Izozkia

Izan zitekeen mugurdi, limoi sorbete edo mango zaporeduna. Zapore cool bat. Baina zertarako konplikatu bizimodua? Txokolate arruntezko kukurutxoarekin estreinatu dut izozki denboraldi hipergluzemikoa. Lekeitiotik hasi dut udako zapore hotzen urteroko bira, bertan Kaleka festibala, kaleko artearen nazioarteko jaialdia egon dela aprobetxatuta. Eta, bai. Eskerrak zainak azukrez kolapsatze horrek freskotasun eroso bat sorrarazi didan trukean. Eskerrak izozkiaren hotza programazioko saiorik beroena baino lehen irentsi dudan. Bestela, gaitza zatekeelako Lekittoko deabruek barreiaturiko sugarrak gainditzen.

Lekittoko Deabruak antzerki konpainiak hamar urte bete ditu kalea, performancea eta, batez ere, ikuskizun piroteknikoa batzen. Urtemuga jaioterrian bertan ospatu dute. Eta zelan, gainera. Mingorri pertsonaia lagun, deabruz jantzitako dozena bat kidek alde zaharreko eta portuko kaleak sutan ipini, eta herrikideak zirikatu dituzte suziri, txinparta eta eztanda artean. Ikuskizun ibiltari eta magikoa izan da, edertasuna bezainbeste tentsio batu dituena. Eta beroa, harritzeraino. Aste honetako egunen bestekoa.

Izan ere, horixe: bero sapa. Egun hauetako ordurik kritikoenetan kalera irteteari utzi diot gratinatuta bukatuko ote dudan beldur. Arrautza frijituak zartaginean egin barik etxepeko marmolaren gainean egitea pentsatzen nabil, etxe barruan sua isiotu beharrik ez izateko. Edo okerrago. Beharbada, etxepeko kalera biluzik irten, eta dena delako jainkoari euria eskatzeko dantza tribalen bat eskaini beharko diot, tenperaturak gradu batzuk behera egin ditzan gutxienez. Baina, keba. Azkenean irtenbiderik errazena bilatu dut. Hor nabil, berriro, etxe barruan gatibu, beroari ihesi. Sofari ipurdiaren forma emateko ariketa amaigabean atzera ere kieto.

Telebistari berari ere beroa dario. Albiste gori eta beroak dira nagusi: emakumeak bortxatzeko helburua izan dezaketen droga-ziztadak agertzen hasi dira jai jendetsuetan; elikagaien prezioa gora doa, erregaiaren prezioak gora egiten duen hein berean; klima larrialdiaren aurrean iraganeko errezetak errepikazen ditugu; kazetari entzutetsuek eroskeriaz jokatu ote duten albisteak barreiatzen hasi dira han hemenka. Eta hori gutxi balitz bezala, sodomia gorrotagarri zaion ultraeskuin hori bera popatik ematera etorri zaigula dirudi. Batek zalantza du, telebistari darion bero horrek ezer onik ekarriko ote duen. Batek ez daki non edo noiz jausiko den goritasun horren gainera, dena pikutara bidaltzeko arriskua ekar lezakeen txinparta su-eragilea. Eta batek ez daki une batetik bestera sutan ipiniko dela dirudien gizarte bat nola freskatu. Zalantza hori da: ea Lekittoko Deabruen ikuskizuna, horixe, ikuskizuna ote den. Ala kontrara, etor daitekeenaren metafora arriskutsua den. Baina, tira! Azkenean irtenbiderik errazena bilatuko dut. Betiko zaporea duen izozkia erosiko dut bero sapa honi aurre egiteko, eta hala. Hurrengora arte.