“Gazteak ez daude guk uste genuen bezain kontzientziatuta”

“Gazteak ez daude guk uste genuen bezain kontzientziatuta”

Natalia Salazar Orbe

Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko jarduera eta koordinazio lanetarako Durangaldeko II. protokoloaren iazko datuen memoriatik ondorioztatu dute pandemiaren ostetik ezkutuan geratu direla indarkeria kasu asko. Mireia Elkoroiribe Durangaldeko Mankomunitateko presidenteak (Abadiño, 1975) aletu ditu datuak. Erakunde horrez gain, Abadiño, Berriz, Durango eta Elorrio herriak, Osakidetza eta Ertzaintza ari dira elkarlanean protokoloan.

Protokoloa zer da? Eta zer helburu ditu?

Batez ere, helburua da erakundeen arteko koordinazioa hobetzea, emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko jarduerak antolatzea eta informazioa trukatzea. Lehenengo protokoloa 2011n sinatu genuen, eta bigarrena, 2017an.

Zer onura ekarri du?

Beti dago zer hobetu, baina uste dugu koordinazioa asko hobetu dela. Lehen, bakoitza bere kabuz zebilen. Erakunde bakoitzak bere informazioa zeukan, baina besteena falta zuen. Iazko helburuetako bat zen informazioa trukatzea eta artatutako emakumeei buruzko datuak elkarri ematea. Hori onerako izaten da.

Iazko memoriaren emaitzen arabera, 63 emakumek salatu zuten indarkeria matxista jasan zutela. Datu horretatik abiatuta, zer analisi egiten duzue?

Iaz, 63 emakume artatu ziren. 2020an, 62 izan ziren; ez da egon aldaketarik. 2019an, berriz, 97 izan ziren. 2016tik 2019ra, gorako joera zegoen. 2016an, 62 izan ziren; 2017an, 76; 2018an, 83; eta, esan bezala, 2019an, 97. Bat-batean, 62ra jaitsi zen 2020an. Horrek esan nahi du indarkeria gutxiago egon dela? Ez. Profesionalek esan digute seguruenik ez direla izan kasu gutxiago, baizik eta ezkutatuta geratu direla; ezkutatu egin direla edo zailtasun handiagoak izan dituztela salaketa jartzeko. Agian, kasu horiek etxean geratu dira. Ezin gara erlaxatu; ezin dugu pentsatu honek behera egin duela, eta adi egon behar dugu. Pandemiaren eraginez, kasu gutxiagoren berri izan dugu, segur aski.

Biktima horiei zer-nola lagundu pentsatu duzue?

Hori da erronketako bat. Normaltasunera bueltatzen ari garen honetan, espero dugu salaketa kopuruak ohiko joerara itzuliko direla. Lanean jarraitu behar dugu; oso garrantzitsua da kontzientziazioa, gizartea prest egotea kasuak antzeman eta alarma jotzeko; indar handia jartzen ari gara horretan. Adinekoekin lanean ari gara honi buruzko informazioa izan dezaten; kontzientzia hori izateko eta eurak ere antzemateko prest egoteko. Teknikarientzako eta politikarientzako prestakuntza zehatza egin dugu. Garrantzitsua da informazio eguneratu eta erabilgarria sortzea eta zabaltzea. Arlo horretan, komunikabideekin harremanak estutzeko helburua jarri genuen. Saio bat antolatu genuen komunikabideentzat, baina ez genuen lortu guregana etortzerik. Beste erronka bat zen epaile berriarekin eta indarkeriaren ofiziozko txandako abokatuekin harremana sendotzea. Kontzientzia eta sentsibilizazio hori izateari garrantzitsu deritzogu biktimekin harremanetan egon behar dutenerako. Bestalde, mankomunitateak ez du berdintasun arloko konpetentziarik. Pena da politikoki adostasuna falta izatea berdintasun konpetentzia garatu ahal izateko.

Memoriako datuei erreparatuta, erasotzailea biktimaren gertukoa izan da kasu guztietan: bikotekidea edo bikotekide ohia —%80,65— edota senideren bat —%19,35—. Datu hori ezustea izan da, ala espero zenuten?

Joera hori bazegoen lehendik ere. Lan egin behar da kasu horiek alerta sortu, eta gertatu aurretik konpondu ahal izateko. Adinari ere erreparatu behar zaio. 21 eta 50 urte bitartekoak dira erasotzaileen %70. Adin tarte horretako emakume gehiago artatu dira. Kontuz ibili behar dugu. Badirudi asko aurreratu dugula, baina datuek bestelakoa erakusten dute. Eta oso gaztetan gertatutako kasuak ere badaude.

Artatutako 30 urtetik beherakoen %13,56 —kasuen %32,20 dira— 16 urtetik beherakoak dira. Bestalde, erasotzaileen %17,54 30 urtetik beherakoak dira, eta horietatik %10,5ek 20 urte baino gutxiago dituzte. Kezkatzen zaituzte datu horiek?

30 urtetik beherakoena ehuneko handia da. Ezin gara erlaxatu. Badirudi asko aurreratu dugula, baina kontuz ibili behar dugu, gazteak ez baitaude guk pentsatzen genuen bezain kontzientziatuta. Nagusiengan ere arreta jarri behar dugu, kasuak badaudelako eta, agian, ez dakitelako, ez baita egin pedagogia lanik haiekin. Baina gazteekin urteak daramatzagu lanean, eta badaude kasuak oraindik. 16 urtetik beherakoen salaketak ugaritu egin dira nabarmen. Egia da kontzientziazioa, informazioa eta trebakuntza dagoenean salaketak errazago egiten direla. Hori alde positiboa da. Onena izango litzateke kontzientziazioa egotea eta salaketarik ez egotea. Pedagogia badaukate, kultura aldatu da, eta neska gazteek argi dute ez dutela indarkeriarik jasan behar, eta errazago salatzen dute. Baina erasoak gertatzen dira oraindik.

Eragileekin zer-nolako harremana duzue? Andereak elkarteak uste du salaketak noiz egin diren jakinarazi beharko litzatekeela. Ez da horrela egiten?

Kasu batzuetan, iritzi desberdinak egon dira. Guk teknikari eta profesionalek esaten digutena egiten dugu. Badaukagu harremana Andereak taldearekin eta bestelako eragileekin. Hori ere hobetu daiteke, eta, agian, modu estuagoan lan egin, baina saiatzen gara haien iritziak kontuan hartzen. Batzuetan, iritzi desberdinak izaten dira. Profesionalak dira kasuak aztertzen dituztenak eta irizpideak ematen dizkigutenak. Elkarteek ikusgaitasuna ematea nahi izaten dute, baina, kasu batzuetan, agian, ez da komenigarria. Kontuan izan behar da emakumearen kasuistika.