Arrano arrantzale biri eraztuna jarri diete isurialde atlantikoan

Arrano arrantzale biri eraztuna jarri diete isurialde atlantikoan

Olatz Enzunza Mallona

Hainbat urte igaro eta gero, hiru arrano arrantzale jaio ziren joan den urtean Urdaibain. Aspaldidanik desagertuta zegoen espezie hori Euskal Herrian, eta jaiotza “ezohiko gertaera bat” izan zen, Edorta Unamuno Urdaibai Bird Centerreko biologoaren hitzetan. Aurten, beste bi txita jaio dira. Santanderren (Kantabria, Espainia) aurkitu dituzte txita horiek, baina, Aranzadi zientzia elkarteak jakinarazi duenez, Urdaibai Bird Centerrek 2013tik esku artean duen proiektuaren emaitza dira: aurten jarri die lehenengoz eraztuna espezie horri.

Negua Sahara hegoaldeko Afrikan eman ondoren, joan den martxoan iritsi zen Landa deituriko arrano arrantzalea Urdaibaiko paduretara. Orxeko (Akitania Berria, Frantzia) erreserba naturalean egindako suspertze proiektukoa da espezie hori. Roy arraren esperoan zegoen Landa, baina, itxura guztien arabera, Afrikako bidaia gainditu ezinik geratu da arrano arrantzalea: “Itxaropen handia geneukan, baina badirudi Afrikako bidaian hil dela”. Izan ere, ohikoa zen bikote hori udaberrian Urdaibain elkartzea.

Joan den urtean izan zen bikotearen lehen txitaldia, Urdaibain. Landak apirila aldean jarri zuen lehen arrautza, eta, haren ondotik, beste bi txita ere etorri ziren. Horietako bat, gainera, albinoa zen, munduan ezagututako lehena, baina jaio eta hiru egunera hil egin zen. Beste biak, jaio eta hogei bat egunera hil ziren; ezin izan zioten eutsi ekain erdialdean Urdaibai astindu zuen ekaitzari.

Landak, Roy iristen ez zela ikusita, beste zerbait bilatzeari ekin zion, eta, azkenean, Santanderren aurkitu du bikotea. “Urdaibaiko proiektuaren parte da Txuriko izeneko arrano arrantzalea; Santanderren hartu zuen bere lekua, eta, aurten, lehenengoz, bi txita izan dituzte elkarrekin”, esan du Unamunok. Ugalketak “arrakasta handia” izan duela nabarmendu du biologoak, eta programaren ardura duten adituek “baikortasunez eta harrotasunez” bizi dute prozesua.

Ekainean eraztuna jarri zieten lehenengo aldiz bi txita horiei, Iberiar penintsulako iparraldean. Hegazti bakoitza PVCzko eraztun hori batekin markatu zuten, “jarraipen bisual bat” egiteko asmoz. Eta, horrez gainera, Aranzadi zientzia elkarteko kideek metalezko eraztun ofizial bat ere jarri zioten txita bakoitzari. Hala, informazioa eskuratzeko aukera dute adituek. Izan ere, handia da arrano arrantzaleen hilkortasun tasa: espeziaren %80 hiltzen dira jaio osteko lehen asteetan edo lehenengo migrazioetan. “Horietako batzuk esperientzia faltagatik hiltzen dira; beste batzuk, tiroz, eta asko eta asko, giza oztopoengatik: poste elektrikoak, haize errotak… Arrisku asko izaten dituzte”, nabarmendu du Unamunok.

ARRANO ARRANTZALEA

Desagertutako espezie bat

Datorren urtean hamar urte beteko dira Aranzadi elkarteak eta Urdaibai Bird Centerrek arrano arrantzalea lehengoratzeko proiektua martxan jarri zutenetik. Europa iparraldean oraindik ere arrano arrantzale kolonia sendoak geratzen zirela ikusi zuten, eta hara jo zuten txita bila. Zehazki, hamabi txita ekarri zituzten Eskoziatik Urdaibai Bird Centerrera, eta horiek Euskal Herrian geratzea zen asmoa. “Espezie hori euskalduntzea izan zen gure asmoa, gerora Urdaibain arrano arrantzaleen kolonia bat eratu ahal izateko”, esan du Urdaibai Bird Centerreko biologoak. Bost urtean, urtero hamabi arrano arrantzale eman zizkieten. Guztira, 60.

Hilabetez guraso lana egiten ibili eta gero, askatu egin zituzten, eta handik Afrikara emigratu zuten arrano arrantzale horiek. “Han bi urte igaro ondoren, jaioterrira itzultzen dira bizirik geratzen direnak”. Berez, hegazti horiek hiru urte behar dituzte heldutasun sexualera iristeko, eta orduan hasten dira jaioterrian arrautzak jartzen. Hurrengo migrazioetan, negua baino ez dute igarotzen Afrikan, eta udaberrian itzultzen dira isurialde atlantikora.

Urte hauetan guztietan “arrakasta itzela” lortu dutela uste du Unamunok, baina “arantzatxo bat” ere badutela aitortu du: “Iazko urtea oso zoriontsua izan zen guretzat, eta aurten Urdaibain kume gehiago jaiotzeko esperantza geneukan”. Ez da posible izan, baina aurrera begira ziur dago “beste saiakera batzuk” egongo direla. “Laster izango ditugu arrano arrantzale txitak Urdaibain berriz ere”.