Urak kolore gutxiago islatzen ditu

Urak kolore gutxiago islatzen ditu

Amaia Igartua Aristondo

Askotariko kolorez jantzita, izaera artistikoa ere badu portuak. Hala nola urdinez, zuriz eta berdez pintatuta daude zurezko gainazalak, dotore apainduta daude ontziak, eta burdinaren ugerrak ere testurak txertatzen dizkio paisaiari. Baina, urteen joanarekin, beste itxura bat hartu du kaiak: homogeneoagoa bilakatu da, material berrien zuria gailentzen baita orain. Berrikuntza teknologikoaren arrastoa nabaria da, baina, aldaketa ez ezik, “galera” ere ekarri du horrek, Konrado Mugertzaren irudiko.

Naturari lotutako kontzeptuak darabiltza Mugertzak fenomeno hori izendatzeko. Haren iritziz, “portuen deforestazioa” gertatu da azken hamarkadetan, egurra desagertuz joan delako paisaia horietatik, eta, horren ondorioz, “desertifikazio kromatikoa” izan da. “Material tradizionaletatik sintetikoetara pasatu garen neurrian, gure portuen kolorea galdu egin da”.

Eraldaketaz hausnartzeko, berak egindako argazkiak eta zenbait partaidek propio ondutako testuak bildu ditu Mugertzak Zura eta ura erakusketan. Lekeitioko Eusebio Erkiaga kultur etxeko Eskolape aretoan bisitatu ahalko da eguaztenera bitartean, eta etzi, 19:30ean, Mugertzak eta Felipe Murelaga itsas arotz izandakoak bisita gidatua egingo dute. Erakusketa Atabaka kultur elkarteak antolatu du, eta Lekeitioko Udalak, Bilboko Itsasmuseumek, Donostiako Aquariumak eta Eika eta Danobat kooperatibek babestu dute. Liburu batean bildu dituzte erakusketako testu denak, baita are argazki gehiago ere.

Portua islatzeko moduak

1960eko eta 1970eko urteetan ezarri du mugarria Mugertzak. Arrantzaren sektore osoa antzaldatu zen hamarkada horietan. Besteak beste, Europako politika komunitarioek eta flotak murrizteko eta ingurumena babesteko Europako legeek eragina izan dute sektorean. Eta teknologiak portuek “nortasuna galtzea” eragin du; horrenbestez, baita “ondarea galtzea” ere, nabarmendu duenez. “Duela 50-70 urte, portuak aberatsagoak ziren, kromatismoari dagokionez”. Orain “antzuak” direla uste du. Arrasto ekonomikoa utzi du egoera horrek, orobat: izan ere, itsas arotzen jardunak behera egin du nabarmen.

Hala, ertz askotatik hel dakioke arrantzaren munduan gertatutakoari, baina Mugertza paisaiatik abiatu da gogoeta taxutzeko. Gainera, hark eman dio, nagusiki, moldaketaren berri. Argazkilari afizionatua da Mugertza, umea zenetik, eta aspalditik hautatu izan ditu portuak bere irudietarako, “oso erakargarria” baiteritzo hango giroari. Aldaketez jabetuta, duela 25 urtetik zuen horien inguruko proiektu fotografiko bat egiteko ideia, baita irudiei “hegada literario” bat ematekoa ere.

Zura eta ura 2

Orain dela lauzpabost urte ekin zion lanari. Miren Agur Meaberekin harremanetan jarri zen aurrena, eta beste idazle andana bat ere batu zen proiektura: Leire Bilbao, Unai Elorriaga, Itxaro Borda, Kirmen Uribe, Anjel Lertxundi, Arantxa Urretabizkaia eta Jokin de Pedro. Kostaldekoak bilatu zituen, nahita, “badituztelako ingurune horrekin lotutako bizipenak, eta urteekin landu dutelako portua eta kosta ikusteko forma”. Baina hurbilketa bakoitzak xehetasun bereziak ditu, halere. Esaterako, oroitzapenak, koloreak eta usainak txirikordatzen dira Meaberen prosa poetikoan, eta Bordaren pieza ere deskribapen bisual hutsetik harago doa; Elorriaga eta De Pedro fikzioa baliatuta gogoetatu dira portuez.

Begirada literarioa ez ezik, bestelakoak ere bildu ditu Mugertzak. Proiektuan parte hartu du, halaber, Jon Ruigomez Itsasmuseumeko zuzendariak, eta saiakera moduan eman du hausnarketa. “Enfasi handiagoa jartzen du ondarearen galeran”, azaldu du Mugertzak. “Esaten du gaurko portuak ezleku bihurtu direla, globalizazioaren ondorioz; nortasunik gabeko lekuak, aireportuak eta zentro komertzialak bezala”. Jesus Mari Lazkano pintoreak, berriz, portuko koloreen esanahiak xehatu ditu, eta azaldu euskal artistek nola irudikatu dituzten. Felipe Murelaga itsas arotz izandakoari elkarrizketa egin, eta Humberto Astibia irakaslearen ekarpena ere jaso du.

Testuok bere argazkiekin uztartu ditu Mugertzak. “Mikropaisaiak” dira: ez dituzte paisaia orokorrak islatzen, baizik eta detaileak, horiek interesatzen baitzaizkio. Koloreak, formak, eta, batez ere, testurak jaso ditu irudietan. “Azken batean, egurrak urteroko mantentze lana behar du, eta ikusten dugu geruza bat bestearen gainean; burdinan ere, testurak oso nabarmenak dira”. Era berean, ontzioletako paretak “mihise erakargarriak” dira, han egiten baitziren pintura probak. “Ikuspegi artistikotik begiratuta, baditugu hiru euskarri nagusi: zura, harria eta burdina. Eta, azkenik, ura ere bai, koloreak hartan islatzen baitira”.