Partzuergoak ur sareko azpiegiturak “lapurtu” dizkiola salatu du Eak

Partzuergoak ur sareko azpiegiturak “lapurtu” dizkiola salatu du Eak

Ibai Maruri Bilbao

rriolaurtengo urtea hastearekin batera, Busturialdeko Ur Partzuergoa osatzen zuten hamasei herriak Bilbo Bizkaia Ur Partzuergora sartu ziren. Muxika, Ajangiz eta Ea izan ziren erabakiaren aurka egin zuten bakarrak, baina gehiengoaren erabakia bete behar izan zuten. Eako alkate Iratxe Arriolak kontatu du desegin aurreko azken bilkuran, besteak beste, kide ziren herrietako ur hornidura eta saneamendu sareko azpiegiturak eta ondasunak Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoari ematea erabaki zuela Busturialdeko Ur Partzuergoaren kontseilu orokorrak; zehatzago esanda, ondasunon titulartasuna aldatu zutela. “Baina ez ziren Busturialdeko partzuergoarenak! Herrienak dira, nahiz eta partzuergoak erabiltzen zituen”. Horregatik, “lapurtu” egin dizkietela uste du Eako alkateak: “Ez zait beste berbarik bururatzen gertatutakoa izendatzeko”. Guztira, 179 milioi euroren balioa dute, eta tartean daude, besteak beste, hoditeria sare osoa, araztegiak, ur edangarria tratatzeko estazioak, ur harguneak, ura ponpatzeko makinak, orubeak…

Orain arte, partzuergo barruko bide administratiboa erabili dute erabakiaren aurka egiteko. Errekurtso bi ipini dituzte. Lehena onartu zieten, baina ez zizkieten ondasunak itzuli. “Behintzat, Earenak direnak zerrendatik ken zitzaketen, baina ez zuten ezer egin”. Bigarrenari erantzun ere ez ziotela egin esan du. Horregatik, orain auzitara jotzea erabaki dute: EAEko Auzitegi Nagusira. Sinetsita dago epaile “zentzudun” batek kasua hartuz gero irabaziko dutela eta “lapurtutakoa” itzuliko dietela. “Jabari publikoko ondasunak dira, herriarenak. Ezin zaizkio beste inori eman. Eta ezin dira patrimonializatu; hau da, administrazio zuzenbidearen arlotik merkataritza zuzenbidearenera pasatu”.

“Zertarako behar ditu ondasun horiek?”, galdetu du Arriolak. Haren arabera, lehen Busturialdeko Ur Partzuergoak nola, orain Bilbo Bizkaiakoak erabil ditzake, nahiz eta “legez” jabetza udalena izan. “Guk ez diogu eragotziko. Erabilera eskubidea aitortzen diogu. Guk bat egitearen kontra bozkatu genuen arren, orain haiena da zerbitzuaren kudeaketa, eta azpiegitura horiek erabili behar dituzte”. Beraz, ez dio logikarik ikusten jabetza ere eskuratu gura izateari. Uste du litekeena dela partzuergo bien jokabidearen atzean ur hornidura eta saneamendu zerbitzuak pribatizatzeko asmoa egotea. “Munduan leku askotan gertatu da; Paris izan zen pribatizatzen lehenengoetakoa”. Madrilen gertatutako Lezo auzia izeneko ustelkeria kasuarekin alderatu du, Canal de Isabel II ur hornidurarako enpresa publikoaren ondasun publikoak pribatizatu egin baitziren.

_Iratxe_Arriola

(Iratxe Arriola Eako alkatea)

Arriolak ez daki Bilbo Bizkaia Ur Partzuergora sartu diren beste herriei gauza bera gertatu zaien. Baina bai besteei sartzeko dirua eskatzen dietela. “Guri ere bai hasieran. Hamasei herrien artean ehun milioi euro ipini behar genituela esan ziguten. Gero, EAJk negoziatu zuen, eta azkenean ez dugu ezer ordaindu behar izan. Eta eskerrak. Ea gure aurrekontuetako diru apurrekin zelan ordainduko genukeen halako dirutza…”. Horri lotuta hipotesi bat bota du: “Eskatu ziguten dirua ez ordaintzearen trukea izan daiteke gure ondasunen jabe egin izana? Baina ondasun horiek jabari publikokoak dira; ezin dira pribatizatu”.

Paradigma aldaketa

Arriolaren ustez, erabaki horiek guztiak egun indarra hartzen ari den norabidearen aurka doaz: “2015etik paradigma aldaketa batean gaude; kudeaketa eta zerbitzuak berriz udalekotzeko joera gero eta hedatuagoa dago”. Publikoa lokaletik gestionatzeko beharraz ohartarazi du, arazoei tokian tokiko erantzunak emateak duen garrantziaz. “Ez dugu ikasten. Lehengo aje okerrekin gabiltza oraindik ere”. Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak dituen “makroazpiegiturek” energia asko behar dutela azpimarratu du, “gero eta gehiago, energia krisi betean gauden bitartean”.

Udalek eskumen gutxi dituztela esan du, eta salatu du dituzten “apur horiek” kentzen dizkietela. “Hirigintza, ur hornidura, saneamendua eta gutxi gehiago dugu. Ur horniduraren eta saneamenduaren eskumenak ere kentzen badizkigute, zer geratuko zaigu?”. Arriolak txarretsi du “gero eta zailtasun handiagoak” ipintzen dizkietela kudeaketa tokian bertan eta herritarrekin egiteko, “helburua horrek izan beharko lukeen arren”.