Gerizpetan, hamabi gradu freskoago

Gerizpetan, hamabi gradu freskoago

I. Maruri Bilbao

Europan egin diren ikerketen arabera, inguru arboladunen eta haien alboan dauden toki asfaltatu arbolagabeen artean, litekeena da hamabi graduren aldea egotea. Maria Iza arkitekto eta urbanistak azaldu duenez, batzuetan eta besteetan erabili diren materialen nolakotasunak eragiten du alde hori. Zehatzago esanda, material horien bero espezifikoak. “Bero espezifikoa da haien tenperaturari eusteko behar duten bero ekarpena. Asfaltoak, hormigoiak eta baita zeramikak ere bero gutxi behar dute. Ostera, arbolak izaki bizidunak dira, ur asko dute, eta bero asko behar dute”. 500 eta 4.000 kilokaloria, hurrenez hurren. Eraikuntzan erabiltzen diren material horiek, gainera, pilatzen duten bero hori gero isuri egiten dute berriro. Arbolek, ostera, beroa hartzen dute, barruan duten ura berotzen zaie, eta, hostoen bitartez, lurrun moduan isurtzen dute, eta horrek freskotasuna eragiten du arbolapean. Beraz, Izak argi du: material horien erabilera neurtu, eta arbola gehiago landatu behar da, klima aldaketak ekarriko duen tenperatura igoerari aurre egiteko.

Hala ere, ohartarazi du ezin dela edozelan egin. “Espezie egokiak hautatu behar dira, hiriko kutsadurara ondo egokituko direnak, eta hazkunde egokia izango dutenak, inguruko eraikinei enbarazurik egin gabe. Komeni da erpeak sakon eta artez botatzen dituztenak erabiltzea, zuzenago haz daitezen eta hosto gehiago eman ditzaten”. Izaren esanetan, hostoerorkorrak dira aproposenak: neguan eguzkiari sartzen uzten diote, eta kaleak eta eraikinak epeltzen; udan, gerizpeari esker, tenperatura freskoago mantentzen laguntzen dute. Arbola egokiak hautatuz gero, berogailuaren eta aire girotuaren erabilera gutxitu daitekeela esan du. Bertoko espezieek gero eta altuagoak izango diren tenperaturetara egokitzeko zailtasunak izan ditzaketela ohartarazi du; horregatik, Mediterraneo aldekoak edo Afrika iparraldekoak erabili beharko dira, Izaren arabera.

Hirietan eraztun berdeak sortzeko joera egoki ikusi du, baina esan du berak bakarrik ez duela balio. Hamabost minutuko hiriak kontzeptua nabarmendu du. “Etxetik hamabost minutura zerbitzu guztiak eskainiko dituen hiriak sortu behar dira, baita berdeguneak ere. Baina ez dira parke handiak izan behar. Izan daitezke parke txiki edo lorategi txikiak, eta, besterik ezin bada jarri, bizpahiru arbola dituen tokia”. Herritar bakoitzeko hamabi metro koadro berdegune egon behar dira; ahal diren gehien, arbolaz beteta. “Baina ezin dira kanpoko aldean egon; zenbat eta gertuago herritarretatik, hobe”.

Udalak uzkur agertzen dira hirietako toki batzuetan zuhaitzak lantzeko, azpian hormigoia, aparkalekua edo lurpeko trenbidea dagoelako. Izak azaldu du horietan ere “gainazal berdeak” sor daitezkeela. Gehienbat, eraikinen teilatuetan egiten dira halakoak landare txikiagoekin. Baina kalean ere egin daitezkeela esan du, eta baita arbolak landatuta ere. “Kasu horretan, lur gutxiagorekin bizi daitezkeen eta erpeak zabaletara ematen dituzten arbolak izan behar dira. Baina egin daiteke. Arazoa gehiago izaten da udalei garesti dela iruditzen zaiela, baina teknikoki ez dago arazorik”.

Iturriak, urmaelak eta ibaiak

Ura ere bada tenperatura jaisteko elementu garrantzitsua. Baina gero eta urriagoa izango denez, neurriz erabili behar dela ohartarazi du Izak. “Gurean, oraingoz, ez dugu arazorik, eta aprobetxa ditzakegu iturri apaingarriak. Haien inguruan lurruna hedatzen dute, eta freskatu egiten dute giroa”. Hala ere, urari lotuta, beste baliabide batzuk daude. Esaterako, ura xurgatzen duten bide zoladurak erabilita, bero gutxiago isurtzen dute. Han-hemen urmaelak sortzeari ere egoki deritzo. Izan daitezke euri ura biltzen dutenak, gero ureztatzeko ere erabil daitezkeenak. Haietan sortutako lurrunak ere freskatzen du.

Herri eta hiri gehienek ibaia izaten dute; Bilbok, itsasadarra. Tenperatura jaisten laguntzen dute. Baina haien inguruak birnaturalizatu behar dira. Bilbon ez dago erraz, itsasadarra kanalizatuta doalako. Baina ertzetan berdeguneak sortzea ere lagungarria da. Herritarrei ura erabiltzea erraztu behar zaiela uste du Izak. Bilboko San Anton elizaren parean dagoen ontziralekua ipini du adibidetzat: “Egun beroetan lepo egoten da, oinak uretan ere sar ditzakezu eta”. Iruditzen zaio askotan horrek sortzen duen freskatzea psikologikoa izaten dela, baina esan du horrek ere laguntzen duela bero boladei aurre egiten.