Auzoen bizitasunaz

Bego Elexpek argazki album bat ondu du Bilboko San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabala auzoak ezagutzeko. BBK Kunan ikusi ahalko da, irailaren 1era arte.

Amaia Igartua Aristondo

Posatzera ohituta ez dagoen jendeari argazkiak ateratzean, askotariko keinuak ager daitezke. Hain justu, hala gertatzen da Bego Elexpe argazkilariaren (Erandio, 1978) Auzo baten erretratuak erakusketan. Formatu bertikalean, Bilboko San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabala auzoetako zenbait merkatarik eta langilek irribarre egiten diote kameraz bestaldekoari; salgai duten produkturen baten atzean ezkutatuta bezala daude batzuk, eta seguruago igartzen zaie besteei. Lotsatiak, jostalariak, serioak: aniztasuna iradokitzen dute haien bisaiek. Askotarikoa baita, orobat, haien auzoa.

Bego Elexpe

(Bego Elexpe argazkilaria)

Bilbon bertan, BBK Kuna eraikinean daude irudiok, eta irailaren 1era arte bisita daitezke. Bilbao Historikok eta auzo horietako merkataritza elkarteak bultzatutako ekinbide baten emaitza da lana. Elexpek bilduma bizia taxutu du, konposizioa eta edizio lana baliatuta, zatiak lausotuz edo elementuekin jolastuz aurrena, eta kolorea gehituz ondoren.

55 erretratu biltzen ditu erakusketak: oihal dendak, okindegiak, farmaziak, tatuaje dendak, ile apaindegiak, tabernak, jatetxeak eta bitxi dendak agertzen dira, besteak beste; eta argazki estudioentzako tokia ere badago negozio horien amaraunean: Elexperen Photobat estudioari dagokion erretratuan egilea bera agertzen da, tresna mardul batekin begiak estalita dituela.

Bilbi hotela

Horiei denei batasuna ematea izan da argazkilariaren irizpidea eta erronka edizio lanean. “Azken finean, negozio asko ziren, eta denak bateratzea oso zaila zen. Orduan, gainetik marraztu ditut. Kolore asko jarri ditut guztietan, argazkiei bizia emateko”. Argazkilari izan baino lehen, marrazkilaria zen Elexpe, eta hasierako joera hori nabaria da haren argazkietan.

Gizartea irudikatu nahia

Xehetasun artistikoak gorabehera, guneak eta bertako jendea ezagutaraztea du proiektuak helburu, batez ere; hala azaldu du argazkilariak: “Gu aurkezteko modu bat da. Ez dira gure denden argazkiak, geure buruen argazkiak baizik. Hauek gara gu”. Izan ere, kanpainak auzo horien errealitate soziala erakustea bilatzen du, artistaren arabera. Argazkilaritza artistikoa ez ezik, soziala ere garatzen du Elexpek, eta, apaingarriak apaingarri, ikuspuntu soziala gailentzen da haren irudi guztietan.

Hala, erretratatutako horiei egindako “omenaldia” ere bada erakusketa, “eurek ematen baitiote kolorea eta bizitza auzoei”, argazkilariak nabarmendu duenez. Baina auzootatik harago jartzen du arreta, halaber. “Jendea erakarri nahi dugu, auzoen berri izan dezaten, haien inguruan ezagutzen dena batzuetan ez delako egokiena”.

San Frantziskoz, Bilbo Zaharraz eta Zabalaz esandako esamesa asko entzun eta bizi izan ditu Elexpek berak. Jatorriz Erandiokoa da, baina hamar bat urte daramatza gune horretan bizitzen eta behar egiten. “Bertan bizi izan nuen fama txarra izan zuen garai hura, baita lekua modan jarri zen garaia ere, eta pandemia”. Lantokia beste behargin batzuekin partekatzen hasi zen aurrena —coworking bezala ezagutzen dena—, eta estudio propioa du egun, San Frantzisko kalean.

Libertad Avenue

Auzo zehatzetatik harago

Pandemiaren ondorioz sortu zen proiektua. “Denok geunden oso kezkatuta gure etorkizunagatik”, esan du Elexpek, eta ingurukoen egoerarekin ardura ere bazegoela nabarmendu du. Horri denari balioa emateko biderik aproposena proiektu fotografiko bat egitea iruditu zitzaion artistari. Lehen bilduma bat ondu zuen aurrena, berrogei argazkirekin, eta hari beste merkatari batzuen erretratuak gehitu dizkio orain.

Bilboko txoko bat islatzen du laginak, baina balio dezake auzo denen garrantziari erreparatzeko oro har, Nora Sarasola BBK-ko gizarte arloko zuzendariaren hitzei erreparatuta. San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabala “balioesteko, aitortzeko eta auzoaren kultura, merkataritza eta ostalaritza dinamizatzeko” modua da Elexperen bilduma, baina auzo ororen inguruan hausnartzeko beta ere ematen du. “Auzora begiratzea oso garrantzitsua da”, Sarasolaren irudiko, eta, ildo horretatik, BBK Kuna Institutua think tank-eko presidentearen hitz batzuk gogoratu ditu, Daniel Innerarity filosofoarenak, hain justu. “Kontu global guztiak auzoetako kontuak dira egiaz, eta horiek batzen direnean sortzen dira erronka globalak”.

Princess Courts

Berdin izurriarekin. “Negozio txikientzat ere pandemia ez da erosoa izan”, Sarasolaren hitzetan. “Orain, funtsezkoa da gure babesa erakustea haiei, eta negozio txikiak aldarrikatzea auzoetako elementu astintzaile, biltzaile eta balio sortzaile gisa”. Etorkizunerako bermea ere baitira, zuzendariaren iritziz, eta, hori horrela, negozio txikien eredua bultzatzeko deia egin du.