Jamaikar doinuak, berriro

Jamaikar doinuak, berriro

Iraia Vieira Gil

Justu 32 urte dira Txapel Reggae jaialdia Armintzako portuan (Lemoiz) egiten hasi zirela. Jamaikar erritmoak Euskal Herrira hurbiltzeko helburuarekin jaio zen festibala, eta duela bi urte ospatu behar zuten 30. urteurrena, baina ezinezkoa izan zen pandemiaren ondorioz. Bihar bueltatuko da, eta Josu Gurtubai jaialdiaren antolatzaileak esan du “Txapel Reggae mundu osoko musikarientzat izanik, ingurukoak laguntzen” saiatuko direla.

Euskal reggae taldeen alde egiten du Armintzako jaialdiak; horregatik, Euskal Herriko ia herrialde guztietatik talde bat ariko da. Lapurdi eta Nafarroa Beherea izango dira Armintzan ordezkaritzarik izango ez duten bakarrak. Esaterako, Xiberoots taldekoak Zuberoatik etorriko dira, izenak aditzera ematen duen bezala. 2017an kaleratu zuten Maule Muffin izeneko lehen diskoa; 2020an, Honki Jina izenekoa. Xiberoots taldeak reggaea eta soinu tradizionalak nahasten ditu, 1970eko hamarkadako doinuak gogora ekarriz.

Euskal taldeei eskainitakoa ez ezik, bestelako atal bat ere izango du Txapel Reggaek aurten, Gurtubaik “klasikoak” deritzona. Zaku horretan sartzen dira, adibidez, Potato Ska eta Akatz. Bi talde horiek beteranoak dira jada, festibaleko aurreko aldietan aritutakoak baitira. Potato Skak lehenbiziko Txapel Reggaean jo zuen, 1990ean, baina beste batzuetan ere bai. Akatz arduratu da jaialdiko abestia idazteaz. Aurten, gainera, disko berriaren aurkezpena egingo du jaialdian: Yuyu-rena.

Baina Txapel Reggaek ez du Euskal Herrian muga jartzen; nazioarteko artistak ere erakartzen ditu. Bihar, hain zuzen, zaleek Jamaikatik eta Frantziatik datozen Rod Taylor & Heartical entzuteko aukera izango dute. Rod Taylor, reggae arloan aski ezaguna da: 1957an jaio zen, eta sound system soinuetan trebatu da; ez hori bakarrik, estilo horretan klasikoak diren abestiak ere sortu izan ditu: Ethiopian Kings eta I’m the right, kasu baterako.

Programan ez dago bestelako berrikuntzarik. Gurtubaik azaldu duenez, aurten ere “betiko egitaraua” izango dute. Hasteko, Batukale Samba taldeak abiatuko du Armintzako jaialdia, 12:00etan, herriko kaleak perkusio erritmoekin astinduz. Ondoren, dance hall eta skate erakustaldiak izango dira, zeinetan herritarrek parte hartzeko aukera izango duten.

Lehen kontzertuak 16:00etan hasiko dira, Dub Stage gunean. Sound system soinuak izango dira nagusi bertan, eta ikusleek Selektah Stepi eta Lagunak, Errege Sound System, Turning Point Sound eta Bomb Bass Hifiren musikaz gozatu ahal izango dute.

Guztia doan

Biobizz Portua Stage da agertoki nagusia. 22:00etan hasiko dira kontzertuak han. Aurretik, aipatutako Akatzek, Xiberootsek, Potato Skak eta Rod Taylor & Hearticalek joko dute, baina ez dira bakarrak izango. Haiekin batera, The Titanians eta George Palmer & Well Charge Band taldeek publikoa dantzaraziko dute doinu tropikalen pean.

Armintzako Txapel Reggae jaialdia doakoa da guztiz. Jai batzordeak antolatzen duen ekitaldia izanik, interes ekonomikorik ez dute: “Gure lanak zentzua dauka, baldin eta jende guztiak jaialdiarekin gozatzeko aukera baldin badu”, azaldu du Josu Gurtubaik.

1990eko hamarkadaren amaieran, arrakasta berezia lortu zuen Txapel Reggaek. Hortaz, bi eguneko jaialdia antolatu zuten. Zenbaitek berehala sumatu zuten ideia ez zela ona izan, Gurtubaik esan duenez. “Desoreka handia zegoen jaialdiaren eta herriaren artean”. 2004 aldera, erritmoa berriz ere lasaitu, eta egun bakarreko festibal bihurtu zen ostera.

Egun ere halakoa da, egun batekoa, baina, Gurtubairen arabera, profesionalagoa da orain. Antolatzaile taldeko kideak dio horrek jendearengan jakin-mina piztu duela, eta ikusle gehiago bildu ditu pandemiaren aurreko azkeneko aldian. Gurtubaik dio mota guztietako ikusleak direla: gazteak, hasieratik rastafari izaera erakutsi dutenak, kanpotarrak, herrikoak… “Giro polita sortzen da”. Hori da, azken finean, antolatzaileek lortu nahi dutena: “jendeak gozatzea”.

Potato Skak, 38 urte

Klasikoen artean klasikoenetariko bat da Potato. Reggae, ska eta bestelako jamaikar erritmoak nahasten dituen taldea da. 1984. urtean sortu zen, Euskal Rock Erradikala puri-purian zegoenean. Bi urte geroago, aurreneko diskoa plazaratu zuen: Tijuana in Blue. Taldeak orain arte 11 disko kaleratu ditu.

Aurten, 38 urte bete ditu Potatok. Haien ibilbide musikalean, Kortaturekin eta beste hainbat talderekin kantatzeko aukera izan dute. Gerora sortutako taldeengan, gainera, eragin handia izan dute. Ska-p da horren adibiderik argiena.