteke familia batzuk herritik kanpora joatea. Hezkuntza oinarrizkoa da Laukizen, eta horren aldeko apustu sendoa egin behar da”. Azken finean, eskolak herria kohesionatzen eta batzen laguntzen duela iruditzen zaie.

Arazoari irtenbidea emateko aukerarik egokiena bideragarritasun azterketa bat egitea dela uste du Laukizko EH Bilduk. Eta horixe bera proposatu zuten mozio bidez udalbatzan. Baina, osoko bilkuran, ezezkoa jaso dute bueltan: “Esan digutenez, momentu honetan ez dago mahai gainean hirigintza planik aurrera eramaterik, eta bideragarritasun azterketa zaharkituta geratuko litzateke ordurako”.

Hala ere, egoera lehenbailehen konpontze aldera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailera eraman dute auzia. “Gure asmoa argia da: Lauaxeta eskolako linea guztiak, haur eskola, jangela eta sukaldea herriaren erdigunean egotea nahi dugu, eraikin bakarrean”. Ikoitz Arrese EH Bilduko Hezkuntza idazkaria arduratu da galderak Hezkuntza sailburuari helarazteaz.

Adostasunik eza

Ez da lehen aldia Laukizko EH Bilduk udalaren aldetik ezezkoa jasotzen duena. “Udal gobernuaren jarrera ez da ona izaten gure proposamenekiko eta ekimenekiko, ez digute lankidetzarako eskua erraz zabaltzen”, kontatu du Arrienek.

“Adostasuna” aldarrikatzen dute EH Bilduko zinegotziek, eta, alderdi politikoen gainetik, “herri eredu egoki bat” izatea lortu nahi dute: “Gero eta gehiago dira herritik alde egiteko erabakia hartzen duten gazteak. Herritarron arteko harreman sozialak indartu behar ditugu, eta kontziente izan behar dugu zer-nolako herri eredua eraikitzen ari garen”.